Archive for 2015(e)ko otsaila

Nork lapurtu dizkit 1.200 euro?

otsaila 18th, 2015

Gerta dakiguke norbaitek 50 euroko billete bat lapurtzea, gure begien aurrean edo gu ohartu gabe.  Horrelakoetan haserretu ohi gara, nola ez. Egun hauetan, ordea, HSBC bankuaren inguruko zalapartaren harira, iruzur fiskalari buruzko datu batzuk plazaratu dituzte.

Urtero 60.000 milioi eta 80.000 milioi eurok ihes egiten omen dute Frantziatik. Hots, biztanleko 900 eta 1.200 euro bitartean (Euskal Herriko iruzur fiskala biztanleko 400-600 euro bitartekoa da, publiko egindako datu bakar eta partzialetan fidatzen bagara).

Zergekin bildutako diruarekin egiten dena aparte utzita, garbi dagoena da batzuek ordaintzen ez duten hori, besteon bizkar dagoela, jatetxera doan lagun taldeko batek bere afaria ordaintzen ez duenean bezala. Zergak Frantziari ordaintzea egokitzen zaigunoi, 1.200 euro lapurtzen dizkigute urtean.

Zuk ingelesez, guk zergatik ez?

otsaila 5th, 2015

Kanpoko sorkuntzatik ere edan du euskal kulturak. Inspirazio iturri izan dira, adibidez, Ingalaterrako eta AEBetako folka, rock-a edota punk-a. Baina, hamarkada anitzetan zehar, euskal artistek erakutsi dute euskaraz kanta daitekeela genero horietan, ez dela ingelesera jo beharrik. Joera berri bat ageri da, ordea, azken urteetan, musikari gazteen artean: gero eta gehiagok ingelesez kantatzeko hautua egin dute.

Hari mutur asko eskaintzen ditu Ion Andoni Del Amoren doktore tesi interesgarriak. Besteak beste, ingelesez kantatzearen kontu hori ere aipatzen du. Ingelesa lehenesten duen talde batek aipatu dio bere ikusmoldea: euskarazko hitzak idatziz, askoz “biluziago” sentitzen omen da, eta ingelesez kantatzean ez omen zaio iruditzen bere buruaz ari dela. Beste batzuek diote errazago zaiela ingelesezko kantuak idaztea, silaba gutxiagoko hitzak dauzkalako, euskararekin konparatuz. Halaber, hainbatek aipatu dituzte euskal musikaren “ajeak”: euskarazko kantuek maila literario jasoa behar omen dute beti; eta baita mezu politikoa ere (nahiz eta leloak musikatzera mugatu, zenbaitek diotenaren arabera). Non bukatzen da egia? Non hasten dira topikoak? Argi dagoena da gogoeta sakon anitz eta hausnarketarako gaia eskaintzen duela lan horrek.

Aldi berean, euskal musikaren presentzia anitz apaldu da irratietan eta, bereziki, tabernetan. Jendeak “ongi pasa” nahi omen du, eta “ongi pasatzeko” biderik ez bide du eskaintzen euskarazko musikak. Eta horrela zabaldu da reggaeton estiloa, Karidadeko Benta taldearen Belaunaldia kantuak bikainki azaltzen duen bilakaeraren sinbolo gisa. Eta musika horrekin, bereziki espainola da gure artean nagusitzen den hizkuntza. Berriz ere.

Ingelesezkoek prestigio gehiago ematen dutelakoan eta espainolezkoak alaiagoak direlakoan, euskara bi hizkuntza hegemonikoren biktima da. Oraino ere. Europa iparraldeko estatuak ere kezkatzen hasiak dira, gero eta zailagoa delako bertako hizkuntzetan kantatzen duten taldeak aurkitzea. Euskal Herria ez da horretara heldu, oraino. Baina ez dirudi bide onetik dabilenik.

Bakoitza libre da nahi duen hizkuntzan kantatzeko, eta nahi duen musika entzuteko. Bistan da. Baina hizkuntza horiek, diren bi horiek direlako, euskararentzat mehatxu bihur daitezke, laster. Ingelesa ez da euskararen zuzeneko mehatxua, baina Euskal Herrian ez ditu hainbeste espainola eta frantsesa ahultzen, bai, ordea, euskara, jadanik minorizatua delako.

Gertatzen dena da, Del Amoren tesian agertzen den bezala, anitzentzat gatazka “bukatua” dela eta beraz, euskaraz eta politikaz kantatzeko edo entzuteko “behar” edo “presio” hori ere desagertu dela. Halaber, euskara – Gipuzkoan eta Bizkaian bereziki – normalizatu da: ofiziala da, ez da aldarrikatzeko beharrik sentitzen… Ikastolako hizkuntza da, baina ez lagun-artekoa, ez dibertitzekoa, ez kultura kontsumitzekoa…

Euskara baztertu duten euskaldun horiei leporatu behar ote zaie? Berriz ere solas zaharra dator gurera: zibilizatua izan nahi bazen, euskara ukatu behar zen, frantsesaren edo espainolaren mesedetan. Orain ere ez ote gara antzeko zerbait bizitzen ari, euskal kultura gutxietsiz eta ingelesa goratuz, espainola eta frantsesa entzuten ditugun bitartean?

Gure kulturak ez du besteenak baino gutxiago balio. Zabaltzeko baliabide gutxiago dauzka. Hori da arazoa. Boterea ez dauka herri honek; estatuek eta multinazionalek daukate.

Horregatik da zapaldua gure hizkuntza, eta oraino ere sinetsarazten digute ez digula balio mundu honetan zerbait lortzeko.

Berria-n argitaratua

Min aringarria

otsaila 5th, 2015

Hendaiako Gure Ikastola, Beskoitzeko ikastola, Ziburuko Kaxkarotenia ikastola… 2015ean, oraino, zenbat buruko min euskaraz normaltasunez ikasi ahal izateko? Uztaritzeko Herriko Etxeak euskara ofizial izatea erabaki, eta auzitegira! Baina agintariak hor daude gu lasaitzeko: Seaskak baditu laguntzak, badauka akordioa Frantziako Hezkuntzarekin, hor daukagu Euskararen Erakunde Publikoa…

Bai, baina euskarari oztopoak ezartzen zaizkio gaur egun ere, eta Frantziako Estatuarekin dauden hitzarmenek edota Euskararen Erakunde Publikoak ez daukate indarrik oztopo horiek behin betiko ezabatzeko. Frantziak euskara desertuan bizitzera kondenatu zuen aspaldi; eta egarriz hiltzekotan zegoen unean, euskaldun batzuk oldartu ziren. Orduan, ur tanta bat eskaini zion Frantziak, ezpainak bustitzeko doia. Batzuek uste izan zuten, beharbada, ur xorta hori oasi bat zela, eta gero ura eta janaria ausarki emanen zizkigutela. Baina hurrupa horrekin konformatu behar; Frantziak hori erabiltzen du aitzakia gisa, euskararekiko daukan zorra kitatu duela sinetsarazteko.

Hiltzen ari denaren mina arintzeko neurriak dira laguntza horiek; ez dago eria salbatzea helburu duen zinezko politikarik. Eta ez badago horretarako politikarik, funtsezko arrazoia argi eta garbi da: eria hil dadin nahi da; eztiki, baina hil dadila. Frantziak mendeak daramatza bere nagusitasuna inposatu beharrez, eta horretarako menpean hartu dituen hizkuntzak suntsitu nahi ditu.

Erabili duen eta erabiltzen duen taktika nagusia da, hizkuntzaren eskubide kolektibo guztiak ukatzeaz gainera, sinetsaraztea euskarak ez duela ezertarako balio. Eta behin euskaldunek sinetsi zutenean euskarari uko egin behar zitzaiola mundu honetan zerbait lortzeko, lanaren erdia egina zuen. Orduz geroztik, euskaldunak berak bilakatu ziren kolonizatzailearen konplize, birusak kutsatu duena kutsatzaile bihurtzen den bezala. Barne kolonizazio bat da Frantziak Euskal Herriari egin diona, kolonizazio psikologiko bat.

Orain, euskararen aldeko neurriak egiten dituela sinetsarazten duen bitartean, euskara ahultzen segitzen du. Adibidez, kanpotik eskola publiko elebidunak garatzen ditu, eta barnetik baliabiderik ez die ematen, euskal adarra indargabetzeraino. Batzuek oraino ere uste dute, ordea, Frantziako Errepublikak bere eskola sakratua erabil lezakeela euskara salbatzeko, presio aski egiten bazaio…

Eskuineko besoarekin itotzen gaituen bitartean, Frantziak ezkerreko eskuarekin burua ferekatzen digu, lasai gaitezen. Azken urteetako neurriek ez dute euskara salbabidean jarri. Odol-hustea gelditu dela diote zenbakiek; beharbada ez delako odol anitz gelditzen: euskara gero eta arrotzagoa da karrikan.

Hain da arrotza, non duela mende erdi egituratu zen mugimendu abertzale politikoak nagusiki frantsesez komunikatzen baitu oraino ere. Mezuak erdaldunengana heldu behar direlakoan, euskara bigarren planotik ezin ateraz ari da. Beti Frantziari eskean eta Frantziaren baldintzetara egokiturik. Egoera itzulipurdika daiteke ala berantegi da? Ez ote gara agonia kudeatzen ari? Aterabidea, izatekotan, Euskal Herri osoak elkarturik eta estrategia bat adosturik jokatuz etorriko da.

Batzuek erran lezakete egoera ez dela hain beltza, botila erdi betea dela edo betetzen ari dela. Beste batzuek botila zulatuta ikusten dugu, ordea. Behar diren neurriak hartzeko, beharrezkoa da diagnosi errealistetatik abiatzea. Egiten den indarra eta haren emaitza ukatu gabe, eta Estatuen asmo eta eragin txarrak agerian utziz.

Berria-n argitaratua

Adierazpen askatasuna

otsaila 5th, 2015

Hitzen nahasketa handiak gertatu dira Charlie Hebdo astekariaren kontrako atentatutik landa. Batetik, “islama”, “musulmanak”, “integristak”, “jihad”, “arabiarrak”, “magrebiarrak”… denak zaku berean sartu dituzte batzuek; nahasi dira kontzeptuak, nahasi dira erlijioa eta populua, nahasi dira erlijioaren beraren tendentzia desberdinak. Ohartu gara ez dakigula gauza handirik populu zabal horiez, ez eta ere haien erlijioaz. Nahasi dira “islamofobia”, “xenofobia” eta “laikotasuna” edota “ateismoa”.

Halaber, “adierazpen askatasuna” ulertzeko modu desberdinak agertu dira. Mugak behar ditu ala askatasun osoa behar da? Nahasi dira, baita ere, adierazpen askatasuna urratzeko moduak.

Denek gaitzetsi dute Charlie Hebdo-ren kontrako atentatua, adierazpen askatasunaren urratze bat bezala. Baina gero agertzen dira ñabardurak. Haizu ote da Mahometen karikaturak egitea? Haizu ote da erlijioaz irri egitea? Batzuek diote marrazki batzuek min egin dezaketela, eta kasu eman behar dela. Frantzisko Aita Santuak berak dio ez dela zilegi erlijioaz irri egitea (eta bistan da ez zela musulmanen erlijioaz ari bakarrik). Mugak jarri behar badira, non jartzen dira? Zergatik erlijioan? Hasian hasi, zergatik ez politikan edo beste edozein eremutan? Marrazkien helburua kritika gordinak egitea baldin bada, beti minduko dute nor edo nor. Norbait mintzeko beldurrez isildu behar bada, adierazpen askatasuna murrizten da; eta ez guti, mintzeak ez baitu mugarik. Erlijioaren izaera salatzen dutenek onartu behar badute erlijioaz irri ez egitea, berek aitortzen diote onartu nahi ez dioten boterea.

Norbaiten marrazkiak edo artikuluak gustuko ez dituenak aterabide erraza du: ez erosi aldizkari hori, ez irakurri. Aldizkari horrek mindu, iraindu edo zikindu duela uste duenak auzitegira jo dezake. Baina tiroka hastea ez da bidea. Bistan da, Charlie Hebdo-ko erredakzioan egin zuten salbaikeria adierazpen askatasunaren kontrako erasoa zela, baina ez bakarrik Mahometen marrazkiak egiteko askatasunaren kontrakoa. Marrazkilari eta kronikalari batzuk hil dituzte; ez dute berriz marraztuko, ez idatziko, ez erlijioaz, ez politikaz, ez ekonomiaz, ez deusetaz. Eta aldizkaria bera desagertzeko heinean ezarri dute, taldekide nagusiak mundutik desagerraraziz.

Urtarrilaren 7an adierazpen askatasuna urratu zela salatu dutenei kritika egin diete euskaldun anitzek: ea non zeuden Egunkaria edo Egin itxi zituztenean, edo twitterlariak atxilotzen dituztenean? Batzuek hori galdetzen zuten, ahantziz ETAk ere kazetarien eta hedabide batzuen kontra eraso egin izan duela. Adierazpen askatasunaren kontrako eraso guztiak ozenki salatzekoak dira. Zorigaitzez, bakoitzak ikusi nahi ditu ikusi nahi dituenak.

Gertatzen dena da, Parisko atentatuan, hamabi lagun tiroz hil zituztela, gerlako armekin; garbitu zituztela. Eta horrek ematen dion izaria bestelakoa da: ez zen adierazpen askatasunaren urratzea bakarrik, urratzeko modua bera ere bazen, eta, oroz gainetik, biziaren kontrako erasoa. Eta ez zen hori izan Parisen gertatu zen eraso bakarra 48 oreneko epean. Israelgo Lehen Ministroa Pariseko manifestaziora joan bazen, juduen kontrako erasoaren ondorioz izan zen, hain segur. Eta gainerako estatuburuak “adierazpen askatasunaren” izenean agertu baziren ere, “terrorismoaren kontra” biltzeko izan zen, eta munduko potentzia nagusietako bati elkartasuna adierazteko. Haietariko hainbat ez dira adierazpen askatasunaren alde, are gutiago Charlie Hebdo-ren alde. Eta zen Charlie Hebdori omenaldia egitea, gertakari tragiko hartaz baliatzea frantses “nazioaren” aldeko “batasun sakratua” aldarrikatzeko. Adierazpen askatasuna ez zen gehiago gaia.

Enbata-n argitaratua

Nork ahal du?

otsaila 5th, 2015

Edozein bidetatik sartzen dira mahai bateko solasera. Baina ez bakarrik Espainian eta Euskal Herrian. Europako Batasuneko erakundeetako agintariak kezkaturik daude. Syrizarekin daukate lehen kezka: zer gertatuko ote da Grezian, ezker erradikalak irabazten baditu urtarrilaren 25eko hauteskundeak? Eta Syrizaren pare jarri dute Podemos. Europa iparraldea eskuin muturrak ikaratzen duen bezala, ezkerretik dator haize berria Europa hegoaldean. Jendeak aldaketa nahi bide du, betiko alderdi politikoek sinesgarritasuna galdu bide dute. Alderdi sozialistek zentrorantz egin duten bideak azal dezake, hein handi batez, bilakaera hori.

Baina Podemos-i ez zaio begi berekin begiratzen Bruselatik edo Euskal Herritik. Eta Euskal Herritik ere denek ez diote begi berekin so egiten. Hasteko, hainbat galdera daude airean: Podemos (Ahal Dugu) izan ote daiteke ezker abertzalearen aliatu bat? Zein izanen da Podemos-en jarrera Euskal Herriari begira? Batzuek itxaropenari atea zabalik utzi nahi diote; beste batzuek gogoan dituzte lehen ere Paristik eta Madrildik etorri izan diren aldaketa haizeen esperantza zapuztuak.

Euskal Herrian aspaldian ordezkaritza daukaten alderdi politikoak bezala, Podemos (Ahal Dugu) ere Espainiako alderdia da, alderdi nazionala, egunkari batzuek dakarten bezala. Ez da egia UMP, PS, Modem, PP, PSE eta PSN euskal alderdiak direla: batzuk frantses alderdiak dira eta besteak espainolak; Euskal Herrian adar bat daukate, Euskal Herria Frantziaren edo Espainiaren menpeko lurraldea izatea nahi dutelako. Podemos-ek ez luke euskal adarrik sortuko, pentsatzen balu Euskal Herria ez dela Espainiaren parte.

Jendeak aldaketa nahi duela nabari da; baina ez Espainian bakarrik. Eta Euskal Herrian ere, litekeena da. Baina Euskal Herriko politika eta alderdien mapa ez dira Espainiako berak. Eta zergatik behar da Podemos bat, aldaketarako? Euskal politikagintza anitz aldatu da azken lau urteetan. Bipartidismoaz aspertu da jendea Espainian, itxura guztien arabera; mugimendu abertzalean, multipartidismoak eta zatiketak nekatzen zuen jendea.

Podemos-ek PSE, PP eta UPN ahulduko omen ditu, gehienbat; baina baita EH Bildu ere. Batzuek ez dute sinesten boz anitz kenduko dionik ezker abertzaleari. Baina gazteen artean Podemos-ek tira handia dauka. Asmatu du komunikazioan, sare sozialetan, telebistan. Eta abertzaleen artean ere ikaragarriko presentzia daukate Barcenas, Gurtell, Ana Mato eta Espainiako gai orok, eta horrekin batera Podemos-ek.

Espainiaren ahuleziek eta irudi barregarriek emango omen diote indarra euskal independentismoari. Euskal Herriko Twitter erabiltzaileen jarioan toki handia dauka Espainiak, nahiz eta hartaz trufatzeko izan. Eta trufa horren sortzaileak dira espainiarrak berak ere, hain segur Podemos-en alde bozkatuko dutenak. Espainian, beste tokietan bezala, jende interesgarria ere badago. Baina Espainiakoak izanik, horien helburua izanen da Espainia hobe bat egitea, ez Espainia desegitea edo Espainiatik ateratzea (nora joanen dira PPren ustelkeria kasuez ahalke diren madrildarrak?). Ororen buru, Espainiari egiten zaizkion trufen fruituak biltzen dituztenak estatuen menpekotasuna iraunarazten dutenak dira.

Bestalde, estatuei hainbeste begiratzeak eragiten du Bidasoaren alde bateko eta besteko euskaldunek erreferentzia desberdinak izatea eta, ondorioz, elkar ulertzeko zailtasunak agertzea. Bi estatu desberdinekiko loturaren isla da, adibidez, Charlie Hebdo-ko sarraskiak mota ezberdineko emozioa eragin izana batean edo bestean.

Berria-n argitaratua

EHB eta EHB

otsaila 5th, 2015

Uztaritzeko Lapurdi gela ezkontza eta dibortzio frankoren lekukoa izan da. Joan den abenduaren 20an Euskal Herria Bai koalizioa mugimendu politiko iraunkor bihurtu zen. Hogei bat urte lehenago, gisa bereko erabaki bat hartu zuen Abertzaleen Batasunak. Ordu arte koalizio zena, mugimendu politiko bihurtu zen 1995ean (artean, Lapurdi gela oraino eraikitzekoa zen, baina biltzar nagusi hura Uztaritzen izan zen). Duela hamahiru urte, berriz ere Lapurdi gelan, Abertzaleen Batasuna bitan zatitu zen. Ondoko urteetan, Batasuna alderdiaren eta Abertzaleen Batasunaren arteko harremana txarra izan zen, 2007tik goiti Euskal Herria Bai koalizioan elkartzen hasi ziren arte, Eusko Alkartasunarekin batera.

Urte horietan gauzak anitz aldatu dira. Hobe da ahanztea Herritarren Zerrendako hautagaiak ABko kideak kalifikatu zituela “beren burua abertzaletzat daukaten” pertsona gisa. Hobe da ahanztea 2002ko Aberri Egunaren giroa, eta ETAren erantzun gogorra, AB, EA eta Aralarren kontra. Ahantz bedi, baita ere, Aralarrek Euskadiko Ezkerraren bilakaera izanen zuela ziotenen iragarpena. Abertzaleen arteko gaiztakeria aroa iraganekoa da, eta hala egon bedi. Hobe da ahanztea, baina ez da kalterako izanen onartu behar dutenek onar dezaten zer astakeria erran zuten disidentziaren kontra.

Zorionez, zatiketa mingarri haren arrazoiak indargabetu dira. Nagusia, borroka armatua. Lizarra-Garaziko itxaropena bat-batean mozturik, kalapita handiak izan ziren ABren baitan; Hegoaldean, Aralar alderdia sortu zen. Ez zen garai hoberena alderdi nazional batu bat sortzeko, desadostasun hain sakonak izanik. Beste arrazoia, politika nazionala ulertzeko moduan zegoen.

Borroka armatua desagertu da, eta beraz bateratzea anitzez errazagoa da, orain. Politika zentralizatu baten beldurra haizatu dela ere iduri du. Gaur egun, Ipar Euskal Herriak bere mugimendu politikoa edukitzea – eta Hego Euskal Herriak berea – izan daiteke horren erakusle.

Prozesu “asimetrikoaren” alde ari ziren, AB eta Aralar bereziki. Oraingo egoeran, ildo hori zabaldu dela ageri da. Horiek horrela, egoera politikoaren aldaketa handien ondorioz, berrazter daiteke alderdi, koalizio edo mugimendu nazionalen inguruko postura.

Euskal Herria Bai sortu zen Ipar Euskal Herrian, 2007an. AB, EA eta Sortuko kideak dira mugimendu horren parte. Hego Euskal Herriko koalizioa Euskal Herria Bildu da, Alternatiba, Aralar, EA eta Sortu alderdiak elkartzen dituena. Biak dira EHB; bietan daude EA eta Sortu; Aralar eta Alternatiba ez daude EH Bai-n; AB ez dago EH Bildu-n. Funtsean, alderdi batzuen hedadura geografikoaz gain, ez dago desberdintasun handirik, ildo politikoari dagokionez.

Ez ote da mementoa etorri gogoetatzen hasteko Euskal Herri osoan izen bereko mugimendu bakarra sortzeari begira? Azken urteetan garbi gelditu da ez dela nahi mugimendu politiko zentralizatu bat; halaber, EH Bildu eta EH Bai-en esperientziatik abiatuz, ikusi da aberasgarriagoa dela aniztasuna kontuan hartzen duen mugimendu bat, ildo politiko hertsi bat baino.

Oinarri horiek errespetatuz, urrats bat gehiago egin daiteke, Hegoaldeko eta Iparraldeko mugimenduak elkartzeko. Testuingurua duela hamabi urte baino hobea da. Eta Euskal Herriak badu beharra elkarrekin gauza gehiago egiteko, alde bakoitza ez dadin sobera egon bere aldera begira. Elkar errespetatuz, elkar lagunduz eta elkarrekin lan eginez, garai berrietara egokitu eta nazio eta osotasun ikuspegiz aitzinatzeko baldintzak badaude.

Enbata-n argitaratua

Euskal liburu digitalak

otsaila 5th, 2015

Liburu elektronikoak merkatuan zabaltzen hasi zirenean, pentsatzen zen etorkizun hurbilean nagusituko zela formatu digitala. Liburu elektronikoen merkatua hazi bada ere, azken urtean hazkundea moteldu da. Hala ere, gero eta jende gehiagoren eskuetan ikusten dira halako gailuak, eta ez bakarrik (edo ez bereziki) teknologia berrien zale itsuen artean.

Papereko liburuak badu bere xarma, bereziki edizio lan txukuna baldin bada. Liburu dendak eta liburutegiak mundu askotarako ateak dira, gauzak ikasteko, amesteko… Nola oparitu, ordea, liburu digital bat? Objektu materiala produktu birtual bihurtzen denean, gauza txiki bezain garrantzitsu horiek aldatzen dira. Baina irakurgailu elektronikoa deskubritu duten anitz arras gustura daude tresna horrekin, besteak beste eskuetan atxikitzeko arinagoa delako.

Euskaldunak ere badira irakurgailu digitalen jabeen artean: are gehiago, kontuan hartuta tabletek eta smartphonek (ia irakurgailu baten heinekoak dira, oraingoak) ere liburu digitalak irakurtzeko aukera eskaintzen dutela. Papera ez da (epe ertainean) desagertuko, hain segur, baina digitaleranzko joera hau ez da geldituko.

Irakurgailu digitalek gailu guztien merkatu guztiaren zati oso txikia betetzen dute. Zein dira, ordea, irakurleen ohiturak? Tabletak edota telefonoak dituztenek tresna horiek erabiltzen dituzte liburuak irakurtzeko? Edo beste zerbaiterako? Liburuak irakurtzeko ohitura dutenek tablet edo telefonoetara jotzen dute? Ala nahiago dute liburu elektronikoak irakurtzeko tresna berezitua?

Gailu horiek anitz erraztu dute liburuak eskuratzea, legezko bideetatik nahiz sarean zabaltzen diren kopietatik. Nahi adina liburu bil daiteke klik bakarrean. Horren inguruko iritzi eta eztabaidatik harago, ezin da errealitate hori ukatu. Eta ezin da ukatu, halaber, liburu horiek, gehienetan, ez direla euskaraz. Horren ondorioz, euskaraz irakur lezakeen jendeak aise jotzen du beste hizkuntzetara, eta gero eta gutxiago irakurtzen ditu euskarazkoak.

Arazoa larriagotzen du euskal argitaletxeek liburu elektronikoei begira egin duten hautuak. Batzuek era errazean eskaintzen dute aukera gailu guztietarako formatuetako liburuak deskargatzeko, nahiko merke. Beste batzuek, ordea, ez dute ematen gailu guztietarako aukera; eta merkatuan franko zabalduak diren irakurgailu zenbait dutenek ezin dituzte irakurri argitaletxe horien liburu digitalak, erosi badituzte ere.

Aterabide teknikoak baleudeke, baina euskal argitaletxeek DRM giltzarrapoa erabiltzea erabaki dute. DRMk galarazten du ale digitalaren kopiak egitea eta zabaltzea. Baina liburu digitala erosi duenari galarazten diote (edo ikaragarri zailtzen) nahi duen irakurgailura egokitzeko aukera. Doako kopiak saihesten dira, baina liburu digitalen irakurleek euskara utzi eta frantsesez edo espainolez irakurtzeko ohitura handiagoa hartuko dute.

DRMa kenduz, beharbada euskarazko liburuak doan deskargatzeko bideak zabalduko lirateke; egia da. Baina, benetan, zenbat euskal irakurlek egingo lioke uko ordaintzeari, are gehiago, prezio politika egokia pentsatzen bada? Kasu guztietan, gutxienez, euskaraz gehiago irakurtzeko aukerak handituko lirateke.

Liburuen merkatua ez da irauli, baina irauli ez izanak ez du erran nahi ez dela hobeki prestatu behar gertatzen diren aldeketetara. Eskaintza tekniko egokiak pentsatu behar dira, eroslerik ez galtzeko. Prezioen eta eskaintza berezien inguruan ere gogoetatu behar da, irakurleak euskarazko liburuak erostera animatzeko.

Berria-n argitaratua

Tresna-barrara saltatu