Archive for 2014(e)ko abendua

Apaingarri hutsa?

abendua 15th, 2014

Duela 25-40 urte, Frantziak, frantsesek eta Ipar Euskal Herriko euskaldun andana batek euskara gutxiesten zutenean, euskararen aldarrikapena gaitzesten eta kriminalizatzen zutenean, euskarak bazituen bere gune elebakarrak. Kantaldietan biltzen zen jendearentzat, adibidez, guztiz naturala zen kantariek euskara hutsez egitea bi kantuen arteko aurkezpenak.

Berriki, bertso saio bat iragartzeko afixa elebidunaren harira agertu da mezu kate bat Twitterren. Zertarako eman informazioa frantsesez ere? Nor erakartzeko? Kontua da euskaldunek ez dutela nehor “baztertu” behar. Hori omen da orain zabaltzen ari den ideia.

Orain, Ipar Euskal Herriko kantaldi anitzetan, kantari franko entzuten da aurkezpenak euskaraz eta frantsesez egiten (maiz, frantsesa nagusituz). Berdin du kantaldia ikastola baten alde eta Lapurdi barnealdean bada ere. Entzuleen artean ba omen dira euskara ulertzen ez dutenak, eta aurkezpen horiek egiten dituzte, haiek ere jakin dezaten kantu bakoitza zertaz den. Lehen ere baziren euskararik ez zekiten entzuleak, baina ulertzen zuten euskarak bere eremuak behar zituela. Militante euskaltzaleak ziren, besteak beste ikastolako gurasoak edota AEKko ikasleak.

Gaur egun, entzule batzuek eta ekitaldien antolatzaile batzuek kantariei eskatzen diete aurkezpenak frantsesez (ere) egin ditzaten, bestela “baztertuak” sentitzen direlako. Euskara onesten dute; orain ez da politikoki zuzena euskara gaitzestea. Irekidura horren seinale da euskarazko kultura produktuak kontsumitzea. Bai, baina produktu horien frantsesezko bertsioa eskaintzekotan. Exijentzia berak dituzte kantari ingeles bat datorrenean?

Euskarari zein balio eta zein eskubide aitortzen diote, orduan, berek ez badute indar bat egin nahi hizkuntzara hurbiltzeko? Ez ote dira ohartzen nola mespretxatzen dituzten kultura adierazpena euskaraz egiten dutenak? Gaiztoak eta itxiak, euskaldunak, erdaldunei atea ixteagatik! Jende horiek ez dute nahi euskararen garapenik. Euskal kolore pixka bat nahi dute, “eskualde” kulturetara “irekiak” direla sinetsarazteko. Baina, funtsean, euskara ez zaie anitz axola.
Frantzia uniformizatzailearen logika da bere baitako “aniztasuna” onartzen duela erakustea. XIX. mendean euskara indartsu zenean, nekez jo zezaketen haren kontra, basak bezala. Frantzia mosaiko bat zela irudikatu nahi zuten, euskara Frantziaren ondarea zela sinetsaraziz. Gero, euskara aski ahultzea lortu zutelarik, erabat zapaldu zuten. Orain, euskararen aldekotasuna indartu denean, mosaikoaren irudia berriz ari da azaleratzen. XIX. mendean nola, euskal kolorea aberastasun modura onartzen balute bezala ari dira. Baina euskarari eta euskal kulturari bere gune elebakarrak ukatuz, frantsesaren eskubideak nagusi direla ulertarazi nahi dute. Eta euskara ez dela beharrezkoa komunikaziorako.

Mosaiko horren eraikuntzan, funtsezko osagai bat da azkenaldian Euskal Herriko merkatu berrietara zabaldu den “Euskal Herriko ahotsa”. Euskal kolorearen izenean, fama Frantzian egin du, “Hegoak (Les ailes)” eta “Xalbadorren heriotzean” kantatuz, “Il est un coin de France”-ekin batera, komunikazio osoa frantsesez eginez. Frantziako ereserkia ere kantatu zuen Frantziako errugbiko finalean. Horrelakoak baliatzen ditu Frantziak bere burua garbitzeko, euskal kultura edukiz husteko eta euskal nortasuna xurgatzeko.

Euskal kultura kanpora zabaltzea gauza ona da, bistan da. Baina oinarri sendoak dituena; ez euskal nortasunaz baliatu nahi duena euskara eta euskal kultura gehiago itotzeko, apaingarri soil gisa erabiliz.

Guraizeak eta oihala

abendua 1st, 2014

“Guraiziakin bereizi arren bakoitza bere aldetik, ezagutzen da jantzi direla zazpiak oihal batetik” idatzi zuen Pedro Mari Otañok. Oihalak ehunduko dituzte 2015eko ekainaren 20an, erabakitzeko eskubidearen alde. Eta orratzak bezala zast egin dio bihotzean hainbat laguni, ikustean “hiriburuz hiriburu” egingo den ekitaldiak Iruñea, Donostia, Bilbo eta Gasteizen izango direla. Maulen, Donibane Garazin eta Baionan ez dute erabaki nahi? Ez dute erabakitzeko eskubidea merezi?

Badira zenbait urte, Bidasoako urak handitzen ari direla. Batasuna beti zaila izan da, baina beti egin dira ahaleginak, bereziki indarrak biltzea helburu duten proiektu sinboliko, handi eta ederretan. Azken urteetan, instituzioen pisuak elkarrengandik urrundu ditu hiru eremu administratiboak, hurbildu eta batu beharrean. Eta urruntze horren ondorioak nabaritzen dira herri mugimenduetatik sortutako proiektuetan ere. Eta nola ez, gizartean.

Horrek are gehiago zailtzen du, berez zaila dena: Hegoaldean pentsatutako ekimen batek Iparraldekoen inplikazioa lortzea; nekez sor daitezke herri batzordeak espontaneoki. Giza katea Ipar Euskal Herritik ez pasatzeak izan zezakeen azalpen geografiko edo fisiko bat. Oraingoan, traba hori ez dago. Herri honek badu behar gorria proiektu politiko batu bat edukitzeko, erritmoak erritmo. Ekainaren 20ko ekitaldi sinbolikoa bezalakoak aukera bikainak dira zazpiak herri bakarreko parte garela sentitzeko.

Amets kolektibotik harago, Ipar Euskal Herriaren erakundetze aldarrikapenak jasaten dituen oztopoen aurrean, Hego Euskal Herriarekin batera sor daitezkeen ekimenak arnasgune berriak izan daitezke. Nahasmendu franko handia dago hilabete hauetan, lurralde kolektibitatearen eta Pirinio Atlantikoetako prefetaren proposamenen inguruan. Babes hain zabala zuen eskaerari uko egin dio Frantziak, eta hori lortzeko etorkizunerako estrategiak marraztu gabe daude. Adostasuna lortzea bera ere kostatzen ari da.

Eztabaida daiteke Lurralde Kolektibitatearen gaia erreferendum bidez trenkatu behar den, ala Frantziako Gobernuak gehiagokorik gabe onartu behar duen: Frantziako Iraultzan zuzen-kontra kendu zieten autonomia Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoari, eta orain zergatik behar litzateke bozkatu, Iparraldeari badagokion eskubide bat berreskuratzeko? Dena den, Iparraldeko herritarren artean, askok nahi dute gai horretaz erabaki. Beraz, ez dago arrazoirik Iparraldea baztertzeko ekainaren 20ko ekitalditik. Eta ez luke asko balio izanen maiatzean iratzartzeak, ekainaren 20ari begirako kanpainako ekitaldi xume bat antolatuz, Ipar Euskal Herriaren presentzia sinbolikoa dagoela errateko.

Nork, noiz, non, nola eta zergatik erabaki du, garai berri hauetan, Ipar Euskal Herria aparte uztea? Galdera ez zaio zuzentzen Gure Esku Dago-ri bakarrik. Garaien arabera, Hegoaldeko mugimenduak erabaki nahi izan du Iparraldean zer egin zitekeen edo ez: 70-80ko hamarkadetan bazterrak lasai, errefuxiatuak babestu behar zirelako; 90eko hamarkada bukaeran, estrategia nazional zentralizatuak; orain, bakoitza bere aldetik, guztiz bereizirik. Ipar Euskal Herriko mugimenduak aitzina segitu du beti, baina bere aldetik; eta nazio kontuetan, izan ote du hitza eta erabakia? Kontuan hartzen ote da bere lekua?

Azkenaldian suma daiteke estrategia aldaketa bat lurraldetasunari begira. Baina ez da ulertzen nola egin den aldaketa hori. Ez da eztabaidatu, ez da komunikatu. Eta oraindik ere ez du nehork garbi erran. Ekintzek hala erakusten dute, ordea. Iparraldean badago mobilizaziorako gaitasuna, herri ekimen dinamikoei esker. Harremanak josi behar dira haiekin; sarea ehundu.

Tresna-barrara saltatu