Archive for 2014(e)ko urria

Frantziaren beldurra eta lasaitasuna

urria 31st, 2014

Eskoziako erreferendumak kezkatu du Frantzia. Kezkatzen zuen Europa zaharreko estatu nagusietariko bat zatitzeak. Kezkatuta zegoen horrek Europan zer ondorio izanen zuen. Frantziak bere burua dauka eredutzat; estatu handi eta batuen aldekoa da, eta, beraz, herri txikien independentziaren aurkakoa, errotik. Eskoziaz anitz idatzi dute, baina, horren harira, baita beste herrialde gutxituez ere: Kataluniaz bereziki, eta pixka bat Euskal Herriaz, Korsikaz edota Bretainiaz.

Frantzia beldur zen Europarentzat, Erresuma Batuarentzat eta Espainiarentzat. Ez, ordea, bere buruarentzat. Frantziako “eskualdeek” Eskoziako bidea hartzeko “arriskurik” ez dago, Michel Feltin-Plas L’Express aldizkariko erredaktore buruaren eta Xavier Crettiez Versailles-eko unibertsitateko irakaslearen arabera. Modu desberdinean azaldu dute zergatik, baina emandako arrazoiak berak dira.

Estatu batzuek zapalkuntza bortitza erabili dute herri gutxitu batzuen kontra, Txinak Tibeten kontra bezala, Feltin-Plasen arabera. Alemaniak autonomia zabala utzi die bere eskualdeei, eta ondorioz eskualde horietan ez dago independentzia aldarrikapenik. Haatik, Feltin-Plasek dio eskualdeen errespetu horrek ez duela sistematikoki independentziarako grina apaltzen, Espainiari justu kontrakoa gertatu baitzaio, Kataluniarekin eta Euskal Herriarekin. Baieztapen horren oinarrian diagnosia faltsu bat dago, Frantziak beti egiten duena: Espainia biziki esku zabala omen da bere autonomiekin. Gezur batetik abiatuz, nekez egin daiteke egoeraren irakurketa zuzen bat.

Feltin-Plasek eta Crettiezek, aldiz, diagnosia arras ona egin dute Frantziaren politikari dagokionez. Lehenak kritikatzen du, bigarrenak ez. Frantziak zazpi egin ahalak egin ditu “batasuna” lortzeko. Horretarako, eskualdeetako edo herri menperatuetako hizkuntza eta kulturak suntsitzeko lan handia egin du. Bi mendez, ez die hatsik hartzen utzi hizkuntza gutxituei. Hizkuntzen ofizialtasunik ez, autonomia izpirik ez. Ordainez, euskaldun, okzitaniar, korsikar, bretaindar, alsaziar edota katalan izatearen lotsa errotu du herritar haien artean. Horrez gain, denak batera jarri zituen XIX. mendeko gerra batean eta XX. mendeko beste hirutan, Frantziaren alde. Aldi berean, denak Parisera begira jarri ditu. Crettiezek irudi bat dakar jakobinismo eta zentralismo horren erakusle: beste estatuetako tren eta errepide sarea izar askotakoa da; Frantziakoak zentro bakarra dauka, Paris.

Frantzia harro dago estatu sendoa eraiki duelako, aniztasunaren kaltetan baldin bada ere. Frantziak ahul ikusten ditu bere baitako mugimendu independentistak edo autonomistak. Eta horrek pozten du. XXI. mendean ere, estatu uniforme baten aldarrikapenak indarra dauka Parisen. Eta ikusi dutenean zer gertatu den Erresuma Batuan eta zenbat kezka dauzkan Espainiak, pentsatu dute behar bezalako politika eraman dutela.

Frantzia estatu kolonialista bat da, bere geneetan. Afrika deskolonizatu zen, baina Frantziak jarraitzen du eragin handia edukitzen han. “Frantzia metropoliarrean”, aldiz, ez du uste kolonizatzailea denik. Jarrera bera da, ordea. Manuel Valls edo beste bat izan, Parisen agintzen dutenek beti tinko eutsiko diote Frantzia uniformearen proiektuari.

Frantzia desorekatzeko adinako indarrik ez dago, egia da. Baina azken hamarkadetan lan handia egin da, Euskal Herrian eta Korsikan bederen, heriotik salbatzeko, Frantziaren oztopoen gainetik. Etorkizunean berdin izanen da: Paristik trabak, eta Euskal Herriak berak egin beharko du bere bidea.

Prefetak atea ireki du?

urria 10th, 2014

Udazken erabakigarria da Ipar Euskal Herrian. Zer erantzun eman Pirinio Atlantikoetako Prefetaren proposamenei? Lurralde kolektibitatearen aukera baztertu zuen eta, horren ordez, Ipar Euskal Herriko udalak bilduko lituzkeen hiri erkidego handi baten aukera aipatu. Hiri erkidego hori ez da urteetan zehar eskatu dena, ordea. Lurralde kolektibitatearen aldarrikapenak inoizko babes zabalena lortua zuen, ezkerreko alderdietatik eskuinekoetara, abertzaleetatik frantsesetara, eta gizarteko sektore guztietan. Lurralde kolektibitate horrek Ipar Euskal Herriari lurraldetasun ezagupena, eskumen zabalak eta aurrekontua emango lizkioke. Ipar Euskal Herriak etxeko lanak eginak zituen; ongi eginak, gainera! Prefetak hori ukatzea eta beste lan bat eginaraztea ikaragarriko mespretxua da. Eta lan horretan hastea menderatzailearen arauetara makurtzea da.

Delako hiri erkidegoak Ipar Euskal Herriaren lurraldetasuna errespetatuko luke; eskumen batzuk ere edukiko lituzke. Lurraldetasunak zer berme izanen du, ordea? Nork erran etorkizunean ez dela erabakiko Biarnoko edo Landetako herri batzuk gehitzea? Eta eskumenak nekez izanen dira lurralde kolektibitatearentzat eskatzen diren guztiak, batzuk estatuarenak baitira eta Garapen Kontseiluak finkatutakoak ez baitira aipatzen. Are gehiago, erakunde horretako zuzendaritza ez litzateke sufragio unibertsal bidez hautatuko: udal bakoitzak ordezkaritza bat edukiko luke. 258 ordezkari dituen ganbera bat? Gehienak auzapezak, udalen kudeaketarako izendatuak izan direnak, ez lurralde erkidego zabal bateko eskumenak kudeatzeko.

Demokrazia gabeziaz eta kudeaketa zailaz gain, hiri erkidego hori sortuko balitz, orain dauden herri elkargoak desagertu beharko lirateke. Herri elkargo handiagoak egitea da Frantziaren asmoa, hurrengo urteei begira. Horrek berak kezka handiak sortzen ditu Nafarroa Beherean bereziki. Pentsa, Ipar Euskal Herri osoko eskalako hiri erkidego bihurtu behar balira! Hiri erkidego horren arriskua da, egindako eskaera bati ez erantzuteaz eta arazo hori ez konpontzeaz aparte, arazo bat gehiago sortzea.

Batzuek diote deus baino hobe izanen dela hiri erkidego hori onartzea. Edukiz beteko litzatekeela gero, lanerako abiapuntu bat izango litzatekeela. Duela hogei bat urte Garapen Kontseilua eta Hautetsien Kontseilua sortu zituztenean, abertzaleek salatu zuten oskol huts bat zirela. Hala ere, parte hartu zuten. Alde on bat izan zuten egitura haiek: Iparraldeko joera politiko guztietako jendea, sektore guztietakoa eta eskualde ezberdinetakoa elkarrekin lanean jarri zituztela, proiektuak lantzeko. Politika egiteko modu berri bat sortu zen. Bestetik, ordea, mugak berehala agerian gelditu ziren: proiektuak bazeuden, baina botererik eta eskumenik ez proiektuak aurrera eramateko; beti Frantziako Estatuarekin negoziatu behar… Muga horien ondorioz eta elkarrekin lan egiten ikasteari esker, Lurralde Kolektibitatearen, hots, autonomiaren aldeko adostasun zabala lortu zen; duela hogei urte ez zegoena.

Orain, prefetak ate bat ireki duela diote batzuek, eta aukera baliatu behar dela. Hiri erkidegoari buruz joan nahi dutenak dira UMPkoak, Modem-ekoak, EAJkoak… eta baita Sortuko zenbait ere. Ez al dugu ikasi duela hogei urteko esperientziatik? Hain laster apaldu behar al dira besoak? Uste ote dute Frantziako gobernua ezin daitekeela gehiago estutu? Ezin dela negoziatu? Prefetari amen errateko bezain ahul ikusten ote da Lurralde Kolektibitatearen aldarrikapena? Salako atea itxi du prefetak. Horren ordez, soto ilun, hotz eta hezeko atea ireki du. Iparraldeak ez du hori nahi, eta Frantziako gobernuaren noraeza ikusiz, ez da prefetari arrazoi emateko unea.

(Berria-n argitaratua)

Xilaba, hitzaren alaba

urria 6th, 2014

Txapelketa baino zerbait gehiago da Xilaba. Ipar Euskal Herriko bertsolari txapelketa hitzaren besta da, gure hizkuntzaz plazer hartzeko tenorea, euskararen eta euskal kulturaren inguruan biltzeko hitzordua. Jakin-mina pizten du, jendea erakartzen du, eta hori baikorra da Euskal Herriko eremu gero eta ahantziagoarentzat, eta, nolaz ez, euskararentzat.

Gainerakoa, bigarren mailakoa da. Izanen da txapeldun bat, izanen da txapeldunorde bat, izanen da buruz burukoaren atean geldituko den bat, edo gutigatik finalera sartu ez den bat. Eta, bistan denez, izanen dira sailkapenarekin gustura ez dauden zaleak. Ez da futbola, ez eta ere pilota, eta beraz bertsolari bakoitzak ukanen duen puntuazioaren inguruan egunak eta egunak eztabaida daiteke. Baina pena litzateke polemikak gaina hartzea. Epaimahaikideei parte hartzeko gogoa kentzeaz aparte, bertsolari batzuk ere mindu daitezke, eta giroa, oro har, txartu.

Beste gisan nekez betetzen dira plazak, zorigaitzez. Kontuan hartu behar da hori, bistan da. Jendea bertsoaren inguruan bil dadin, txapelketa antolatu behar bada, antola bedi txapelketa. Kinielak egiteko edo zalaparta eta kalapita pizteko bada, balio ote du?

(Ipar Euskal Herriko Hitza-n argitaratua)

Tresna-barrara saltatu