Archive for the ‘Egunkaria’ category

#egunkaria10urte (2): Ziliportak

otsaila 21st, 2013

“Zizare buztan bat badukete”, erran zidan batek: nahiz eta Egunkaria-ren kontrako operazioa zentzugabea zela iruditu, halakorik ezinezkoa zela “zizare buztanik” gabe. Zizare buztanak ez dira frogak; eta hala ebatzi zuten auzitegiek, zazpi urte geroago. Baina ziliportak gelditzen dira: aski da “terrorismo” hitza lotzea auziarekin, susmagarri bihurtzeko.

Sostengu bila abiatu ginelarik, arazorik ez genuen izan Ipar Euskal Herrian: ikaragarriko babesa jaso genuen, bai karrikan, bai kolore politiko guztietako hautetsiengandik (adibidez, PS-ko Eskualde Kontseilariak Baionako egoitzan izan ziren bisitan, Miarritzeko eta Hendaiako auzapezek beren bulegoan hartu gintuzten). Euskal Herritik kanpo, besterik zen.

Prentsaurreko bat antolatu nahi izan genuen Parisen. Horretarako Mugarik Gabeko Kazetariak eta Amnesty International elkarteekin sartu ginen harremanetan. Ez zuten gehiegi busti nahi (Kazetarien elkarteak bereziki; Amnesty Internationalek, Parisen zerbait antolatzeko, Londresko erakundearekin harremanetan jartzeko eskatu zigun, eta haiek lagundu gintuzten). Haien sostengu biziki herabearen gibelean bazegoen zizare buztanaren mamua: hitz erdika ulertarazi ziguten, Europako estatu “demokratiko” batean “terrorismo” auzi gisa aurkeztua zen eskandalu horretan, ez ziotela sinesgarritasun osoa eman nahi… Egunkaria-ri. Frantziako egunkariek ez zuten ia aipatu ere egin gertatu zena (ez eta absoluzioa ere). Bruselan, Europako Legebiltzarraren egoitzan, prentsaurrekoa eman genuean ere, Hego Euskal Herriko eta Espainiako hedabideetako kazetariez aparte, ez zitzaigun nehor agertu.

Espainiak eskuak libre zituen: Europako Batasuneko estatua zen, ETAren indarkeria jasaten zuen, eta 2001eko irailaren 11ko atentatuen ondorengo giroan hartu ziren neurriekin, dena zilegi zen; EB-ko estatukideek begiak ixten zituzten. Auzitegiek argi utzi dute Espainiak zuzen-kontra jokatu zuela. Hala ere, merke atera zaio. Europako diziplina kontseilu batetik pasatu al da egin zuenaz azalpenak emateko eta zigortua izateko?

Mina ez zigun euskararen eta prentsa askatasunaren kontrako bidegabekeria hark egin bakarrik. Ziliportek ere min egin ziguten, eta batzuen begietan, olio orbanen gisa, beti hor gelditzen dira.

#Egunkaria10urte (1): Ilusioa

otsaila 19th, 2013

(2013ko otsailaren 19ko Berria-n argitaratua)

Jean-Louis Caussade Gure Irratiko animatzailea zen. 1990eko uztailean hil zen auto istripuz, alaba txikiarekin batera. Ipar Euskal Herriko euskarazko hedabideak umezurtz gelditu ziren, eta euskaltzaleak dolutan. Berri hits hark lekua izan zuen handik egun gutxira aurkeztu zuten Euskaldunon Egunkaria-ren 0 zenbakian.

Ilusioa piztu zidan euskarazko egunkari bat esku artean edukitzeak; ilusioa, baita ere, ekitaldian transmititu zen baikortasun eta alaitasunak. Hilabete batzuk geroago, lehen zenbakia ekarri zuen aitak etxera, eta gero, egunero ale berria, gurasoak harpidedun egin ziren arte. Nerabea nintzen, eta Egunkaria-rekin hasi nintzen Euskal Herriko eta mundu zabaleko berriak jarraitzen, egunero.

Euskaraz izateaz aparte, Egunkariak bazuen zerbait ni guztiz harrapatzeko: Ipar Euskal Herria errespetu handiz tratatzen zuen, eta bere pisua zeukan Euskal Herriko gainerako lekuetako edota mundukoen artean. Zinezko nazio ikuspegia zeukan eta ikuspegi hori zaintzen zuen egunkaria zen.

Ez nuen irudikatzen kazetari izan nahi zuen nerabearen ametsa beteko zela handik bost urtera, Euskaldunon Egunkarian lehen ordezkapenak eginez. Anitz ikasi nuen irakurle gisa lehenik, eta kazetari gisa ondoren. Anitz zor diot Egunkariari. Eta ilusio handiz – gero eta gehiagorekin, gainera – aritu nintzen lanean, egunkari nazional on eta duin bateko parte izateaz pozik.

Motibazio eta ilusioz beterik geunden unean harrapatu gintuen gure egunkariaren itxiera bat-bateko, bortitz eta bidegabeak. Burua altxatzeko indarra ez ziguten eman haserreak eta elkartasun zabalak bakarrik: ilusio hark ere bai. Eta ilusio hura biderkaturik sortu genuen Berria, Euskal Herri osoko euskaldunei beste edozein naziotako egunkari orokorren gisako kazeta bat eskaintzeko.

Gaur egun, euskarazko komunikabideen esparrua anitz zabaldu da. Haatik, beste mehatxu mota bat daukate denek gainean: prentsaren krisi orokorra. Jasanak jasanik, ezin dira lurperatzen utzi, eta etsipena baztertuz, ilusioz eta irudimenez aurre egin behar zaie erronkei, beti segi dezagun euskarazko komunikabide duin eta garaikideekin bizitzen eta hauekin jasotzen berriak, izan tristeak edota alaiak.

 

Tresna-barrara saltatu