Archive for 2015(e)ko martxoa

Zirrikituen politika

martxoa 9th, 2015

Hendaiako ikastolaren auzian leporatu izan zaie Seaskari eta aitzineko auzapezari gauzak ez behar den bezala kudeatzea. Ziburuko ikastolaren inguruko zalapartan, aldiz, batzuek diote Seaskak ez duela negoziaziorako trebeziarik erakutsi eta deusek ez duela behartzen udala ikastolari egoitza bat ematera… Beste herri batzuetan eraiki dira ikastolak, udalaren laguntzarekin, Prefetak salatu gabe. Baina Hendaiako Herriko Etxeak ez omen zituen bide haiek erabili.

Euskarari legezko ate guztiak ixten dizkioten eremuan, urtez urte akrobaziak egitera ohitu da euskalgintza. Herriko Etxe batek ikastola batentzako eraikina ordaintzen duen kasuan, ofizialki ez du ikastola bat eraikitzen, baizik eta aisialdi zentro bat, ikastolen eskura uzten duena klase garaian. Bide horri esker, urraska urraska, euskara gero eta leku gehiagotara heldu da. Baina dikeek itsas-mailaren igoera geldiaraz ez dezaketen bezala, euskarari uzten zaizkion eremu murritz horiek ez dute aski indar frantseste bizkorra moteltzeko. Gauzak beren izenez deituz, zirrikituen politika egitera behartua da euskara. Ikastolak garatzeko bidea, Hendaian errespetatu ez zena, zirrikituen bidea da. Hain zuzen, hori gertatzen da euskarak lege babesik eta ofizialtasunik ez duelako. Are gehiago, oztopo handiak dituelako Frantziako araudiaren aldetik.

Uztaritzeko Herriko Etxeak ere arazo berarekin egin du talka. Frantziako Estatuaren arrazoia demokrazia baino indartsuagoa da. Herritarrek hauteskundeetan hautatu duten udal taldearen erabakiak ez du balio, Estatuaren interesen kontra baldin badoa. Frantziak garbi erakutsi du zein den interes hori: frantsesa da eskubideak dauzkan hizkuntza bakarra Ipar Euskal Herrian; euskara, asko jota, eremu pribatuan.

Hainbat udalek neurri batzuk hartu dituzte euskararen alde, azken urteetan. Maiz, euskara teknikari bat hartu, bide-seinale elebidunak jarri eta animazio zenbait antolatzera mugatzen dira neurri horiek. Zirrikituen bidea. Deus baino hobeki dela? Hain segur. Baina bide horrek ez garamatza urrun. Anitz egin nahi ez duenari balio diote zerbait egiten dutela sinetsarazteko. Eta behar gorrian dagoen hizkuntzari ez dio oxigenorik aski ematen.

Hendaian, Ziburun eta Uztaritzen garbi gelditu da zein ahul dagoen euskara, etzi, Kontseiluak deituta, Donostian egingo den manifestazioan oroitaraziko den bezala. Kasu horiek balio izan dute zauri larria ezkutatzen duen esparatrapua kentzeko. Eta behin hori kenduta, ez litzateke normala erratea beste esparatrapu bat jarri behar dela. Ea aukera hori erabiltzen den irakurketa orokor bat egiteko: ezin da jarraitu zirrikituen politikarekin, ezin da segitu babesik gabe; euskarak hizkuntza politika zabal eta ausarta behar du, jasan duen kaltea konpontzeraino joanen dena.

Euskararen gaiak lehentasuna galdu du azken urteetan, ordea, nahiz eta oinarrizkoena den. Ez dago herririk hizkuntzarik gabe, eta komeni da herri honen ardatz bihur dadin. Euskararen egoera – soziolinguistikoa eta legala – desberdina da eremu batetik bestera. Leku batzuetan ez dauka ofizialtasunik; baina leku guztietan daukate botere nagusia estatuen hizkuntzek. Frantziak euskarari ofizialtasuna aitortuko diolako itxaropenik ez dago. Ez dago salbamendu posiblerik Frantziatik; Euskal Herria estatu izanez eta estatu gisa jokatuz bakarrik salba daiteke euskara. Eta Ipar Euskal Herriari dagokionez, herri batu gisa pentsatuz eta arituz baizik ez daiteke aitzinatu, Urquijok-eta jartzen dituzten oztopoen gainetik. Herri honen indar potentziala nahiko handia da, denek elkarrekin, gune ahulenak ere laguntzeko.

Orekaren balada

martxoa 9th, 2015

Politikan dabilenak ekilibrista lanak egin behar izaten ditu, maiz; bereziki akordio politikoa bilatu nahi denean. Adostasunak nekez eraikitzen dira, eta aise suntsi daitezke: aski da harrixka bat mugitzea, etxe guztia erortzeko. Errazagaoa da kalapita, bakoitza berean tinko egonez. Urte anitzetako elkarrizketen eta pazientziaren emaitza izan da azken urteetan Ipar Euskal Herrian izan den adostasuna, erakunde baten alde. Haize ufada gogor batek jo zuen, ordea, Paris aldetik, eta harrizko etxe hori azkarki inarrosi, Vallsen ezezko irmoaren eta Prefetaren proposamenen ondotik. Oreka galtzeko heinean egon da batasun zabal hori.

Orain egokitu da hiri erkidego edo herri elkargo handi horri baiezko erantzuna ematea, oreka ez hausteko; beti ere, Lurralde Kolektibitatearen helburua jomugan atxikiz. Bistan da, erabaki horrekin ez ziren uxatu nahi abertzaleak ez direnak. Baina orekak krak ez egitekotan beste muturrekoak ere goxatu nahi izan dira. Xede horrekin, batzuk hasi dira esplikatu nahiz hiri erkidego hori izan daitekeela biharko erakunde autonomoa. Batetik, departamenduak desagertzera doazelako, omen, nahiz eta Frantziako Senatuak berriz ere berretsi duen departamenduenganako atxikimendua. Bestetik, gutxietsiz Lurralde Kolektibitatean “tematzen” direnen jarrera.

Gauza bat da herri elkargoen antolaketari buruz erabaki bat hartzea, gai horretaz ere erabaki behar baitzen. Baina nekez sinetsaraz daiteke Frantzia jakobinoak Ipar Euskal Herriaren eskura utziko duela tresna bat, herri honi autonomia eman diezaiokeena epe luzera. Ezin uka eskura dauden tresna guztiak erabili behar direla, boterea lortzeko bidean. Haatik, Lurralde Kolektibitatearen alde manifestazioak egiteko garaia bukatu den bezala, garbiki erran behar da bere arriskuak dauzkala oreka baitezpada mantendu nahi izateak, bereziki prefetaren asmoetara egokitu behar bada.

Eguneroko dinamika politikoan sartua denak informazio guztiak eskura dauzka, oreka horren korapiloak ulertzeko, hautu bakoitza esplikatzeko. Politika urrunxeagotik segitzen duenak zailtasunak dauzka ñabardura guztiez ohartzeko, sukaldean gertatzen dena, gehienetan sukaldean gelditzen delako. Ez dauka horregatik interes gutxiago sukaldetik kanpo daudenen begiradak, eta aberasgarriak dira haien gogoetak egoera politikoaz, edota iritziak hautu politiko, taktiko edo estrategikoez, denen ikuspegiarekin aberasten eta aitzinatzen baita herri bat.

Bakoitza bere arloan ari da zerbaitetan, eta arlo eta toki bakoitzetik gauzak gisa batera edo bestera ikusten dira. Eta oreka zaintzea ez da bakarrik politika arloko oreka zaintzea, oreka politiko batek beste gisako desorekak sor ditzakeelako.

Azken hogei urteetako dinamika pragmatikoan, aitzinamenduak egin dira. Horietatik bat da Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionalaren onarpen zabala. Baina dinamika hori bihurgune batera heldu da. Merezi du balorazio sakon bat egiteak, ikusteko ea, aitzinamenduez aparte, mugak eta gibelatzeak ere ez diren izan. 2015ean, frantses alderdiak hurbildu dira gehiago abertzaleen posturetara, ala frantsesek abertzaleak epelarazi dituzte gehiago? Zein norabidetan mugitu da soka?

Departamendu hauteskundeak aukera onak dira oreka batzuk hausteko (behin behinean bederen) eta beste batzuk sortzeko: ozen eta ahalkerik gabe adierazteko abertzaleen proiektua Euskal Herri batu eta independente bat lortzea dela. Eta bide horretarako estrategia ezin dela izan Frantziari eskatu eta eskatu ibiltzea, ororen buru nahi ez den hori onartzeko. Laborantza Ganberaren ereduari jarraiki, proposamen berritzaileen tenorea da. Eta sokaren bestaldekoek argi dezatela zenbateko lehentasuntzat daukaten Ipar Euskal Herriaren egituratze hori.

Hautes-argazki nazionala

martxoa 9th, 2015

Ez da erraza Euskal Herri osoko argazki politikoa ateratzea, hauteskundeak ez direlako urte beretan izaten, are gutxiago egun beretan. Aurten, ez egun berean, baina bi hilabeteko epean iraganen dira bozak Euskal Herri osoan, eta, gainera, antzeko ganberetako ordezkariak hautatzeko: departamenduko kontseilukoak Ipar Euskal Herrian, Batzar Orokorretakoak eta Nafarroako Gobernukoak Hego Euskal Herrian.

Ordezkariak hautatzeko sistemak desberdinak dira eta indar politikoen artean ñabardurak badaude, baina hauteskunde horiek balio dute argazki orokorra ateratzeko, eta abertzaleen indarra neurtzeko. Ipar Euskal Herri osoan aldi berean bozkatzeko aukera izaten da udal hauteskundeetan, diputatu bozetan, Akitaniakoetan eta Europakoetan. Azken bi horietako hauteskunde-barrutia hain zabala izanik, ez dira beti aurkeztu zerrenda abertzaleak. Udal hauteskundeak biziki lokalak dira eta aurkezten diren zerrendak ez dira urte osoko eskaintza politikoaren araberakoak. Frantziako Parlamenturako hauteskundeetan izan ohi da aukera egun berean neurtzeko Ipar Euskal Herriko abertzaleen indarra. Horrek ere bere zailtasunak ditu, ordea: batetik, Frantziako politika dute ardatz, eta ez dira baldintza hoberenak abertzaleentzat; bestetik, abertzaleek hauteskunde barruti handi bat partekatu behar izaten dute Biarnoren zati batekin.

Kantonamendu hauteskundeak izaten ziren egokienak abertzaleen pisua ezagutzeko. Baina ez zuten balio argazki osoa ateratzeko, Ipar Euskal Herriko kantonamenduen erdian izaten baitziren bakarrik, hiru urtetik behin. Ordezkariak hautatzeko sistema aldatu da, kantonamenduen maparekin eta hauteskundeen zein erakundearen izenarekin batera (orain departamenduko hauteskundeak dira). Heldu den martxoan 22 eta 29ko bozak Ipar Euskal Herri osoan iraganen dira; lehen itzuliko emaitzekin aterako da argazki orokorra, orain arte egin ahal izan den baino hobeki. Horrek berak erantzukizun handia ematen die abertzaleei.

Frantses eta espainol alderdietan badira ñabardurak, eta UPN Nafarroan dago bakarrik. Euskal Herritik begiratuta, interesgarria dena da jakitea zein izanen den, orokorrean hartuta, abertzaleen emaitza. Maiatzaren 24an izanen dira hauteskundeak Hego Euskal Herrian. Nafarroako Gobernurako eta Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko Batzar Nagusietarako hauteskundeetako emaitzei gehitu beharko zaizkie Ipar Euskal Herrikoak.

Alde guztietan aurkeztuko diren alderdi eta koalizio abertzaleak antzekoak dira, gainera. Horrek are gehiago lagunduko du. Egia da EAJ ez dela kantonamendu guztietan aurkeztuko, eta Nafarroan Geroa Bai taldean egonen dela. EH Bildu eta EH Bai sigla bera dira, baina bi koalizio desberdin, nahiz eta bietan dauden EA eta Sortu, eta Aralar eta AB hurbilekoak diren hastapenetik.

Argazkia garbiago izateko eta, bereziki, Lizarra-Garaziren ondorengo urteetako zatiketa giroa gibelean utzirik, beharbada tenorea jina da ezker abertzaleko alderdien arteko koalizio nazional bati buruz gogoetan hasteko. Ipar Euskal Herriko batzuk uzkur ager litezke, erranez abertzaleak ez direnengana heltzekotan, koalizio bakarraren hautua ez dela eraginkorrena… Beldur horiek ba ote dute zinezko oinarririk, ordea? Prozesu asimetrikoarekin bat egin ondoan, helburu komuna eta Euskal Herriko nazio ikuspegia argi eta garbi erakusteko bidea litzateke izen bereko koalizioa. Baita ere gure konbentzimenduetan sendo gaudela erakusteko bidea: baietz, abertzaleen oinarrizko proiektua Euskal Herria eta independentzia dela, are gehiago bide horretan urrats taktikoak egiten badira.

Tresna-barrara saltatu