Zein bilakaera?

otsaila 25th, 2016 by Leave a reply »

Solairu askotako antolaketa dauka administrazioak Frantzian. Ipar Euskal Herriak ezagupena eta egitura propioa falta ditu antolaketa horretan. Azken urteetako herri mugimenduen xedea izan da Pirinio Atlantikoetatik eta, batzuen kasuan, Akitaniatik bereiztea eta lurralde antolaketa autonomo bat eskatzea. Lurralde kolektibitatea delakoak bere baitan izanen zuen ezagupen hori, hainbat eskumen eta botererekin batera.

Frantziako Gobernuak eskaera horri ezezko garbia eman ondoren, Pirinio Atlantikoetako Prefetak hainbat aukera utzi ditu mahai gainean, Ipar Euskal Herriko hautetsiek erabaki dezaten. Herri elkargoak nola antolatuko diren erabaki behar da orain. Frantziako lurralde antolaketaren bilakaeraren harira, erabaki hori hartu behar izanen zen, bestela ere. Ipar Euskal Herriko lurralde kolektibitatearen ideiak aurrera egin ala ez, mankomunitateen egitura aldatuko zen eta horri buruz erabaki beharko zen.

Mankomunitate bakarraren aldeko kanpaina darama Batera plataformak, eta ez dute horren aldeko hautua egin kostaldeko hirietako alkateek (Baionakoak salbu). Ororen buru, Prefetaren joko arauak onartu dira. Nahiz eta herritarrek ezin izanen duten zuzenean erabaki, hautetsien bidez erabakiko da zeharka. Mankomunitate bakarraren aukera ez bada nagusitzen, Frantziak erranen du orain ez dela kexatu behar, hori izan delako “erabaki duzuena”. Alderantziz, mankomunitatearen aukera nagusitzen bada, Frantziak berretsiko du hori izan dela hautetsien gehiengoak onartu duen egitura, bere muga guztiekin. Ez luke ulertuko erratea hori ez dela Ipar Euskal Herriak eskatzen duena.

Mugak aipatuta ere, azken finean, aukera historiko gisa aurkeztu da mankomunitate bakarraren ideia, azken hilabeteetan. Eskumenen eta boterearen gaia, aurrekontuarena eta gobernantzarena ez dira batere argi. Ipar Euskal Herriak segituko du Pirinio Atlantikoen eta Akitaniaren parte izaten. Solairu asko dituen antolaketak solairu bat gehiago izanen du, beraz. Eta ez du konponduko gutxiengo autonomia baten egarria.

Haatik, litekeena da azken urteetan lurralde kolektibitatearen alde mobilizatu diren hainbat hautetsi eta eragile sozioekonomiko konforme gelditzea egitura horrekin. Are gehiago egitura horren bilakaeraren baitan jartzen diren esperantzak ikusirik. Zein izanen dira benetako aukerak egitura horretatik erakunde autonomo bat sortzeko? Frantziak utziko al dio biderik? Eta hautetsiek berek zenbateko motibazioa izanen dute urrunago joateko eta indar-harreman bat hasteko, eskumen eta botere gehiagoren alde?

Zer gertatuko zatekeen, aldiz, Prefetaren proposamenari uko egin balitzaio? Batetik, hartuko zuen erabakia inposaketa bezala biziko zatekeen, eta beraz ez zukeen zilegitasunik herritarren eta hautetsien begietan. Zilegitasun aitortza hori gabe, autonomia faltak beste erreakzio bat piztuko zukeen: Frantziari eskatzea alferrik denez, Ipar Euskal Herriaren berezko ekintzailetasuna eta irudimena erabili, eta berezko erakundea sortu. Ikuspegi baikorra dutenek erranen dute mankomunitate bakar hori izanen dela autonomia horretarako abiapuntua. Ezkorrek erranen dute helmuga gisa biziko dutela askok, eta gutxienez hamarkada bat iraganen dela haren mugek sortuko duten frustrazioaz ohartu arte.

Advertisement

Utzi erantzuna

Tresna-barrara saltatu