Identitateaz

otsaila 25th, 2016 by No comments »

Azken hilabeteetako eztabaida gai handi bat bihurtu da identitatearen gaia, Euskal Herrian, bereziki ezker abertzalean edo haren inguruan. Estrategiaz mintzo diren batzuek diote ez daitekeela independentziaren alde biderik egin, euskal nortasunaren ardatza erdigunean ezartzen bada. Euskal Herriko herritarren gehiengoa ez da euskalduna, eta haiek eta abertzaleak ez direnak independentziaren ideiara biltzeko ez omen du balio euskararen gaia azpimarratzeak. Horrek kontrako eragina luke: independentziaren aldeko sostengu berririk ez lortzea. Hori ulertarazten digute, bederen, zenbait pentsalarik.

“Izateari utz diezaiogun, izaten hasteko”, “euskaldunak bere buruaz beste egin behar du” diote batzuek, euskaltasuna erdigunean ezartzea oztopo delakoan. Independentziaren aldeko babesa %85ekoa izatea nahi badugu, hobeki bizitzearen aldeko argudioarekin lan egin behar omen dugu, eta ez identitate parametroetan.

Eztabaida horrek bazterrak harrotzen ari ditu, sakonean. Bere burua espainiar edo frantses sentitzen duen batek uko eginen ote die estatu horiei, “hobeki bizitzeko” menturan? Argudio aski sendoa ote da “hobeki bizitzearena”? Zein berme daukagu hori baieztatzeko? Jende horrek ez badu bat egiten euskararekin eta euskal identitatearekin, bizi hobetzat joko ote du Euskal Herri independente eta euskaldun batean bizitzea? Euskaraz ikasi behar izatea?

Azken urteetan, euskararen aldeko jarrera ahuldu da Euskal Herriko gizartearen baitan. Gero eta ozenago entzuten dira euskararen kontrako kritikak, besteak beste EGA azterketaren kontrakoak (zailegia omen da), lanpostu publikoetan euskara eskatzearen kontrakoak… Kanpotik heldu direnek euskara ikasi behar ote dute? Ala nahi badute bakarrik (kontuan hartuz erdara nahi ala ez ikasi behar dutela)? Anitz dira (euskaldunak barne) horrek hautazkoa izan behar duela diotenak.

Eta testuinguru horretan, faktore kezkagarria da abertzaleek berek euskararen inguruko postura malgutzea, diskurtso ustez ireki horren izenean. Horrek euskara oraino ahulago bihurtzea baizik ez dakar. Eta mugimendu abertzalean zatiketa sor dezake. Beharbada abertzale ez den jende gutik bat eginen du independentismoarekin, nahiz eta hizkuntzari buruzko jarrera leundu. Segur da, ordea, euskara funtsezkotzat daukatenak urrunduko direla euskarari garrantzia kentzearen aldeko diskurtsoa duten taldeetatik.

Euskal Herriko gizartea bitan zatitua da. Baina ezker abertzalearen inguruko pentsalari batzuen analisiak ez ditu azalpen onak ematen. Orain zabaltzen ari den bertsioaren arabera, zatiketa horren eta independentismoaren ahuleziaren arrazoia da abertzaleek espainolen/frantsesen eta euskaldunen arteko lehiatik planteatu dutela beren estrategia. Eta hori txarra izan dela, eta horrela pentsatzen segitzea txarra dela urrunago joan nahi bada. Hori izan omen da azken 50 urteetako estrategiaren akatsa.

Garbiki mintza gaitezen. Azken 50 urteetan zatiketa sendotu bada eta independentziak eta euskarak jendea bereganatzea ez badute lortu, ez da planteamendu horrengatik izan, baizik eta Euskal Herriaren askatasunaren izenean ehunka lagun erail direlako ia mende erdi batez. Ez da hori arrazoi bakarra, bistan da. Espainiaren eta Frantziaren zapalkuntza gogorra ere aipatu behar da, eta estatu horiek eskura dituzten baliabide izugarriak jendea espainolago edo frantsesago sentitzeko. Baina bakoitzak bere ardurak: aitzineko estrategiaren akatsa ez da izan identitatearen azpimarratzea. Eta estrategia haren irakurketa makurretatik abiatuz ezin da sortu herri hau askeago eta euskaldunago sortuko duen estrategia bat.

Zein bilakaera?

otsaila 25th, 2016 by No comments »

Solairu askotako antolaketa dauka administrazioak Frantzian. Ipar Euskal Herriak ezagupena eta egitura propioa falta ditu antolaketa horretan. Azken urteetako herri mugimenduen xedea izan da Pirinio Atlantikoetatik eta, batzuen kasuan, Akitaniatik bereiztea eta lurralde antolaketa autonomo bat eskatzea. Lurralde kolektibitatea delakoak bere baitan izanen zuen ezagupen hori, hainbat eskumen eta botererekin batera.

Frantziako Gobernuak eskaera horri ezezko garbia eman ondoren, Pirinio Atlantikoetako Prefetak hainbat aukera utzi ditu mahai gainean, Ipar Euskal Herriko hautetsiek erabaki dezaten. Herri elkargoak nola antolatuko diren erabaki behar da orain. Frantziako lurralde antolaketaren bilakaeraren harira, erabaki hori hartu behar izanen zen, bestela ere. Ipar Euskal Herriko lurralde kolektibitatearen ideiak aurrera egin ala ez, mankomunitateen egitura aldatuko zen eta horri buruz erabaki beharko zen.

Mankomunitate bakarraren aldeko kanpaina darama Batera plataformak, eta ez dute horren aldeko hautua egin kostaldeko hirietako alkateek (Baionakoak salbu). Ororen buru, Prefetaren joko arauak onartu dira. Nahiz eta herritarrek ezin izanen duten zuzenean erabaki, hautetsien bidez erabakiko da zeharka. Mankomunitate bakarraren aukera ez bada nagusitzen, Frantziak erranen du orain ez dela kexatu behar, hori izan delako “erabaki duzuena”. Alderantziz, mankomunitatearen aukera nagusitzen bada, Frantziak berretsiko du hori izan dela hautetsien gehiengoak onartu duen egitura, bere muga guztiekin. Ez luke ulertuko erratea hori ez dela Ipar Euskal Herriak eskatzen duena.

Mugak aipatuta ere, azken finean, aukera historiko gisa aurkeztu da mankomunitate bakarraren ideia, azken hilabeteetan. Eskumenen eta boterearen gaia, aurrekontuarena eta gobernantzarena ez dira batere argi. Ipar Euskal Herriak segituko du Pirinio Atlantikoen eta Akitaniaren parte izaten. Solairu asko dituen antolaketak solairu bat gehiago izanen du, beraz. Eta ez du konponduko gutxiengo autonomia baten egarria.

Haatik, litekeena da azken urteetan lurralde kolektibitatearen alde mobilizatu diren hainbat hautetsi eta eragile sozioekonomiko konforme gelditzea egitura horrekin. Are gehiago egitura horren bilakaeraren baitan jartzen diren esperantzak ikusirik. Zein izanen dira benetako aukerak egitura horretatik erakunde autonomo bat sortzeko? Frantziak utziko al dio biderik? Eta hautetsiek berek zenbateko motibazioa izanen dute urrunago joateko eta indar-harreman bat hasteko, eskumen eta botere gehiagoren alde?

Zer gertatuko zatekeen, aldiz, Prefetaren proposamenari uko egin balitzaio? Batetik, hartuko zuen erabakia inposaketa bezala biziko zatekeen, eta beraz ez zukeen zilegitasunik herritarren eta hautetsien begietan. Zilegitasun aitortza hori gabe, autonomia faltak beste erreakzio bat piztuko zukeen: Frantziari eskatzea alferrik denez, Ipar Euskal Herriaren berezko ekintzailetasuna eta irudimena erabili, eta berezko erakundea sortu. Ikuspegi baikorra dutenek erranen dute mankomunitate bakar hori izanen dela autonomia horretarako abiapuntua. Ezkorrek erranen dute helmuga gisa biziko dutela askok, eta gutxienez hamarkada bat iraganen dela haren mugek sortuko duten frustrazioaz ohartu arte.

Euskal kulturaren oskorria

otsaila 25th, 2016 by No comments »

Ahantzezina izan zen Oskorri taldeak Baionan eman zuen azken kantaldia; eta ahantzezinak izanen dira, halaber, oraino emateko gelditzen zaizkionak. Errepertorio ezin egokiagoa, kalitate bikaina, kantaldi alaia, baina memento hunkigarriekin… Plazera, urte anitzen buruan berriz entzuteko eta ikusteko parada ukan baitugu. Hunkigarria, bagenekielako azken aldikoz entzuten ari ginela (Oskorrik zuzenean kantaturik) Furra Furra edo Euskal Herrian Euskaraz bezalako kantuak. Urteak aitzina doaz, eta denek badute bukaera…

Baina hortik harago, gogoeta sakonerako gaia utzi du mahai gainean Oskorriren despedidak. Goiz-argiko edo ilunabarreko zeru gorria erran nahi du “oskorri” hitzak (“goizeko oskorritik gaueko oskorriraino…” dio kantuak). Oskorri taldea gaueko oskorrira heldu da. Baina zerk ekarri ote du horretara? Garbi aipatu da azken urteetan anitz murriztu zitzaizkiela plazak, eta 80 eta 90eko hamarkadetako euskal talde ospetsuenetakoa ahanzturaren mugara erortzen ari zela.

Musika mota hori ez zelako gehiago modan? Euskal Herriko publikoaren axolagabekeriaz? Hain segur, ez bat eta ez bestea. Udazken honetan ematen ari diren kantaldietan garbi ageri da zer gaitasuna duten gela handiak betetzeko eta publikoa zoriontsu jartzeko. Gaur egun beste talde batzuk dabiltza plazaz plaza, beste estilo bateko musika entzuten da, beste egitura bateko kantaldiak antolatzen dira. Baina Oskorri taldeak bezala, belaunaldi guztietako jendea euskal talde baten inguruan biltzeak herri bati ematen dion indarra ere kontuan hartzekoa da. Eta halako taldeak ez dira anitz. Lauga gelan izan zen besta eta batasun giroa, euskal (euskarazko, bistan da) kulturaren eta euskararen duintasun agerraldi bat zen.

Euskal kulturaren ahulgunea erakunde politikoen babes falta da. Folk musika zenbateraino da moda kontu bat? Irlandako folka eta zeltiar musika, oro har, ikaragarri zabaldu dira azken hamarkadetan, eta presentzia handia izaten segitzen dute. Berezko indarrarengatik? Ez bakarrik. Irlandako gobernuak indar handia egiten du Irlandako talde batzuk munduan zehar promozionatzeko, eta horrela Irlandari ospea emateko. Euskal Herrian ez da halakorik. Oskorri ez ote da euskal musikaren erakusleiho egoki bat? Irlandak egin duena zergatik ezin du egin Eusko Jaurlaritzak, euskal kulturaren sustatzeko? Beharbada, Oskorrik babes instituzional hori izan balu, oraino segituko zuten beste zenbait urtez, eta Euskal Herriko plazetatik ere ez zen desagertuko azken urteetan. Bistan da, Oskorri bezala, beste taldeak ere babestu behar dira. Talde ez hain ezagunak ere airatzen lagundu behar dira.

Gauza bera da literaturarekin. Zenbateraino babesten dira euskal idazleak? Norvegiak 5 milioi biztanle ditu (Euskal Herriak baino 2 milioi gehiago bakarrik), eta hango gobernuak badauka politika bat idazle norvegiarren liburuak beste hizkuntzetara itzultzeko, Norvegiako literaturak itzala izan dezan mundu zabalean. Eta horrela, posible da Norvegiak nobelagileak edukitzea, eta bere literatura aberastea. Euskal Herrian, idazle bakar batzuk kenduta, nekez bizi daiteke literatura-sorkuntzatik, ez baitaukate horrelako babesik. Egia da sektore aktiboa dela, idazteko zaletasuna daukan jende anitz badagoelako. Baina ez dago baliabiderik literatura sendotzeko.

Bistan da, Irlandak eta Norvegiak badaukate zerbait Euskal Herriak ez daukana: Estatua. Euskara eta euskal kultura zinez laguntzeko eta indartzeko, estatu bat behar dugu. Baina baita ere kulturaren estrategikotasuna ulertzeko adimena.

Menperatuaren sintomak

otsaila 25th, 2016 by No comments »

Eusko Jaurlaritzak salaketa zehatza egin berri du. Euskal Autonomia Erkidegoak oraingo aurrekontuaren bikoitza izanen luke, legez behar lituzkeen eskumen guztiak eman balizkiote. 1979ko autonomia estatutua ez da hitzartu bezainbat garatu, eta ondorioz urtean 5.000 milioi euro gutxiago kudeatzen ditu. Eusko Jaurlaritzak eta EAJk erregularki egiten dituzte kexak Gernikako Estatutuaren garapen faltagatik. Mehatxu guti, ordea. Erakusten dutena da beren ahulezia eta gaitasun falta akordioak errespetarazteko. Erakusten dute, halaber, Madrilekin ez dela askatasunik posible, eta Espainiarekin izenpetzen diren hitzarmenek zein balio guti duten.

Alfons López Tena Kataluniako notario independentistak dio Kataluniak ez duela nehoiz lortuko independentzia, eta oraingo prozesu hau hutsean geldituko dela, hauteskundeetan aurkeztu direnek betikoa proposatzen dutelako, Espainiarekin negoziatzea. Ororen buru, zertarako? Espainia gaiztoa dela erakusteko, eta “gu, aldiz, txintxoak”. Katalanismoa ehun urte hauetan elikatzen da Espainiarekiko biktimismotik, López Tenaren arabera. Balio frantziskotarrak (apaltasuna, sinpletasuna) izatea leporatzen die politikariei, eta horrekin ez dela askatasunik lortzen, galtzaileen balioak direla.

Geroak erranen du iragarpen horretan huts egin duen ala ez, ea hautetsi horiek Kataluniaren independentzia aldarrikatzen duten ala ez. Duda horiek ez dira apaldu independentziaren aldekoek bozen %50 gainditu ez izanaren ondotik. Irailaren 27ko hauteskundeek nagusitasuna eman diote independentismoari, aulki kopuruan, baina postura deserosoan utzi ditu alde bakarreko independentzia aldarrikatzeko mementoari begira. Espainiak kanpaina gogorra egina zuen, eta baliabide anitz badu bere burua inposatzeko. Espainiarekin adostu nahi bada aterabidea, ez da aterabiderik izanen.

Aspaldi zuen EAJ erraten ari zela Kataluniako eta Euskal Herriko (barkatu, “Euskadiko”) egoera desberdinak direla. Haientzat independentzia ez dago agendan. Eta Kataluniako emaitzak ikusi ondoan, EAJk ez du eginen CiU-k egin duen bidea. Segituko du erraten Espainia zein gaiztoa den, baina Espainiatik bereizteko borondaterik gabe.

Alabaina, jarrera frantziskotar hori bete-betean bizi dugu Euskal Herrian. Itxuran bederen, ekintzaileagoa dela dirudi Ipar Euskal Herrian gertatzen denak. Hiri erkidego bakarraren aldeko apustua egiten dutenek itxaropena agertzen dute egitura horrek izan dezakeen bilakaeran. Bizkitartean, ez ote zaio gertatuko 1979ko estatutuari gertatu zaiona? Frantziak ez diola emanen orain batzuek espero duten botererik? Beraz, segituko dugu gure izaera frantziskotarrarekin: Frantzia zein gaiztoa den, nola ukatzen gaituen…

Hiri erkidego honen eztabaidan agertzen diren argudioetarik batzuk dira Ipar Euskal Herriak pisu bat izan behar duela Akitania handi horren erdian. Ez badugu hiri erkidego hori, irentsiak izanen garela. Eta baldin badugu, ez, ala? Norbaitek uste du horrela gutiago menperatuak izanen garela? Zergatik nahi dugu begiratu eskualde horretara? Zergatik jokatu horren arabera? Menperatzaileari begiratzen badiogu, eta kontuan hartuko gaituela espero badugu, betetzen ez den Gernikako Estatutuaren egoera bera biziko dugu.

Jende gehiagoren artean bilduz indartsuagoak garelako ustearekin, urteak daramatzagu aldarrikapenak epeltzen, Frantziatik hori bederen lortzeko esperantzan. Eta Frantziatik ez da sekula deus heldu, porroska batzuk ez badira. Eta horiekin bizi gara, menperaturik, baina menperatzaile gaiztoaren biktima garela salatzeko zilegitasunarekin kontent.

Frankismoaren jarraipena

otsaila 25th, 2016 by No comments »

Udan herriko bestak bazter guztietan, txupinazioa, herri bazkaria, dantzaldia, aperitifa… Euskal Herrian, beti bezala, zenbait ekitalditan presoak ekartzen dituzte gogora. Aurten, hainbat debeku edo debeku eskaera izan dira. Carlos Urkijo Espainaiko Gobernuaren ordezkariak eskatu du debekatzeko Bilboko bestetan egin beharra zen txokolatada bat. Zenbait egun lehenago, Tolosa ondoko Ibarra herriko txupinazoa debekatu zuten, “errepresaliatuen senide eta lagunek” bota beharra zutelako.

Biktimei eginen litzaiekeen irainaren edo minaren izenean ari dira. Irainik edo halakorik balego, egin ondoan epaitu beharko litzateke, ez aitzinetik debekatu. Bistan denez, biktimak aitzakia gisa erabiltzen dira; zinezko helburua da erakustea Hego Euskal Herria Espainiaren zangopean dagoela, biktima bakarrak ETArenak izan direla, Espainiako eta Frantziako indarrek ez dutela biktimarik eragin. Gaiztoak eta galtzaileak euskaldunak direla, eta kito.

Alabaina, aldi berean, Franco goraipatzen dutenek libreki segi dezakete horretan. Ez dira kenarazten frankisten omenezko karrika izenak edo estatuak; ez dira debekatzen frankismoarekiko nostalgikoen ekitaldiak. Ustez terrorismoa goraipatzeagatik, twitter erabiltzaile franko atxilotu izan dituzte. Baina euskaldunak mehatxatzen duten twitter erabiltzaileak? Ez, horiek bakean uzten dituzte. Euskal hedabide franko hetsi dute azken urteetan, baina Franco goraipatzeko sortua den webguneak baimen guztiak dauzka.

Begi bistakoa da arazoa ez dela etika arazo bat. Espainiak ez du ahalkerik erakusten frankismoagatik. Gaur egun Francoren alde ager daiteke, posible da frankismo garaiko hilketak gaitzetsi gabe politika egitea, eta ohoratua izatea. Baina, funtsean, espainiarrentzat garrantzitsuena Espainia eta espainiartasuna dira. Franco, diktadorea izanagatik, espainola zen eta Espainiaren batasunaren alde aritu zen.

Ez da, ez, etika arazo bat. Batzuen eta bertzeen krimenak mahai gainean ezarriz eta konparatzen hasiz, erran gabe doa frankismoarenak anitzez gehiago direla; gaur egun denak ez dira argituak, gainera. Ez da etika arazo bat, indar harreman arazo bat da. Ez da etorriko justiziarik Euskal Herria herri gisa ukatzen duen eta ukatu nahi duen Espainiatik; ez da etorriko bakerik Euskal Herria bere menpean baizik ikusi nahi ez duenaren partetik. Gauza bera erran daiteke Frantziari begira. Ez da sekula lortuko Frantzia eta Espainia arrazoitzerik. Indarkeriarekin ez da lortu, eta ez litzateke lortuko. Baina argudio sendoekin ere ez da lortuko.

Euskara ofiziala den euskal eremuetan, itxura aurrerakoiaren izenean, sozialistak etengabe ari dira euskarari eremua murriztu nahian, medikuntzan, administrazioan, irakaskuntzan… Orain diote EGA azterketa zailegia dela. Funtsean, logika beraren parte da jokaera hori: Euskal Herria espainiartzea. Horretarako, hizkuntza ahuldu behar du. Horiek ez dira Euskal Herriaren lagunak, horiek Espainiaren eskumakilak dira, frankismo garaian indartu zuten zapalkuntza iraunarazteko.

Euskal Herriak bere bidea egin behar du Frantziatik eta Espainiatik deus itxaron gabe, haiei deus galdegin gabe, haiei begiratu gabe. Segi dezagun eguneroko lanean, euskararen alde, gure ekonomiaren alde, gure egiturak sortzen, gure arteko lotura politikoak sortzen eta sendotzen… Argi bereiziz zeinek ikusten duen herri hau herri gisa, eta zeinen ustez den Espainiako edota Frantziako lurralde bat, non hiritarrek eskubideak dituzten hiritar gisa, baina Euskal Herriak ez duen eskubiderik, herri gisa.

Hiri erkidegoaren ahulgunea agerian

otsaila 25th, 2016 by No comments »

Angelu, Miarritze, Bokale eta Bidarteko auzapezek hiri erkidego bakarraz gain beste aukera batzuk aztertzea eskatzeak sortu duen zalapartak agerian uzten du Prefetak egin zuen proposamenaren ahulezia eta maltzurkeria. Prefetak modu itsusian baztertu zuen gehiengoak adostu zuen proposamena, lurralde kolektibitatearena. Horren ordez, beste proposamen batzuk egin zituen, eta zenbait eztabaidaren ondotik, batzuen postura onartu zen, hala nola hiri erkidego bakarraren alde egitea.

Duela urte bateko istorioak dira. Orduan berean duda batzuk agertu zituzten hainbat lagunek: egitura hori ez zela gobernatzen ahal, eskumenen aldetik ez zituela bermatzen lurralde kolektibitatearenak, ez zitekeela hain erraz makurtu prefetaren eskaintza pozoitura… Eta orain, iragar zitekeen bezala, auzapez batzuek beren dudak agertu dituzte. Hain zuzen, hiri handienetakoei ez zaie bidezkoa iruditzen egitura horren antolaketa, eta gobernaezina dela uste dute. Anitzek ez badute onartu nahi ere, eta auzapez horien kontra oldartu badira ere, erreakzio hori logikoa da.

Jean-Jacques Lasserrek berriki Berria egunkarian erran duena ere kontuan hartzekoa da: “Ez da lurralde elkargotik hurbil. Lurralde elkargoak anitzez botere gehiago du zerga sistema eta eskumenen aldetik. Ez da egia erratea hirialde elkargoan eskumenak automatikoki bilduko direla”. Are gehiago, ez luke departamendua ordezkatuko: “Departamenduak bere eskumenak atxiki ditzan borrokatzen ari naiz. Eta atxikiko ditu. Ez da konkurrentziarik. Departamenduak sozial arloko eskumenak ditu. Herriarteko egiturak ez. Ez du nehoiz lortuko departamenduak daukan zerga sistema”.

Batera-k dio NOTRe legeak aurreikusten duela 2020rako aldatuko dela gobernatze modua. Eskumenen gaiarekin ere itxaropentsu daude batzuk. Frantzia ezagututa, eta Lasserrek berak aitortzen badu, sinesgarria ote da pentsatzea bilakaera hain positiboa izanen duela egitura horrek?

Adostasuna bazegoen Lurralde Kolektibitatearekin. Prefetak desadostasunaren hazia erein zuen, egin zituen proposamenekin. Estrategia berri batekin Lurralde Kolektibitatearen alde segitzeko ordez, proposamen horiek onartu dira, eta horrela desadostasuna landare bihurtu da, Ipar Euskal Herriaren ezagupen aukera ttipiena arriskuan ezarriz. Prefetak bere helburua lortu du.

Azken urtean batzuek kritikatu dute lurralde kolektibitatearen alde “tematzea”, bide hori agortua zela ulertarazi nahiz bezala. Eta beraz, onartu behar zen, eskatzen zena baino anitzez maila apalagoko eta dudako etorkizuna izanen zuen egitura bat. Orain, egitura hori bera arriskuan dagoenean, sekulakoa galduko bagenu bezala erreakzionatu da. Eskaera baten ezetzaren ondotik, eskaera apalagoarekin konformatzeak eragiten du eskaera apalago horren defendatzaile sutsu bihurtzea. Eta gero, proposamen oraino apalagoa baikortzat jotzea?

Beharbada alderantzizko bidea egin beharko litzateke. Lurralde Kolektibitatearen ezezkoaren aitzinean, indarrak biltzen hasi are proiektu ausartago bati begira: independentziaz mintzatzen hasiz batetik, eta gure erakundeak eraikiz bestetik. Garbi da Frantziatik ukapena baizik ez dela jinen, deblauki izan edo mozorroturik izan. Eta prefetaren prosamenari bidea irekitzea gure zapalkuntzan sakontzea da, gure herriaren etorkizuna Frantziako estatuak zedarritzen dituen aukeretara mugatzea. Hesi horietatik ez daiteke askatasunik etor. Zergatik ez hasi Euskal Herriaren independentziaren proiektuaz gogoetatzen, Ipar Euskal Herritik ere, eta Ipar Euskal Herriko herritarrei euskal estatua irudikarazten?

Independentzia eta ongizatea

otsaila 25th, 2016 by No comments »

Azkenaldian eztabaida eta gogoeta handiak daude Euskal Herriaren independentziaren arrazoien eta helburuen inguruan. Batzuen ustez identitatearen eta hizkuntzaren gaia kendu behar da independentziaren aldeko kanpainatik. Ez omen da jendea argudio horiekin konbentzituko, alderantziz baizik (konbentzituak direnak jadanik konbentzituak omen direnez, konbentzituak ez diren horiei begira mintzo dira, bistan da). Jendearengana heltzeko, ongizatea aipatu behar dela aldarrikatzen dute ozen, hainbat lagunek. Zertarako euskal estatu bat? Ongizatea lortzeko.
Arriskua dauka biak kontrajartzeak. Garbi da ez litzatekeela euskal estatu baten aldeko aldarrikapenik, oinarrian ez balitz zapaldutako identitate baten arazorik. Madrildarren edo paristarren identitate bera bagenu, estaturik ez genuke eskatuko, ez eta ere ongizate hobe baten izenean.

Hobeki biziko ginateke gure estatu propioa bagenu? Sozialki edo ekonomikoki, boterea gure eskutan izanez gero, dudarik gabe. Beti izanen da norbait, ordea, kontrako argudioak ekarriko lituzkeena: gehiago kostako zaigula bizimaila duina lortzea, Estatu handi baten “babesik” gabe nekez erantzunen diegula zenbait beharrei, energetikoki guztiz dependenteak izanen garela eta abar.

Espainiako ekonomia kinka larria jasaten ari den garai honetan, badirudi aiseago izan daitekeela jendeak Espainiatik bereizi nahi izatea. 2008tik hona, ordea, halako asmoa duen jenderik ez da anitz hauteman Euskal Herrian. Espainiako oraingo politikarekin ados ez direnek Podemosen alde egin dute, ez Espainiatik ateratzearen alde. Eta ekonomiaren zikloa aldatzen bada, eta Espainiaren egoera hobetzen bada, Espainiatik apartatzearen aldeko argudioak ahulagoak izan daitezke.

Hobeki bizi nahi izatearen argudioari erantzun gaiztoagoak eginen dizkion jendea badago, ongizatea lotuz eskuineko argudioekin, elkartasun faltarekin, aberastasunak partekatu nahi ez izatearekin… Europako (are gehiago, munduko) beste leku batzuekin konparatuz, ongizate hobea duten herriak baldin badira ere, Euskal Herriko ongizate maila hain apala ote da? Euskal Herrian berean, zenbait lekutan bederen, franko burgestuta bizi gara. Eta beharbada burgesia maila hori lortu izanak ahultzen du independentzia gogoa.

Haatik, Euskal Herrian ere desorekak badaude, lurraldeen artean edota eskualde batean berean. Euskal estatu batek bermatuko luke aberatsen eta pobreen arteko oreka bat? Bi edo hiru etxe dituzten herritarrek onartuko lukete zerga gehiago ordaintzea nekez bizi direnak hobeki bizitzeko? Hauteskundeetan gertatu berri denak ematen ditu pistak erantzun bat aurkitzeko.
Ongizatearen argudioak oinarri sendoagoak izan ditzake, hain zuzen, independentziaren aldeko jarrera ahulena dagoen lekuetan. Haatik, segitzen bada pentsatzen independentzia EAErako izanen litzatekeela, kasu horretan ongizatearen argudioak ez luke hainbeste balioko estatu horretatik kanpo geldituko liratekeen Erriberarako edo Zuberorako, adibidez.

Azkenik, zer da ongizatea? Maila ekonomiko duin batean bizitzea bakarrik? Ongizatea aipatzen duten batzuek eta besteek ez diote erran-nahi bera ematen hitzari. Ongizatea da ingurumenari hainbeste kalte egiten dioten azpiegitura handien erdian bizitzea? Hainbeste autobide, hainbeste hondakin, kalitate txarreko janaria, laneko baldintza estresagarriak… Bizi-maila ekologikoagoa duen herri bat izanen genuke, estatu bagina? Horretan ere, aski da ikustea urtez urte zein indar politiko nagusitzen den hauteskundeetan, eta zein den haren politika.

Tresna-barrara saltatu