Archive for the ‘Bertsolaritza’ category

Xilaba, hitzaren alaba

urria 6th, 2014

Txapelketa baino zerbait gehiago da Xilaba. Ipar Euskal Herriko bertsolari txapelketa hitzaren besta da, gure hizkuntzaz plazer hartzeko tenorea, euskararen eta euskal kulturaren inguruan biltzeko hitzordua. Jakin-mina pizten du, jendea erakartzen du, eta hori baikorra da Euskal Herriko eremu gero eta ahantziagoarentzat, eta, nolaz ez, euskararentzat.

Gainerakoa, bigarren mailakoa da. Izanen da txapeldun bat, izanen da txapeldunorde bat, izanen da buruz burukoaren atean geldituko den bat, edo gutigatik finalera sartu ez den bat. Eta, bistan denez, izanen dira sailkapenarekin gustura ez dauden zaleak. Ez da futbola, ez eta ere pilota, eta beraz bertsolari bakoitzak ukanen duen puntuazioaren inguruan egunak eta egunak eztabaida daiteke. Baina pena litzateke polemikak gaina hartzea. Epaimahaikideei parte hartzeko gogoa kentzeaz aparte, bertsolari batzuk ere mindu daitezke, eta giroa, oro har, txartu.

Beste gisan nekez betetzen dira plazak, zorigaitzez. Kontuan hartu behar da hori, bistan da. Jendea bertsoaren inguruan bil dadin, txapelketa antolatu behar bada, antola bedi txapelketa. Kinielak egiteko edo zalaparta eta kalapita pizteko bada, balio ote du?

(Ipar Euskal Herriko Hitza-n argitaratua)

Eguberri Baigorrin 1968an, Xalbador, Zubikoa eta beste

abendua 19th, 2012

http://www.ina.fr/video/CAF93052982/noel-a-bordeaux.fr.html

Baigorrin grabatutako dokumentu hau altxor bat da garai bateko Euskal Herria nolakoa zen ikusi nahi duen ororentzat. 1968ko irudiak dira, atzokoak, errateko maneran… nahiz eta gauzak anitz aldatu diren geroztik. Orduko artzainak, etxaldeak, janzkerak, izateko moduak… anitz erakusten du bideoak. Eguberriko euskal meza ederki islatzen du. Arto zuritzea, Eguberri giroan grabatua, gaur egun egiten ez den ekintza sozial bat da. Orain arte, gurasoek kontatzen zuten nola, telebistarik ez zegoen garaian, supazter inguruan biltzen ziren, kantuz eta istorio kondan* aritzeko. Horra hor irudia.

Bideo hori zabaldu da duela zenbait egun, baina Xalbadorren agerraldia azpimarratzeko. Baina nor ziren bada gainerako pertsonak?

Hastapeneko artzainaren agerraldia (gero arto zuritzean ageri dena) balio handikoa da. Lehen Mundu Gerrako gudari ohia da, bizi osorako maingu gelditu zena gerrako zaurien ondorioz. Hori da ere Ipar Euskal Herriko belaunaldi baten errealitatea, Iparraldea ongi ulertzeko gako garrantzitsua. Badira urteak 14ko gerrako azken lekukoak hil zirela.

Xalbadorren ondotik bertsotan ari dena Ximun Ibarra Zubikoa da. Zubikoa 1905ean sortu zen, Sunbillan (Nafarroa). Ikazkina zen ofizioz. Bankar batekin ezkondu zen eta Bankara (Baxenabarre) joan zen bizitzera. Han hil zen 1979an. Haren ehorzketa egunean, Iparraldeko garai hartako bertsolari gazteek kantatu zuten haren omenez: Joanes Arrosagarai, Mixel Xalbador, Ernest Alkhat, Txomin Esponda eta Jean-Pierre Mendiburuk. Horiez gain, Xanpun eta Felix Iriarte Bersinanto aritu ziren bertsotan. Felix Iriarte ere Sunbillakoa zen, Zubikoa baino zazpi urte gazteagoa, eta Aldudera joan zena bizitzera (Urepele eta Banka lotzen dituen herria). 1936an, Nafarroako bertsolari txapeldun izan zen.

Zubikoarekin segitzeko, erran dezagun Nafarroako txapelketan parte hartu zuela 1936an, 1960an, 1962an eta 1963an. Azken horretan, finalista izan zen. Beste hainbat lehiaketetan eta saiotan ere parte hartu zuen. Mixel Labegueriek ohar batzuk idatzi zituen (Mixel Itzainak bilduak) 1948an Saran izan zen txapelketaz, eta hara zer dion Zubikoaz:

Mixelen arabera ZUBIKOA.k eman aireak dira ederrenak melodia aldetiketa haren bertsuen rimak hoberenak. Huna zer dion segidan: «… Bainan jen-dea guti ohartzen horri, doñu moderno tetele batzuez beharriak haunpatuak izanez.» Huna oraino Mixelek idatzi zenbait oharpen: «… bertsuari beraribehatzen zaionean , aireak bere inportantzia badu. Alabainan bertsulariaren lehen lana bertsua xuxen egitea da. Mahainburukoen arabera Ximun ZUBIKOA da xuxenenik ari dena. Hegoaldeko gehienak bezala. Zergatik ote? Zenbaitek hori mintzairatik datorrela usteko dute. Neri iduri zait doinutik, hunen mugi-mendutik ere datorrela….» Horra Mixelen iritzia.
Dena den egun hortan bertsulari bakotxak erabili doinuak beren erez-zatietan emanik dauzka. «Horien gorputzera baizik ez dut hemen ekarri, dio berak, ZUBIKOA baten zintzurretik zerionak ekialdeko tehenta baten kutsua hartzen baitu. Hori ez ditaike paper hostoan idatzi, bakarrik zinta batean hartu…» Ximun ZUBIKOA kantatzen entzun dutenek konprenituko dute.

Txistua jotzen duen gazte hori nor ote da? Baigorriarra da: Betti Bidart, Baigorriko gaiteroa, Basaizea elkarteko kidea eta Nafarroaren Egunaren antolatzaileetariko bat, preso ohia… Bideo horretan 14-15 urte zituen.

Eta bideoaren seigarren minutuan, mezako irudietan, Erramun Martikorena ageri da, beste batzuekin batera kantuz. Orduan, 25 urte zituen.

* istorio kondan: Xuxen-ek ez du onartzen, baina hola erraten dugu “istorioak kontatzen”.

Bertsoak eta golak

azaroa 9th, 2012

Bihar Xilaba bertso txapelketaren finala dela-eta, bertsoen puntuatzeaz argitasun batzuk eman nahi nituzke. Txapelketetako finaletan (saio luzeetan bereziki), txapel bakarra izanagatik, bertso bikainak ez dira txapeldunaren ahotik bakarrik entzuten. Gerta liteke ere txapeldunak saio oso ona egin izana, baina saioko bertso bikainenak beste batek kantatu izana. Gertatzen dena da, ez dela nahikoa bertso bikain batzuk kantatzea txapela irabazteko, saio osoa hartzen baita kontuan.

Bertso bakoitzak epaimahaikide bakoitzeko puntuazio bat lortzen du, 0tik 10era. Bost epaimahaikide baldin badira, bertso bakoitzeko 0tik 50era puntu bitartean jaso dezake bertsolariak. Bertso guztien puntu kopuru hori batzen da, eta bukaeran puntu gehien lortu duenarentzat izaten da txapela. Matematikak egiten dira, eta ez da epaimahaiaren erabaki adostu batetik ateratzen txapelduna. Zale gehienek badakite, baina sekula ez da kalte gogoraraztea.

Bertso saio bat hurbilago da txirrindulari lasterketa batetik edo pilota partida batetik, futbol partida batetik baino. Futbol partidan, gol gehien sartu duenak irabazten du. Pilota partida batean, pilotari batek kintze ederrak egin ditzake, baina 22 egin behar dira irabazteko, nahiz eta ez izan galdu duenak egin dituen hamar kintzeak bezain ikusgarriak.

Puntuak batzeko irizpideen inguruan gogoeta anitz egin izan da, eta egiten da. Erabaki liteke bertso bikain gehien egin duena izatea txapeldun: nahikoa litzateke begiratzea zein bertsolarik kantatu duen (adibidez) 9tik gorako puntuazioa eman dion bertso gehien. Orduan, bertso final batek gehiago izango luke futbol partidatik, pilota partidatik baino.

Baina ez da horrela egiten, eta bertso bikainak ez dira golak bezala zenbatzen. Gainera, uste dut ezinezkoa dela halakorik egitea. Golak sartzen dira edo kanpoan gelditzen dira. Bertso bati 9, 8 edo 7ko puntuazioa jarri behar zaion, beti eztabaidagarria izanen da, subjektibitatetik anitz duelako. Eztabaidatu nahi izanez gero, beste hari mutur anitzetik ere egin dakioke tira gai honi.

Bertsoa ez da pilota, ez futbola. Txapela zeinek jantzi, sailkapena nolakoa izan, beti sortuko da eztabaida. Eta eztabaida saihestezina bezain sanoa da, bati gehiago gustatzen zaiolako bertsolari baten lana, beste bati beste batena eta abar. Gisa batez, bertsolari bakoitzaren lanaren baloratzeko eta aitortzeko modu bat da.

Txapelketak lehia dakar berekin, euskaldunak lehiazaleak gara eta txapeldun bat nahi izaten dugu. Aski da ikustea zenbat jende biltzen den txapelketetako saioetan. Horregatik, ez dut uste txapeldunik gabeko txapelketarik antola daitekeen. Baina beharbada saritzeko modu berriak plantea daitezke: umorearen saria, sakontasunaren saria, erantzuteko gaitasunarena, bideak irekitzeko gaitasunarena eta abar.

Tresna-barrara saltatu