Sinergien beharra

otsaila 25th, 2016 by Leave a reply »

Paradoxa bat da boto abertzalea hain nagusi den herrialdean hainbesteko eragina izatea Espainia erreferentzia duen eskualde-egunkari batek. Eskualde edo tokiko prentsa da arrakastatsuena toki guztietan. Euskal Herrian ere berdin gertatzen da, herrialde bakoitzak berea dauka: Sud-Ouest, El Diario de Navarra, El Diario Vasco eta El Correo, berez talde handiagoen produktuak direnak. Haien ezaugarri nagusia tokian tokiko berriak ematea bada ere, ildo editoriala Frantziaren eta Espainiaren nagusitasunaren aldekoa da. Hain zuzen, hurbileko berriez gain, mundu zabaleko berriak eta berri “nazionalak” (sic) ere ematen dituzte. Politika sailetik telebista orrietaraino lan egiten dute irakurleak norabide batean ideologizatzeko: nazioa Espainia edo Frantzia da, eta hizkuntza espainola edo frantsesa. Egunkari horiek dira liderrak, telebista arloan Madril eta Pariskoak diren bezala; eta lidergoa nola hartu pentsatzen hasi beharko dute euskarazko komunikabideek.

Tokiko euskarazko komunikabideei buruzko ikerketa egin genuenean garbi gelditu zen tokian tokiko euskarazko aldizkarien arrakasta izugarria dela. Goiena edo Anboto, adibidez, gain-gainetik dira beren eskualdeetako aldizkari irakurrienak. Garbi agertzen da tokiko prentsa indargunea dela euskararentzat. Ildo horretatik, Euskal Herriko berri nazionalak eta nazioarteko berriak ez dituzte lantzen, eremu hori nagusiki Euskal Telebistak, Euskadi Irratiak, Berria-k eta Argia-k betetzen dutelako. Euskarazko komunikabideek ez dute elkar zapaltzen: tokikoek ez dute gai nazionalik aipatzen eta nazionalak ez dira tokikoen eremuan sartzen.

Errealitate horrek badu ondorio bat Euskal Herriaren kohesioari begira: egunkari nazionala lidergotik urrun dago, hain zuzen, nazionala delako (beste herrialdeetan ere berdin da); eta tokikoek ez dute Euskal Herri osoaren ikuspegia lantzen, tokikora mugatzen direlako. Lan handia egiten da jendeak euskaraz irakur dezan, baina euskarazko produkzio horrek ez du nahiko indar egiten Euskal Herriko ikuspegia errotzeko.

Euskarazko prentsak lidergoa hartzeko baldintzetarik bat (ez bakarra) da tokikoen eta nazionalen arteko sinergia sendoak bilatzea. Bi zutabeak funtsezkoak ditu: tokian tokiko eskaintza eta ikuspegi nazionala uztartzetik sor daiteke proiektu sendo bat.

Euskarazko komunikabide-enpresen eta euskaraz lanean ari diren kazetarien sarea ikusgarria da: ehunka langile daude eremu geografiko zabalean. Indargune handia da; zorigaitzez, atomizazioak ez gaitu uzten indar hori ikusten, indar horretaz baliatzen, ez eta ere lider izan daitekeen proiektu bat altxa daitekeela sinesten.

Atomizazioaren ordez, sinergiak eta elkarlana bilatuz edota proiektu komunak eraikiz, jauzi kualitatibo handia ere eginen luke euskarazko prentsak: prentsa nazionala bera askoz aberatsagoa izanen litzateke tokian tokiko sarearen ekarpenarekin. Esperientzia batzuk egin dira berriki: Korrikaren hasieran eta bukaeran, Durangoko Azokan edota Ipar Euskal Herriko hauteskundeetan. Azken horren haritik, aipatu behar dira Berria, Euskal Irratiak, Kanaldude, Herria eta Kazeta.eus komunikabideen arteko elkarlana.

Elkarlan horiek aztertu behar dira, ikusi zein diren indarguneak, zein ahulguneak, eta gero ikusi zer egin daitekeen modu zabalago batean. Urte batzuk beharko lirateke, hain segur, halako proiektu sendo bat eraikitzeko. Gogoeta sakon eta luzea eskatzen du, gardena, zintzoa, taburik gabea. Euskarazko komunikabideen beste iraultza bat pentsatzeko tenorea etorria da, euskal estatu ikuspegi batekin arituz.

Advertisement

Utzi erantzuna

*

Tresna-barrara saltatu