Archive for 2015(e)ko maiatza

Historia eta oraina

maiatza 29th, 2015

Euskal Herriaren independentziaren aldeko aldarria bizirik dago 2015ean. Bistan denez, ez da hutsetik sortu den zerbait. Herri honetako herritar anitzek independentzia nahi dute, herri hau bizirik dagoelako, orain arte bizirik iraun duelako. Hilik edo suntsituak bageunde, Frantziak eta Espainiak guztiz asimilatu bagintuzte, 2015ean ez litzateke halako proiekturik egongo. Halaber, ez genuke euskal estatu bat sortzea aldarrikatuko, lurralde honetan ez balitz sekula euskaldunik izan. Fernandoren egiak dira. Baita hau ere: estatu izaten segitu bagenu ere ez genuke halako aldarrikapen baten beharrik.

Independentzia ausikika ausikika kendu ziguten; ausikirik handiena, baina ez azkena, 1512koa izan zen. Nafarroak bere estatua izan zuela erratea ez da XV. mendeko erregimen politikora itzuli nahi izatea, ez eta ere ondoko 500 urteetan deus ez dela gertatu erratea. Data batzuk baizik ez aipatzeagatik: 1789, 1914, 1936… Nazio orok garrantzia ematen dio bere historiari: Frantziako leku anitzek egiten diote ohore Luis XIV edo beste erregeren bati, baina horrek ez du kentzen frantziarrak errotik errepublikarrak direla.

Euskal Herriko historia Nafarroako erresumaren heriotzarekin bukatu ez zen bezala, ez zen erresuma haren sorrerarekin hasi. Garai batez estatu bat eduki izanak argudio sendo bat ematen digu. Baina, Erromatarren Inperioa erori ondoan sortu ziren erresumen artetik, Nafarroak ez balu lortu estatu bihurtzea? Hain segur anitzez ahulago helduko ginen XXI. mendera, baina bizirik egonez gero, estatu bihurtzea aldarrikatzeko zilegitasuna izango genuke, herri bat garenez geroz. Gure iragana, identitatea eta lurraldea ez bagenitu izango, gaur egun ez litzateke aipatuko ez independentziarik (ez al da gutxi aipatzen?), ez erabakitzeko eskubiderik.

Nahiz eta nehork ez duen dudan ezartzen historiaren eta identitatearen funtsezkotasuna, aski berria da, ordea, bi gai horiek kutxa batean itxirik mantendu nahia. Beren burua euskaldun sentitzen ez duten horiek uxatzeko beldurrez, ez omen da komeni argudio horiek gehiegi aipatzea. Jende berria erakartzeko, erakutsi behar dugu balizko euskal estatu batean Espainian edo Frantzian baino hobeki biziko ginatekeela, sozialki, ekonomikoki… Nehor ez dugu engainatuko: mundu guztiak badaki zein den oinarrizko arrazoia.

Euskal estatu proiektua ez da bakarrik hizkuntzaren eta lurraldearen arabera pentsatu behar, bistan denez. Ekonomia, zerbitzuak, energia eta beste hainbat arlo ere sakon landu behar dira. Haatik, bizi hobearen menturarekin eta identitatearen gaia baztertuz jende gehiago konbentzituko dela pentsatzea zilegi den bezala, zilegi da kalkulu horrekiko eszeptikoa izatea ere.

Badirudi, ordea, ez dela aski babesik ikusten independentziaren alde, eta horregatik diskurtsoa aldatu behar dela. Independentzia eskura ikusten zen 70eko hamarkadan. Helburua ez zen bete, eta ez da hurbil ikusten. Zer egin da, bada, gaizki, urte horietan guztietan, independentziaren aldeko indar harremana ez handitzeko?

Iazko udatik hona, batzuek diote gehiegi aipatzen dela identitatea, euskalgintzak gauzak ez dituela ongi egi(te)n… Identitatearen gaia izan al da, ordea, herritarren arteko amildegiaren faktorea? Irakurketa hori egiten da historia gaur hasi balitz bezala, iragan hurbila eta azken hamarkadetan egindakoak aipatu eta kontuan hartu gabe. Historia – urruna eta hurbila – alfonbra azpian sartzean, batzuen eta besteen erantzukizunen bila ibiltzerik ez legoke. Baina horrek dakar gaur egungo egoeraren interpretazio okerrak eta injustuak egitea. Ez dago historiarik gabeko naziorik. Ez dago orainik, iraganik gabe.

Frantziak irentsirik

maiatza 19th, 2015

Euskalduna guztiz itota sentitzen da Lapurdin, eta are gehiago hirigunean. Egoera horrek azalpen historioak baditu. Manex Goihenetxe historilariak (1987) ahoan bilorik gabe esplikatu zituen, XIX. mendeko aldaketa demografikoen datuekin (adibidez, Miarritzen, 1820an 1.088 biztanle, 1876an 5.507 lagun eta 1911n 18.260): “Itxuren arabera, jendetzaren berrikuntza bat gertatu da Lapurdin, arrotzek osatu dute jendetzaren berritzea eta emendatzea. Beste herrietan izen berezi bat dauka horrelako gertakari batek: colonie de peuplement edo koloniar jendeketa. Alta, hori da hemen ere gertatu: jatorrizko jende euskaldunaz herriak hustu dira, kanpoko arrotzez ugaldu. Ez dezagun ahantz ber denboran Euskal Herriko gazteria Hego Amerikara joaiten hasi zela, 1832tik goiti.”

Frantziaren politika hori izan da, eta horrela da gaur egun ere: biztanleak elkarrekin nahastea, nortasun bakoitzaren erroak ahultzeko. Horri hertsiki lotzen zaio gerrak egitea Frantziarekin batera, etsai komun baten aurka. Eta baita ere euskaldun izatearen ahalkea sarraraztea, euskal kultura gutxiestea eta euskarari eskubide oro ukatzea. Goienetxek aipatzen zuen ordezkatze demografikoaz gain, ordezkatze kulturala ere egin du Frantziak; Jose Manuel Odriozolak dioen bezala, “herri euskalduna irentsi” du.

Hori ez da gelditu. Gaindegia-k datu zehatzak dauzka eskutan, eta horien arabera, klase ertain-altuko milaka langile etorri dira Baionara lanera, azken urteetan, eta beste milaka itsas bazterreko herrietara, erretreta pasatzera. Lanpostuak sortzen badira Baionan, are gehiago lanpostu publikoak baldin badira, aukera gehiago dauka Frantziatik datorren batek, Euskal Herriko batek baino. Frantzian ere gauza bera gertatzen da: hiri bateko biztanle batek aukera gutxi izango du bere hiriko postu batean onartua izateko; bai, ordea, 500 edo 900 kilometro urrunagoko lanpostu batera aurkezten bada. Ulertu nahi da bere herritik kilometro askora joateko prest dagoenak anitzez motibazio handiagoa daukala lanpostu horretarako; bestearen motibazio gorena, etxetik hurbil egotea litzatekeen bitartean. Beraz, gaizki ikusia da herritik urrunegi joan nahi ez izatea.

Frantziak horrela gorpuzten du bere gizartea, duela 150 urteko pentsamenduaren antzera, patchwork baten gisan. Leku guztiz ezberdineko jendeak bihurtzen dira lankide; urtean behin egiten diren familia bazkarietan, Frantziako lau hegaletan dauden ahaideak elkartzen dira… Horrek balio du Frantzia bat marrazteko, denak herri beraren parte sentiarazteko. Euskaldunak, korsikarrak eta bretoiak ongi ikusiak dira, beren herritik urrun baldin badaude, eta hari mehe batek lotzen baditu beren nortasunera, Frantziari kolore arin bat emateko gisan. Haatik, kopeta txarrez begiratzen zaie beren erroei sendo lotzen zaizkienei.

Frantsesak, eta nola ez prefeta, asaldatuko lirateke Baionan sortzen diren lanpostuetarako euskara eskatuko balitz. Horrek urratuko luke Frantziaren égalité oinarria. Frantziar guztiek eskubide bera daukate Frantziako edozein lekutan lan egiteko, baita Baionan ere, haientzat, Baiona Frantzian baita. Eta arau hori oinarrizkoa da Frantzia uniformea izateko eta frantsestasunak sendo jarraitzeko.

Badira zuzenean euskararekin lotuta dauden lan-eskaintzak ere; haatik, zehazten da frantsesa jakitea beharrezkoa dela. Beste gisa batez irakurriz, Hego Euskal Herriko gehienei ukatzen zaie Bidasoaren bestaldean lan egiteko aukera. Baina nehor ez da asaldatzen, frantsesak egingo liratekeen bezala. Alta eskaera horrekin ez ote da, berriz ere, Euskal Herria ukatzen eta Frantzia zilegitzen?

Asimetriak eta erritmoak

maiatza 5th, 2015

“Amatxo, gaur eskolan galdetu digute zein den Euskal Herriko mendirik gorena”. Gipuzkoa barnealdeko herri batean gertatua da. “Amatxo, gaur eskolan galdetu digute zein den Euskal Herriko ibairik luzeena”. Beste batean, “gaur galdetu digute zein den Euskal Herriko hiriburua”. Haurra eskolara joan zen, amak eman zizkion erantzunekin, eta irakasleak kopeta zimurtu zuen: “Hiru Errege Mahaia? Ez. Aitxuri da Euskal Herriko mendi gorena”… nahiz eta ia kilometro bat gutxiago izan. Hiriburua Iruñea? Ez, Gasteiz. Ikastoletan, aldiz, zazpi herrialdeak hartzen dira kontuan, baina selektibitatea hurbildu ahala, hainbat kasutan gutxienez, ikasleei irakatsi behar omen diete EAEko mapa dela balio duena, azterketa gainditzekotan.

Sukaldaritzari buruzko zentro batek mapa eder bat badauka gure herrietako produktuekin: Gernikako piperra, Tolosako babaurrunak… Eta Tuterako zainzuriak? Itsasuko gereziak? Ez, bistan denez. Mapa EAEkoa da…

Juan Joxe Ibarretxek iragarri du 2030erako Euskadi independentea izanen dela. Zer ulertu behar dugu? Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba? Oion euskal estatuan izanen da eta Goizueta ez?

Orain anitz aipu da errealitate ezberdinak kontuan hartzearen ideia, Euskal Herriaren geroa diseinatzerako orduan. Badirudi batzuk orain ohartu direla aukera horretaz, baina duela hamabost urte, Aralar eta Abertzaleen Batasuna “prozesu asimetrikoaren” alde agertu ziren, Euskal Herriak erritmo ezberdinetako eremuak dauzkala azpimarratuz.

Egia da Euskal Herrian errealitate desberdin anitz badela, erritmoak ez direla berak leku batean edo bestean. Baina asimetriak ere anitz dira, eta desberdinak. Badaude, noski, asimetria instituzionalak: EAE batetik, Nafarroa bestetik, eta Ipar Euskal Herria azkenik. Haatik, asimetria instituzionalek gehiegi baldintzatzen dituzte azken urteetako politika eta politika ez dena. Desberdintasunen eta antzekotasunen mapak, maiz, ez du bat egiten mapa instituzionalarekin: euskara, sektore ekonomikoak, hiriguneak, erliebea, abertzaleen indarra…

Zorigaitzez, azken urteetan dena antolatu da zatiketa administratiboaren arabera. Dauden datuak administrazioen arabera daude, horrek argazki faltsuak edo ez osoak ateratzera bagaramatza ere. Errealitateak diren baino desberdinagoak direla sinestera heltzen gara. Eta politikak ere administrazioen arabera egiten dira. Adibidez, azken hamarkadetako errepideek eta garraio politikek harreman batzuk hautsi eta beste batzuk garatu dituzte. Hezkuntzaren antolaketak ere ez ditu errazten harremanak.

Zatiketa administratiboaren eta egoera instituzionalaren helburu eta ondorioa da gure arteko batasun faltarekin jarraitzea eta estatuekin lotzen gaituzten sokei eustea. Estrategia politikoak abiapuntu horretan oinarritzea ote da bide egokiena errealitate hori ezabatzeko?

Hamarkadetan zehar gehiegi azpimarratu dira Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren arteko desberdintasunak, txikituz joan beharrean, handitu baizik egin ez direnak. Desberdintasun horien arrazoia sinplea da: Frantziaren eragina batean, Espainarena bestean; estatu bakoitzaren indarraren erakusle dira. Gainera, zatiketa administratiboak areagotu du Nafarroa eta Ipar Euskal Herria desagertzea, euskal erakunde eta egituren eskutik beretik. Prozesu asimetrikoak ez ote du hori larriagotuko? Ez ote dugu anitzez gehiago irabazteko elkarrekin lan eginez eta harremanak sendotuz, bakoitza bere aldetik ibili beharrean bere etorkizun instituzionalaren bila?

Bozen beste irakurketa bat

maiatza 5th, 2015

Iragan berri diren departamendu bozen garaian, Hego Euskal Herritik gehiago begiratu zen Andaluziara aldera, eta hori arazo bat da Euskal Herri bat badagoela azpimarratzen dutenen ikuspegitik. Baina egia da ere, hauteskunde horiek ez dutela interesik piztu Ipar Euskal Herrian berean ere. Horren lekuko da izan den abstentzio handia. Abstentzioak mesede egin ohi die abertzaleei. Frantziako bi alderdi nagusiak ez daude osasun hoberenean, eta horrek azal dezake bozemaile anitz ez mugitu izana. Horren ondorioz, abertzaleen pisua handitu da ehunekoetan.

Ukaezina da gero eta handiagoa dela abertzaleen eragina Ipar Euskal Herriko bizitza politikoan eta hauteskundeetan. Horrek, ordea, ez du euforiarako tarterik uzten. EH Bai-k bataz beste, %16ko emaitza lortu zuen lehen itzulian, eta %2koa EAJk. Erran nahi du bozemaileen %80 ez direla abertzaleak. Eta abstenitu zirenetan, bazena abertzale anitz?

Duela 50 urte erabat marginala izatetik kontuan hartzeko indar politiko bihurtu dira abertzaleak. Baina, mende erdi horretan, ez da lortu herria abertzaletzea. Oraino egoera horretan izateak pozteko arrazoi gutxi ematen du. Are gutxiago, Baiona, Angelu eta Miarritzeko emaitzek, ez baitira %10era heltzen ere. Barnealdean %20 inguruan ibiltzea baikorra da?

EH Bai-k 2008 eta 2011ko kantonamendu bozetan baino 1.821 bozka gehiago lortu ditu aurten. Alain Iriartek 2008an lortu zituenak gehituta, 3.426 bozka gutxiago izan dira. Hain zuzen, Alain Iriart ez zen abertzale etiketarekin aurkeztu aurrekoan, eta EH Bai-ko hautagai bat bazuen lehiakideen artean. Kontseilari nagusi hautatu zuten lehen itzulitik. Orain, EH Bai etiketarekin aurkeztu da, baina hautagaitza ireki modura; bere kidea, Beskoitzeko auzapeza, ez da abertzalea. Beraz, analisia egitea aski konplikatua da. Errobi-Aturri kantonamendua aparte utzita, EH Bai-k aurreko kantonamendu bozetan baino 879 bozka gutxiago lortu du aurten, lehen itzulian. Abstentzioak abertzaleei ere kalte egin die edo abertzaleek ez dute lortu bozka berririk. Bata ala bestea, ez dira baikorrak.

Bigarren itzulian, abertzaleek Frantziako alderdi sozialistaren sostengua jaso dute; eta jende anitz poztu da horregatik. Bistan da, sozialistek ordainez espero dutela abertzaleen sostengua beste hauteskunde batzuetan, nahiz eta sostengu horren truke ez duten deus emanen, beti bezala. Bestetik, sozialisten sostenguak ez ote du erakusten abertzaleen gaur egungo programa politikoak ez dituela anitz ikaratzen?

Bi itzulitako hauteskunde sistemaren ondorioa da diskurtsoak leundu behar direla eta akordioak egin behar direla, irabazi nahi bada. Horregatik lortu ote dute abertzaleek joan den bozetako balentria? Badira hogei urte herriko kontseiluetan sartuak direla, gehiengoen taldean edo oposizioan. Zein da horren fruitua, kasu batean eta bestean? Zein da Pauen egon diren kontseilari nagusi abertzaleen lanaren balorazioa?

Funtsean, departamendu bozak menpekotasun bikoitz baten adierazle dira: Ipar Euskal Herriak ez dauka boteregunerik, eta hurbilenekoa Biarnokoekin partekatu behar du, gutxiengoan egonik. Baina Paueko kontseiluak berak ere ez dauka botererik, eskumen bakar batzuk kudeatzeaz aparte. Parisek dauka aginte guztia, eta hori islatu dute departamendu bozek, baita abstentzioak ere. Bozketa sistema beste menpekotasun adierazle bat da, boterea Frantziako bi alderdi nagusien eskuetan gelditzea duelako helburu. Horregatik, joko-zelai eta joko-arau horiek eragin handia daukate abertzaleen mezuan eta agenda politikoan. Zer galtzen da? Zer irabazten?

Urepeletik Bilbora, euskara lokarri

maiatza 5th, 2015

Korrika Bilbora helduko den egunean argituko da zeinek irabaziko dituen hauteskundeak Ipar Euskal Herriko hamabi kantonamenduetan. Lehiakide batzuek lekukoa hartu zuten Korrika beren herritik pasatu zenean: kontraesanaren beldurrik ez zuketeen, haien hauteskunde propaganda frantses hutsez baitzen. Zorionez, hautagai horiek ez bezala, Urepelen bildu ziren milaka pertsonek eta ibilibide osoan zehar dabiltzan gehienek euskara bihotzean daramate, eta darabilte.

Euskara zen martxoaren 19ko komunikazio hizkuntza Urepelera joan zirenen eta hango herritarren artean, naturaltasun osoz, Urepeleko eguneroko hizkuntza euskara baita. Horrek garbi islatu zuen hango Adur euskara elkarteko kideek diotena: ibarraren garapen ekonomiko eta kulturala ezin dira pentsatu euskarari buruzko gogoeta kolektiborik gabe. Gogoeta horrek balio beza Urepeletik harago ere.

Zorigaitzez, Urepelen aldarrikatu zenaren kontrakoa ikusten da merkatuetan. “Hemen dago ama bat bere haurrek hila”, zioen Xalbadorrek, eta gaur ere gauza bera erran lezake. Laborariek hainbat produktu saltzen dituzte, kalitate onekoak, maiz Idoki izendapenarekin… Euskaltzaleak dira, abertzaleak, baina beren produktuen etiketa anitzetan ez dago euskarazko hitzik, izenaz aparte. Osagaiak eta abar, frantsesez. Nola nahi dugu Frantziak euskarari ezagupena aitor diezaion, euskaldunek berek baztertzen badute?

Horrez gain, hizkuntza gutxietsiz, daukaten herri ikuspegia bera aitortzen dute. Frantsesez etiketatzen badute, Frantzian eta Iparraldeko erdaldunetan bakarrik ikusten dute merkatua ekoizle horiek. Euskal Herri gisa pentsatzen duenak laster ulertzen du Pirinioen eta Bidasoaren bestaldean badagoela merkatu bat, eta merkatu hartara heltzekotan, ez daitezkeela frantsesez aritu. Euskarari uko egitea da Euskal Herria ez ikustea bere osotasunean, ez jokatzea herri gisa eta Frantziarekiko menpekotasunari indar gehiago ematea. Euskal Herria izango balitz erreferentzia, euskara anitzez gehiago erabiliko litzateke. Horrela indartuko lirateke bai hizkuntza, bai herria.

Frantziak eta Espainiak, estatu izanik, mendeetan zehar egindako lanarekin lortu dute euskaldunak estatu horietara lotzea. Urepeletik ehunka lagun joan ziren azken mendean zehar eta lehenago ere, bertan ez zegoelako lanik. Milaka euskaldun joan ziren atzerrira lanera, anitz “Ameriketara”, eta beste anitz “Parisera”. Oso adierazgarria: leku bat izendatzeko kontinentearen izena, bestearentzat hiriarena (zergatik ez, “Frantziara”?). Eta Baztandik zetozenak “Espainiatik” heldu ziren.

Estatua izan da norabidea markatu duena, eta norabidea markatzen segitzen duena. Errazago doa jendea estatu horretako beste hiri batera, beste estatu baten menpeko euskal hiri batera baino. Hain segur, Euskal Herria estatu izan balitz, Urepeletik Los Angelesera edo Parisera joan beharrean, ehunka lagun horiek Bilbora, Iruñera edo Donostiara joanen ziren. Euskal Herrian geldituko ziren. Eta euskara izanen zen lokarria.

Joera ez da aldatu. Gaur egun ere, gazteak trumilka doaz Frantziara ikastera, eta asko han gelditzen dira lanean. Bordelera joatea, Donostiara joatea baino naturalago zaio jendeari. Eta Hego Euskal Herrian ikasteko borondatea duenak, traba administratibo gaitzak jasan behar ditu.

Urepeletik Bilbora, herri bat garela erakusten du Korrikak, eta hizkuntza batek elkartzen gaituela denak. Ekitaldi sinbolikoaren gainetik, kultura, politika, ekonomia eta gizarteko alor guztietan, Paue, Bordele, Paris edo Madrilera begiratu beharrean, soa aldatuko bagenu, euskaldunago izango ginateke

Euskara, gure esku

maiatza 5th, 2015

Eskuz esku ibili da Korrikako lekukoa, hain ederki, hain adiskideki, hain baikorki… Urepeletik Bilbora, herriz herri, Euskal Herri osoko euskaldunek bat egin dugu, euskaraz bizi nahi dugula erakusteko. Baina euskara ez da aldarrikapen kontu bat bakarrik. Euskararen ofizialtasuna eskatzen da Ipar Euskal Herrian eta Nafarroako gune batean. Euskal Herria Bai-ek bere hauteskunde kanpainan ere eskatu ditu euskararen aldeko neurriak, euskaraz bizi nahi dutenek horretarako trabarik izan ez dezaten, euskaraz bizitzeko aukera osoa ukan dezaten. Hori zioen hautagai batek, bideo batean… frantsesez.

Har dezagun minutu pare bat “euskaraz bizi nahi dutenei” buruzko solas horretaz. Ulertzen da herri honetan batzuek euskaraz bizi nahi dutela, eta ez dutela horretarako eskubiderik. Baina arazoa ez da badela herritarren gutxiengo – handi edo ttipi – bat euskaraz bizi nahi duena, eta gutxiengo horren borondatea errespetatu behar dela. Afera da herri hau, berez, Euskal Herria izanik, herri euskalduna dela, frantsesek iparretik eta espainolek hegotik erdaldundu dutena, politika ezinago makur eta gaiztoen bidez. Euskaraz bizi nahi duten horien eskubideei begira ari bagara euskararen ofizialtasuna eskatzen, ez gara erraten ari herri gisa menperatuak garela: menperatuak garela onartzen ari gara, eta menperatzaileek pixka bat errespeta gaitzaten eskatzen ari gara. Euskaraz bizitzea ez da herritar batzuen eskubidea; ez da herritarrei dagokiona, baizik eta herriari dagokiona.

Eskatu, beti eska dezakegu, baina Frantziaren geneetan dago estatu uniformea bermatzea; euskarari eta Ipar Euskal Herriari ezagupen bereziak onartuz, bere uniformitate hori ukatuko luke. Ez du eginen. Eskatzen ibiltzeko ordez, gure esku dauden hainbat neurri har dezakegu, eta ez ditugu beti egiten.

Adibide konkretu bat, zinez adierazgarria: euskal laborarien hainbat produkturen – besteak beste Idoki izendapena dutenak – etiketei hurbiletik so eginez, ez gara guti harrituko ikustean produktuaren izenaz aparte, ez dagoela hitzik euskaraz. Euskarak frantsesaren pare izan behar luke, gutien-gutienez, gainetik ez bada. Alta, gure eskuetan da sortzen ditugun produktuetan euskara normaltasunez erabiltzea: ez badugu hori egiten, nola errespetatuko gaitu Frantziak? Idoki markak eta gainerako euskal izendapen orok bete behar luke baldintza bat gehiago: euskaraz etiketatzea. Ekoizpenaren prozesuaren bermeak eskatzen diren bezala, hizkuntza irizpideak ere errespetatu behar lirateke izendapen horiek lortzeko.

Euskararen aldeko aldarrikapenei seriotasuna kentzeaz aparte, produktu horietan euskara ez erabiltzeak beste zerbait ere erakusten du: uste dugula Ipar Euskal Herriko merkatua frantsestua dela osoki, eta gainerako merkatu eremua Frantzian dagoela bakarrik. Euskal Herri gisa pentsatuko bagenu, berehala ikusiko genuke Pirinioen eta Bidasoaren bestaldean ere badagoela merkatu bat, eta merkatu hartara heldu nahi badugu, ez gaitezkeela frantsesez aritu.

Ororen buru, euskarari uko egitea da Euskal Herria ez ikustea bere osotasunean, ez jokatzea herri gisa. Eta horrek are menpekoago egiten gaitu. Guk egiten dugu gure burua Frantziaren menpeko. Euskal Herriari begira arituko bagina gehiago, euskara anitzez gehiago erabiliko genuke. Biak guztiz lotuak dira, herria eta hizkuntza. Nolako hizkuntza erabilera, halako herri ikuspegia. Korrikak erakusten du euskarak lotzen duela Euskal Herri osoa. Korrikak erakusten duenaren arabera joka dezagun gizarteko eta ekonomiako arlo guztietan. Hori gure esku dago, eta Frantziaren beha egon gabe emanen genioke hatsa euskarari eta gorputza herriari.

Dokumentatzeko denbora

maiatza 5th, 2015

Komunikaldia bukatu ondoan, hizlarien eta irakasleen arteko bazkarian, beste gai askoren artetik, prentsaurreko eta aurkezpenen gaia atera zen. Film baten aurkezpen-prentsaurrekoa izan berria zen, eta zuzendariak kazetariei galdetu omen zien zenbatek ikusi zuten film hura. Bakar batek ere ez. Bazkarian bildutako batzuei harrigarria iruditu zitzaien: nola joan daiteke film bati buruzko prentsaurrekora, zuzendariarekin hitz egitera, filma aurretik ikusi gabe? Batek erantzun zion kazetariek ez zutela errurik: filma oraino ez zen zinemetan ikusgai, eta filmaren ekoizleek aski zuten proiekzio bat antolatzea kazetari haientzat.

Funtsean, gaiaren muinean zegoen film, liburu edo disko berri bati buruzko kazetarien dokumentazio lana. Artikulu edo elkarrizketa bat egin behar denean lan berri bat egin duen zuzendari, idazle edo musikari batekin, logikoa da kazetariak aurretik dokumentazio lana egitea. Kazetaria ezin da joan galdetuz: “zertaz da zure lan berria? Zer kontatu nahi izan duzu?”. Suposatzen da elkarrizketa baino lehen liburua irakurri duela edo filma ikusi.

Maiz ez da horrela izaten, ordea. Kazetariek aurkezpen andana bat izan dezakete astean, eta nondik izanen dute astia liburua lehenago irakurtzeko? Gainera, aurkezpena edota elkarrizketa egiten den eguna izaten da, maiz, lan berria jasotzeko egun bera.

Lan txukunena egiteko, kazetariak epe bat behar du filma ikusi edo liburua irakurtzeko, egilearekin elkartu baino lehen. Ez da horrela izaten. Baina epea izanik ere, ba al dauka astirik? Prentsak gero eta baliabide murritzagoak dituenean, kazetarien lan karga gero eta handiagoa da. Eta horrek eragina badauka erreportaje edo elkarrizketen sakontasunean eta kalitatean.

Aurre-dokumentazio lan minimo bat egin ohi da. Baina sakontzeko astirik gabe, zaila da elkarrizketa interesgarri eta original bat ateratzea. Askok galdera berak egin ohi dituzte, nahiz eta erantzuna jakin, beste komunikabide batek jadanik idatzi baitu. Baina galdera egitera behartuak sentitzen dira (“badakit galdera egin dizutela, baina hala ere egin behar dizut…”). Elkarrizketa hori jende askok irakur lezake: artistaren zaleek segur irakurriko dutela, eta haientzat berehala ezagun da kazetariak gaia eta artista ezagutzen dituen ala ez.

Informazio kantitate handia heltzen zaigu, prentsak gaiak landu eta landu behar izaten ditu, baina kantitate beharrari baliabide murritzak gehitzen bazaizkio, nekez eskainiko da kalitatea. Irakurle, entzule edo ikusleari ezin zaio azaleko lanketa bat eskaini, ordea. Sakondu behar dira. Zerbitzu hori eskaini behar dute komunikabideek. Komunikabideei eta kazetariei berei ere badagokie horretaz gogoetatzea, baina gizarteari eta erakundeei ere bai, denen erantzukizuna baita (eta denentzat onuragarri) prentsak baldintza egokietan lan egitea.

Tresna-barrara saltatu