Guraizeak eta oihala

abendua 1st, 2014 by Leave a reply »

“Guraiziakin bereizi arren bakoitza bere aldetik, ezagutzen da jantzi direla zazpiak oihal batetik” idatzi zuen Pedro Mari Otañok. Oihalak ehunduko dituzte 2015eko ekainaren 20an, erabakitzeko eskubidearen alde. Eta orratzak bezala zast egin dio bihotzean hainbat laguni, ikustean “hiriburuz hiriburu” egingo den ekitaldiak Iruñea, Donostia, Bilbo eta Gasteizen izango direla. Maulen, Donibane Garazin eta Baionan ez dute erabaki nahi? Ez dute erabakitzeko eskubidea merezi?

Badira zenbait urte, Bidasoako urak handitzen ari direla. Batasuna beti zaila izan da, baina beti egin dira ahaleginak, bereziki indarrak biltzea helburu duten proiektu sinboliko, handi eta ederretan. Azken urteetan, instituzioen pisuak elkarrengandik urrundu ditu hiru eremu administratiboak, hurbildu eta batu beharrean. Eta urruntze horren ondorioak nabaritzen dira herri mugimenduetatik sortutako proiektuetan ere. Eta nola ez, gizartean.

Horrek are gehiago zailtzen du, berez zaila dena: Hegoaldean pentsatutako ekimen batek Iparraldekoen inplikazioa lortzea; nekez sor daitezke herri batzordeak espontaneoki. Giza katea Ipar Euskal Herritik ez pasatzeak izan zezakeen azalpen geografiko edo fisiko bat. Oraingoan, traba hori ez dago. Herri honek badu behar gorria proiektu politiko batu bat edukitzeko, erritmoak erritmo. Ekainaren 20ko ekitaldi sinbolikoa bezalakoak aukera bikainak dira zazpiak herri bakarreko parte garela sentitzeko.

Amets kolektibotik harago, Ipar Euskal Herriaren erakundetze aldarrikapenak jasaten dituen oztopoen aurrean, Hego Euskal Herriarekin batera sor daitezkeen ekimenak arnasgune berriak izan daitezke. Nahasmendu franko handia dago hilabete hauetan, lurralde kolektibitatearen eta Pirinio Atlantikoetako prefetaren proposamenen inguruan. Babes hain zabala zuen eskaerari uko egin dio Frantziak, eta hori lortzeko etorkizunerako estrategiak marraztu gabe daude. Adostasuna lortzea bera ere kostatzen ari da.

Eztabaida daiteke Lurralde Kolektibitatearen gaia erreferendum bidez trenkatu behar den, ala Frantziako Gobernuak gehiagokorik gabe onartu behar duen: Frantziako Iraultzan zuzen-kontra kendu zieten autonomia Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoari, eta orain zergatik behar litzateke bozkatu, Iparraldeari badagokion eskubide bat berreskuratzeko? Dena den, Iparraldeko herritarren artean, askok nahi dute gai horretaz erabaki. Beraz, ez dago arrazoirik Iparraldea baztertzeko ekainaren 20ko ekitalditik. Eta ez luke asko balio izanen maiatzean iratzartzeak, ekainaren 20ari begirako kanpainako ekitaldi xume bat antolatuz, Ipar Euskal Herriaren presentzia sinbolikoa dagoela errateko.

Nork, noiz, non, nola eta zergatik erabaki du, garai berri hauetan, Ipar Euskal Herria aparte uztea? Galdera ez zaio zuzentzen Gure Esku Dago-ri bakarrik. Garaien arabera, Hegoaldeko mugimenduak erabaki nahi izan du Iparraldean zer egin zitekeen edo ez: 70-80ko hamarkadetan bazterrak lasai, errefuxiatuak babestu behar zirelako; 90eko hamarkada bukaeran, estrategia nazional zentralizatuak; orain, bakoitza bere aldetik, guztiz bereizirik. Ipar Euskal Herriko mugimenduak aitzina segitu du beti, baina bere aldetik; eta nazio kontuetan, izan ote du hitza eta erabakia? Kontuan hartzen ote da bere lekua?

Azkenaldian suma daiteke estrategia aldaketa bat lurraldetasunari begira. Baina ez da ulertzen nola egin den aldaketa hori. Ez da eztabaidatu, ez da komunikatu. Eta oraindik ere ez du nehork garbi erran. Ekintzek hala erakusten dute, ordea. Iparraldean badago mobilizaziorako gaitasuna, herri ekimen dinamikoei esker. Harremanak josi behar dira haiekin; sarea ehundu.

Advertisement

Utzi erantzuna

Tresna-barrara saltatu