Hiri erkidegoaren ahulgunea agerian

otsaila 25th, 2016 by Leave a reply »

Angelu, Miarritze, Bokale eta Bidarteko auzapezek hiri erkidego bakarraz gain beste aukera batzuk aztertzea eskatzeak sortu duen zalapartak agerian uzten du Prefetak egin zuen proposamenaren ahulezia eta maltzurkeria. Prefetak modu itsusian baztertu zuen gehiengoak adostu zuen proposamena, lurralde kolektibitatearena. Horren ordez, beste proposamen batzuk egin zituen, eta zenbait eztabaidaren ondotik, batzuen postura onartu zen, hala nola hiri erkidego bakarraren alde egitea.

Duela urte bateko istorioak dira. Orduan berean duda batzuk agertu zituzten hainbat lagunek: egitura hori ez zela gobernatzen ahal, eskumenen aldetik ez zituela bermatzen lurralde kolektibitatearenak, ez zitekeela hain erraz makurtu prefetaren eskaintza pozoitura… Eta orain, iragar zitekeen bezala, auzapez batzuek beren dudak agertu dituzte. Hain zuzen, hiri handienetakoei ez zaie bidezkoa iruditzen egitura horren antolaketa, eta gobernaezina dela uste dute. Anitzek ez badute onartu nahi ere, eta auzapez horien kontra oldartu badira ere, erreakzio hori logikoa da.

Jean-Jacques Lasserrek berriki Berria egunkarian erran duena ere kontuan hartzekoa da: “Ez da lurralde elkargotik hurbil. Lurralde elkargoak anitzez botere gehiago du zerga sistema eta eskumenen aldetik. Ez da egia erratea hirialde elkargoan eskumenak automatikoki bilduko direla”. Are gehiago, ez luke departamendua ordezkatuko: “Departamenduak bere eskumenak atxiki ditzan borrokatzen ari naiz. Eta atxikiko ditu. Ez da konkurrentziarik. Departamenduak sozial arloko eskumenak ditu. Herriarteko egiturak ez. Ez du nehoiz lortuko departamenduak daukan zerga sistema”.

Batera-k dio NOTRe legeak aurreikusten duela 2020rako aldatuko dela gobernatze modua. Eskumenen gaiarekin ere itxaropentsu daude batzuk. Frantzia ezagututa, eta Lasserrek berak aitortzen badu, sinesgarria ote da pentsatzea bilakaera hain positiboa izanen duela egitura horrek?

Adostasuna bazegoen Lurralde Kolektibitatearekin. Prefetak desadostasunaren hazia erein zuen, egin zituen proposamenekin. Estrategia berri batekin Lurralde Kolektibitatearen alde segitzeko ordez, proposamen horiek onartu dira, eta horrela desadostasuna landare bihurtu da, Ipar Euskal Herriaren ezagupen aukera ttipiena arriskuan ezarriz. Prefetak bere helburua lortu du.

Azken urtean batzuek kritikatu dute lurralde kolektibitatearen alde “tematzea”, bide hori agortua zela ulertarazi nahiz bezala. Eta beraz, onartu behar zen, eskatzen zena baino anitzez maila apalagoko eta dudako etorkizuna izanen zuen egitura bat. Orain, egitura hori bera arriskuan dagoenean, sekulakoa galduko bagenu bezala erreakzionatu da. Eskaera baten ezetzaren ondotik, eskaera apalagoarekin konformatzeak eragiten du eskaera apalago horren defendatzaile sutsu bihurtzea. Eta gero, proposamen oraino apalagoa baikortzat jotzea?

Beharbada alderantzizko bidea egin beharko litzateke. Lurralde Kolektibitatearen ezezkoaren aitzinean, indarrak biltzen hasi are proiektu ausartago bati begira: independentziaz mintzatzen hasiz batetik, eta gure erakundeak eraikiz bestetik. Garbi da Frantziatik ukapena baizik ez dela jinen, deblauki izan edo mozorroturik izan. Eta prefetaren prosamenari bidea irekitzea gure zapalkuntzan sakontzea da, gure herriaren etorkizuna Frantziako estatuak zedarritzen dituen aukeretara mugatzea. Hesi horietatik ez daiteke askatasunik etor. Zergatik ez hasi Euskal Herriaren independentziaren proiektuaz gogoetatzen, Ipar Euskal Herritik ere, eta Ipar Euskal Herriko herritarrei euskal estatua irudikarazten?

Advertisement

Utzi erantzuna

Tresna-barrara saltatu