Archive for 2014(e)ko iraila

Eskoziako dezepzioa

iraila 26th, 2014

Euskal Herrian, askok urte anitz pasa dute Ipar Irlandara begira. Baina Eskozian izan dute independentzia eskura; eta Katalunia ere hurbiltzen ari da. Gaur egun, independentziaren bidean erreferente bihurtu direnak dira, hain zuzen, hamarkadetan zehar indarkeriarik erabili ez dutenak. Luzaz, erbiak apoarmatuari so egiten dion bezala begiratu zaie herrialde horiei, Euskal Herritik.

Euskal Herrian ez bezala, Eskozian erabaki ahal izan dute, ordea. Independentziari ezetz erran diote, haatik, zorigaitzez. Independentziaren aukerak galdu du, eta hori berri txarra da, Euskal Herriaren independentziaren aldekoen ikuspegitik, bederen. Hango ariketa demokratikoa txalotu dute askok, baina David Cameronen jokoa ez da hain garbia izan: epe ahal bezain laburrean onartu zuen erreferenduma, independentziaren aldekoek ez zezaten astirik izan jendea konbentzitzeko. Eta baiezkoa nagusitzeko aukera agertu zenean, azken uneko eskaintzekin etorri zen, aldi berean independentziaren “arriskuen” beldurra astinduz. Unionismoak anitzez baliabide gehiago zeukan, eta sostengu zabala nazioarteko erakundeetan. Baldintza eta baliabide desberdinak zituzten aldekoek eta kontrakoak, kanpaina egiteko; zinezko demokrazia izango litzateke biak karta joko berarekin ariko balira. Baina ez da horrela izan.

Eta Eskozian ez dute beste aukerarik izanen, hamarkada batzuk iragan arte gutxienez. Ia hogei urte iragan dira Quebec-en doi-doietarik galdu zutenetik, baina gero ez dute beste aukerarik izan, eta aukera hori ez dago agendan. Eta izango balitz ere, litekeena da ezezkoa berriz nagusitzea. Eta Eskozian baiezkoaren alde bozkatu dutenen artean, zenbat dira sutsuki independentzia nahi zutenak? Zenbat oraingo egoerarekin konformatuko direnak? Eta Euskal Herrian zenbat lirateke?

Hemen erreferendum bat antolatuko balitz ere, galtzeko arriskua legoke, karta joko desberdinekin jokatuko litzatekeelako. Beraz, alderdi politiko abertzaleetako arduradun batzuek erratean erabaki eskubidea dela “helmuga”, duda handi bat sortzen da: edo hitzak ez dira neurtzen, edo anbizio gutxi dago. Independentziaren aukerak galtzen badu, gustura egon behar genuke, gutxienez bozkatu ahal izan dugulako (edo zati batean bozkatu ahal izan dutelako)? Ez ote da aurreikusi behar zer frustrazio eragingo lukeen halako egoera batek?

Erabakitzeko aukera edukiz gero, irabazteko segurtasun osoarekin izan behar dugu. Baina landu dea lurra, independentziara begira? Azken hamabost urteetan gutxienez, bigarren planoan utzi da gai hori. Indar gehiena gastatu da gatazka armatutik nola atera ezin asmatuz, gatazkaren ondorioak kudeatuz eta – oraindik ere, eta luzerako – ezin konponduz. Presoen eta armagabatzearen gaiak daude batetik, urteetako gatazkaren ondorioz errotu diren herrak eta eta ezinikusiak bestetik.

Gaur egun zenbat daude prest independentziarako? Estatus berria ala estatu berria nahi dugu? 2014ko udazkenean, gauzak ez dira argi. Orduan, zer erabaki behar du herri honek? Azken urteetan ez da landu independentziaren proiektua, ez da lan egin jendea konbentzitzeko, ez da bilatu adostasuna eta batasuna, ez da garatu herriaren eraikuntza. Eraikuntzaren arloan, ildo ausart bat abiatu zen 1998an, baina berehala baztertu zen.

Teilatua eraikitzen bada oinarri sendorik gabe, eroriko da. Urteak galdu dira. Paradoxikoki, Espainiak erreferendumaren atea ez irekitzeko borondateak epea luzatzen du, independentziaren aldeko lana egiteko. Bitartean erabaki anitz har daitezke herri honetan, herriaren eraikuntzaren bidean eta herria euskalduntzean, dauzkagun erakunde eta tresnak horretara bideratuz.

(Berria-n argitaratua)

Estatugintza eta herrigintza

iraila 15th, 2014

Euskal Estatua, nolakoa eta nola lortu? Gogoeta berriak agertu dira azken aste eta hilabeteetan, eta zenbait eskema ere hausten ari dira. Gero eta gehiago hasi dira argiki erraten Ipar Euskal Herria ez dela nehoiz izanen euskal estatu baten parte. Ez bederen nazioarteko araudien araberako independentzia prozesu baten bidez. Beste bide batzuk bilatu beharko dira Zazpiak Bat ametsa bermatzeko.

Oraingoz, indar harreman aski handi bat izatekotan, EAEn legoke, eta horrek zabaldu du euskal estatua EAEra mugatzeko hipotesia. Hala ere, erreferendum bat eginen balitz, independentziaren aldekoek irabaziko ote lukete? Horretan ere duda handiak daude. Horregatik, batzuek proposatzen dute estatua lortzearen arrazoia ez izatea euskal nazioa edo nortasunaren gaia, baizik eta demokrazia. Hurbileko erabakiguneez gain, proiektu independentistak landu behar ditu ekonomia eta gizarte arloetako gai guztiak, euskal estatu batek eguneroko bizitzan zer hobe lezakeen erakusteko. Argudio berriekin lortu nahi da euskal nazioarekin identifikatzen ez direnak ere euskal estatuaren alde egotea. Zaila da pentsatzea bere burua espainiar edo frantses sentitzen duen batek estatu horretatik ateratzearen aldeko hautua egin lezakeela.

Kasu guztietan, nortasun gatazka ez da hain erraz ezabatuko. Gaur egun, hiru nazio sentimentu nagusi daude Euskal Herrian. Ezin da ukatu, halaber, hiru nazio sentimentu horietatik bi nagusitu direla indarrez eta mendeetako zapalkuntzaren ondorioz: gure nortasuna, hizkuntza eta kultura gutxietsiz, zokoratuz eta debekatuz; jazarpenaren bidez, batzuetan gerren bidez, kolonizatuz, beren nagusitasun militar, ekonomiko, politiko, administratibo, kultural eta komunikatiboaren bidez. Euskarak eta euskal nortasunak iraun badute, iraun dute beren indarrez. Eta gaur egun oraino baldin bada euskal estatu baterako gogoa, euskal nortasunak iraun duelako da. Bistan da gainerako arloak lantzea funtsezkoa dela estatu bat sortzeko. Baina ez dezagun ahantz nortasuna dagoela proiektuaren oinarrian: argudio hori kaltegarritzat jotzea eta bigarren planoan utzi edo baztertu behar dela erratea, nortasunaren borroka galdu dugula aitortzea bezala da.

Abertzaletasunaren izenean, azken mende erdian egin diren giza eskubideen urratzeei begirako autokritika egin beharko da, bai. Baina mendeetan zehar herri txiki baten deusezten ibili eta ibiltzen direnek ere aitortu beharko dute herri honi jasanarazi eta jasanarazten diotena. Eta onartu beharko da erreparazio historiko bat, gure hizkuntzaren, kulturaren eta nortasunaren alde. Hori ez bada egiten, ezin dugu adierazi hiru nazio sentimentu daudela Euskal Herrian, naturala balitz bezala. Eta gaur egun oraino nagusi diren bi naziotasun horiek segituko dute nagusi izaten; eta diskriminazio positiboaren bidez euskara nagusitzen bada, kexatuko dira.

Helburua ez da estatua lortzea, estatua lortzeagatik, baizik eta herri honek bizirik irautea, euskaldun gisa esistitzea. Hori bermatu ahal izateko nahi dugu estatua. Eta, hala ere, ez da aski izanen. Batetik, Espainiarekiko nortasun lotura sendoa izanen litzatekeelako. Bestetik, zazpi herrialdeak ez liratekeelako estatu horretako parte izanen. Nehor ez denean estatu, denen artean zerbait eraikitzea zaila da, baina egin daiteke – eta egin da azken hamarkadetan. Zati bat estatu bada, ongi pentsatu eta diseinatu beharko da beste zatiarekiko harremana; menperatuaren esku segitzen duena ez ahanzteko, eta harekin ere eraikitzeko herria. Ustezko pragmatismoak ez ditzala zapuztu azken urteetako ametsak eta proiektuak.

(Berria-n argitaratua)

Tresna-barrara saltatu