Archive for the ‘Enbata’ category

Orekaren balada

martxoa 9th, 2015

Politikan dabilenak ekilibrista lanak egin behar izaten ditu, maiz; bereziki akordio politikoa bilatu nahi denean. Adostasunak nekez eraikitzen dira, eta aise suntsi daitezke: aski da harrixka bat mugitzea, etxe guztia erortzeko. Errazagaoa da kalapita, bakoitza berean tinko egonez. Urte anitzetako elkarrizketen eta pazientziaren emaitza izan da azken urteetan Ipar Euskal Herrian izan den adostasuna, erakunde baten alde. Haize ufada gogor batek jo zuen, ordea, Paris aldetik, eta harrizko etxe hori azkarki inarrosi, Vallsen ezezko irmoaren eta Prefetaren proposamenen ondotik. Oreka galtzeko heinean egon da batasun zabal hori.

Orain egokitu da hiri erkidego edo herri elkargo handi horri baiezko erantzuna ematea, oreka ez hausteko; beti ere, Lurralde Kolektibitatearen helburua jomugan atxikiz. Bistan da, erabaki horrekin ez ziren uxatu nahi abertzaleak ez direnak. Baina orekak krak ez egitekotan beste muturrekoak ere goxatu nahi izan dira. Xede horrekin, batzuk hasi dira esplikatu nahiz hiri erkidego hori izan daitekeela biharko erakunde autonomoa. Batetik, departamenduak desagertzera doazelako, omen, nahiz eta Frantziako Senatuak berriz ere berretsi duen departamenduenganako atxikimendua. Bestetik, gutxietsiz Lurralde Kolektibitatean “tematzen” direnen jarrera.

Gauza bat da herri elkargoen antolaketari buruz erabaki bat hartzea, gai horretaz ere erabaki behar baitzen. Baina nekez sinetsaraz daiteke Frantzia jakobinoak Ipar Euskal Herriaren eskura utziko duela tresna bat, herri honi autonomia eman diezaiokeena epe luzera. Ezin uka eskura dauden tresna guztiak erabili behar direla, boterea lortzeko bidean. Haatik, Lurralde Kolektibitatearen alde manifestazioak egiteko garaia bukatu den bezala, garbiki erran behar da bere arriskuak dauzkala oreka baitezpada mantendu nahi izateak, bereziki prefetaren asmoetara egokitu behar bada.

Eguneroko dinamika politikoan sartua denak informazio guztiak eskura dauzka, oreka horren korapiloak ulertzeko, hautu bakoitza esplikatzeko. Politika urrunxeagotik segitzen duenak zailtasunak dauzka ñabardura guztiez ohartzeko, sukaldean gertatzen dena, gehienetan sukaldean gelditzen delako. Ez dauka horregatik interes gutxiago sukaldetik kanpo daudenen begiradak, eta aberasgarriak dira haien gogoetak egoera politikoaz, edota iritziak hautu politiko, taktiko edo estrategikoez, denen ikuspegiarekin aberasten eta aitzinatzen baita herri bat.

Bakoitza bere arloan ari da zerbaitetan, eta arlo eta toki bakoitzetik gauzak gisa batera edo bestera ikusten dira. Eta oreka zaintzea ez da bakarrik politika arloko oreka zaintzea, oreka politiko batek beste gisako desorekak sor ditzakeelako.

Azken hogei urteetako dinamika pragmatikoan, aitzinamenduak egin dira. Horietatik bat da Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionalaren onarpen zabala. Baina dinamika hori bihurgune batera heldu da. Merezi du balorazio sakon bat egiteak, ikusteko ea, aitzinamenduez aparte, mugak eta gibelatzeak ere ez diren izan. 2015ean, frantses alderdiak hurbildu dira gehiago abertzaleen posturetara, ala frantsesek abertzaleak epelarazi dituzte gehiago? Zein norabidetan mugitu da soka?

Departamendu hauteskundeak aukera onak dira oreka batzuk hausteko (behin behinean bederen) eta beste batzuk sortzeko: ozen eta ahalkerik gabe adierazteko abertzaleen proiektua Euskal Herri batu eta independente bat lortzea dela. Eta bide horretarako estrategia ezin dela izan Frantziari eskatu eta eskatu ibiltzea, ororen buru nahi ez den hori onartzeko. Laborantza Ganberaren ereduari jarraiki, proposamen berritzaileen tenorea da. Eta sokaren bestaldekoek argi dezatela zenbateko lehentasuntzat daukaten Ipar Euskal Herriaren egituratze hori.

Adierazpen askatasuna

otsaila 5th, 2015

Hitzen nahasketa handiak gertatu dira Charlie Hebdo astekariaren kontrako atentatutik landa. Batetik, “islama”, “musulmanak”, “integristak”, “jihad”, “arabiarrak”, “magrebiarrak”… denak zaku berean sartu dituzte batzuek; nahasi dira kontzeptuak, nahasi dira erlijioa eta populua, nahasi dira erlijioaren beraren tendentzia desberdinak. Ohartu gara ez dakigula gauza handirik populu zabal horiez, ez eta ere haien erlijioaz. Nahasi dira “islamofobia”, “xenofobia” eta “laikotasuna” edota “ateismoa”.

Halaber, “adierazpen askatasuna” ulertzeko modu desberdinak agertu dira. Mugak behar ditu ala askatasun osoa behar da? Nahasi dira, baita ere, adierazpen askatasuna urratzeko moduak.

Denek gaitzetsi dute Charlie Hebdo-ren kontrako atentatua, adierazpen askatasunaren urratze bat bezala. Baina gero agertzen dira ñabardurak. Haizu ote da Mahometen karikaturak egitea? Haizu ote da erlijioaz irri egitea? Batzuek diote marrazki batzuek min egin dezaketela, eta kasu eman behar dela. Frantzisko Aita Santuak berak dio ez dela zilegi erlijioaz irri egitea (eta bistan da ez zela musulmanen erlijioaz ari bakarrik). Mugak jarri behar badira, non jartzen dira? Zergatik erlijioan? Hasian hasi, zergatik ez politikan edo beste edozein eremutan? Marrazkien helburua kritika gordinak egitea baldin bada, beti minduko dute nor edo nor. Norbait mintzeko beldurrez isildu behar bada, adierazpen askatasuna murrizten da; eta ez guti, mintzeak ez baitu mugarik. Erlijioaren izaera salatzen dutenek onartu behar badute erlijioaz irri ez egitea, berek aitortzen diote onartu nahi ez dioten boterea.

Norbaiten marrazkiak edo artikuluak gustuko ez dituenak aterabide erraza du: ez erosi aldizkari hori, ez irakurri. Aldizkari horrek mindu, iraindu edo zikindu duela uste duenak auzitegira jo dezake. Baina tiroka hastea ez da bidea. Bistan da, Charlie Hebdo-ko erredakzioan egin zuten salbaikeria adierazpen askatasunaren kontrako erasoa zela, baina ez bakarrik Mahometen marrazkiak egiteko askatasunaren kontrakoa. Marrazkilari eta kronikalari batzuk hil dituzte; ez dute berriz marraztuko, ez idatziko, ez erlijioaz, ez politikaz, ez ekonomiaz, ez deusetaz. Eta aldizkaria bera desagertzeko heinean ezarri dute, taldekide nagusiak mundutik desagerraraziz.

Urtarrilaren 7an adierazpen askatasuna urratu zela salatu dutenei kritika egin diete euskaldun anitzek: ea non zeuden Egunkaria edo Egin itxi zituztenean, edo twitterlariak atxilotzen dituztenean? Batzuek hori galdetzen zuten, ahantziz ETAk ere kazetarien eta hedabide batzuen kontra eraso egin izan duela. Adierazpen askatasunaren kontrako eraso guztiak ozenki salatzekoak dira. Zorigaitzez, bakoitzak ikusi nahi ditu ikusi nahi dituenak.

Gertatzen dena da, Parisko atentatuan, hamabi lagun tiroz hil zituztela, gerlako armekin; garbitu zituztela. Eta horrek ematen dion izaria bestelakoa da: ez zen adierazpen askatasunaren urratzea bakarrik, urratzeko modua bera ere bazen, eta, oroz gainetik, biziaren kontrako erasoa. Eta ez zen hori izan Parisen gertatu zen eraso bakarra 48 oreneko epean. Israelgo Lehen Ministroa Pariseko manifestaziora joan bazen, juduen kontrako erasoaren ondorioz izan zen, hain segur. Eta gainerako estatuburuak “adierazpen askatasunaren” izenean agertu baziren ere, “terrorismoaren kontra” biltzeko izan zen, eta munduko potentzia nagusietako bati elkartasuna adierazteko. Haietariko hainbat ez dira adierazpen askatasunaren alde, are gutiago Charlie Hebdo-ren alde. Eta zen Charlie Hebdori omenaldia egitea, gertakari tragiko hartaz baliatzea frantses “nazioaren” aldeko “batasun sakratua” aldarrikatzeko. Adierazpen askatasuna ez zen gehiago gaia.

Enbata-n argitaratua

EHB eta EHB

otsaila 5th, 2015

Uztaritzeko Lapurdi gela ezkontza eta dibortzio frankoren lekukoa izan da. Joan den abenduaren 20an Euskal Herria Bai koalizioa mugimendu politiko iraunkor bihurtu zen. Hogei bat urte lehenago, gisa bereko erabaki bat hartu zuen Abertzaleen Batasunak. Ordu arte koalizio zena, mugimendu politiko bihurtu zen 1995ean (artean, Lapurdi gela oraino eraikitzekoa zen, baina biltzar nagusi hura Uztaritzen izan zen). Duela hamahiru urte, berriz ere Lapurdi gelan, Abertzaleen Batasuna bitan zatitu zen. Ondoko urteetan, Batasuna alderdiaren eta Abertzaleen Batasunaren arteko harremana txarra izan zen, 2007tik goiti Euskal Herria Bai koalizioan elkartzen hasi ziren arte, Eusko Alkartasunarekin batera.

Urte horietan gauzak anitz aldatu dira. Hobe da ahanztea Herritarren Zerrendako hautagaiak ABko kideak kalifikatu zituela “beren burua abertzaletzat daukaten” pertsona gisa. Hobe da ahanztea 2002ko Aberri Egunaren giroa, eta ETAren erantzun gogorra, AB, EA eta Aralarren kontra. Ahantz bedi, baita ere, Aralarrek Euskadiko Ezkerraren bilakaera izanen zuela ziotenen iragarpena. Abertzaleen arteko gaiztakeria aroa iraganekoa da, eta hala egon bedi. Hobe da ahanztea, baina ez da kalterako izanen onartu behar dutenek onar dezaten zer astakeria erran zuten disidentziaren kontra.

Zorionez, zatiketa mingarri haren arrazoiak indargabetu dira. Nagusia, borroka armatua. Lizarra-Garaziko itxaropena bat-batean mozturik, kalapita handiak izan ziren ABren baitan; Hegoaldean, Aralar alderdia sortu zen. Ez zen garai hoberena alderdi nazional batu bat sortzeko, desadostasun hain sakonak izanik. Beste arrazoia, politika nazionala ulertzeko moduan zegoen.

Borroka armatua desagertu da, eta beraz bateratzea anitzez errazagoa da, orain. Politika zentralizatu baten beldurra haizatu dela ere iduri du. Gaur egun, Ipar Euskal Herriak bere mugimendu politikoa edukitzea – eta Hego Euskal Herriak berea – izan daiteke horren erakusle.

Prozesu “asimetrikoaren” alde ari ziren, AB eta Aralar bereziki. Oraingo egoeran, ildo hori zabaldu dela ageri da. Horiek horrela, egoera politikoaren aldaketa handien ondorioz, berrazter daiteke alderdi, koalizio edo mugimendu nazionalen inguruko postura.

Euskal Herria Bai sortu zen Ipar Euskal Herrian, 2007an. AB, EA eta Sortuko kideak dira mugimendu horren parte. Hego Euskal Herriko koalizioa Euskal Herria Bildu da, Alternatiba, Aralar, EA eta Sortu alderdiak elkartzen dituena. Biak dira EHB; bietan daude EA eta Sortu; Aralar eta Alternatiba ez daude EH Bai-n; AB ez dago EH Bildu-n. Funtsean, alderdi batzuen hedadura geografikoaz gain, ez dago desberdintasun handirik, ildo politikoari dagokionez.

Ez ote da mementoa etorri gogoetatzen hasteko Euskal Herri osoan izen bereko mugimendu bakarra sortzeari begira? Azken urteetan garbi gelditu da ez dela nahi mugimendu politiko zentralizatu bat; halaber, EH Bildu eta EH Bai-en esperientziatik abiatuz, ikusi da aberasgarriagoa dela aniztasuna kontuan hartzen duen mugimendu bat, ildo politiko hertsi bat baino.

Oinarri horiek errespetatuz, urrats bat gehiago egin daiteke, Hegoaldeko eta Iparraldeko mugimenduak elkartzeko. Testuingurua duela hamabi urte baino hobea da. Eta Euskal Herriak badu beharra elkarrekin gauza gehiago egiteko, alde bakoitza ez dadin sobera egon bere aldera begira. Elkar errespetatuz, elkar lagunduz eta elkarrekin lan eginez, garai berrietara egokitu eta nazio eta osotasun ikuspegiz aitzinatzeko baldintzak badaude.

Enbata-n argitaratua

Zubiak, erabakitzeko

otsaila 5th, 2015

Euskal Herrian badira ekitaldi batzuk, ezin direnak irudikatu Euskal Herri osokoak izan gabe. Ezin da pentsatu Korrika, Bidasoa eta Pirinioak zeharkatu gabe. Ezin liteke pentsa “Bai Euskarari” kanpainan bete ziren futbol zelaien artean ez izatea Iparraldekorik. Jende frankok harriduraz eta dezepzioz hartu du Gure Esku Dago-k 2015eko ekainaren 20an eginen duen ekitaldia Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan bakarrik egitea. Itxura guztien arabera, horren arrazoia ez da Ipar Euskal Herria ahantzi edo baztertu izana. Ahalegin batzuk egin omen ziren, baina gauzak ez dira aitzina atera.

Egia da ez litzatekeela biziki egokia Hegoaldean erabakitzea Baionan ere ekitaldi bat antolatzea, Iparraldekoekin adostu gabe. Baina Iparraldekoen inplikaziorik ez lortzearen ondorioz, Iparraldea ekimen horretatik kanpo gelditzea ez da hobea. Huts horren arazoa sakonagoa da. Politika arloan, azkenaldian distantziak handitu dira Hegoaldearen eta Iparraldearen artean. Eguneroko gauzetan ageri da hori: komunikabideetan, erakundeetan, gizartean… Eta zaila da Hegoaldean pentsatzen diren ekimenak, zenbait hilabeteren buruan Iparraldera zabaltzea. Giza katea urruneko zerbait bezala ikusi zen, eta urruntasun horrek segitzen du.

Hego Euskal Herriko agendaren araberako ekitaldi bat delako? Errealitate desberdinak direlako? Ipar Euskal Herritik elikatu da, gehienetan, erritmo desberdinen gaia eta prozesu asimetrikoaren teoria. Hori anitz garatu zen, garai batez Euskal Herriko politika modu zentralizatu batean egiteko gogoa agertu zutenean, batzuek. Bistan dena, Iparraldean ezin dira gauzak egin Tolosan edo Goierrin bezala.

Haatik, beste muturrerako bilakaera gertatu da. Prozesu asimetrikoen ondorioa izan da bakoitza berera eta bere zapaltzaileari begira dagoela. Prozesu asimetrikoek eraman gaituzte agendak arras desberdinak direla sinetsarazteraino. Ipar Euskal Herrian sekulako indarra lortu da Lurralde Kolektibitatearen alde. Giza katea eta Gure Esku Dago? Beste agenda baten parte bezala ikusi dira; Hego Euskal Herriko prozesuaren parte bezala; bazterrak nahasiko omen lituzke, lagundu baino gehiago; Ipar Euskal Herriko agendan ez omen dago independentzia eta autodeterminazioa.

Baina hain agenda desberdinak ote dira? Gure Esku Dago-ren aldarrikapenetan, argi dagoena da erabakitzeko eskubidearena. Baina zertaz erabaki eta zein izanen den subjektu politikoa, ez da argi. Hego Euskal Herrian berean, mugimendu politikoa ez da argi mintzo, eta ez da adostasunik ageri. Independentzia? Autonomia zabalagoa? Hego Euskal Herri osoa? EAE bakarrik? Ipar Euskal Herrian, aldiz, proiektua argi da; urte anitzez landu da, eta adostasun zabala dago. Ipar Euskal Herrian ezin ageriagoa da erabakitzeko ahalmen falta, Frantziako Gobernuak erabakitzen baitu gure partez. Beraz, erabakitzeko eskubidearen gaia nonbaiteko agendan izatekotan, hori Iparraldean da.

Beraz, Ipar Euskal Herriak zergatik sentitzen du Gure Esku Dago urruneko zerbait bezala? Mugimenduaren sustatzaileek badituzte horren ardurak; baina, ardura guztia ez da berea: azken urteetako bilakaera urruntzaileak mugimendu honen oinarrian eragin du. Eztabaida daiteke ea erabakitzeko eskubidea eskatu behar den zerbait den, ala berez dagokigun zerbait. Erabaki behar dugu Lurralde Kolektibitatearen inguruan ala Frantziak zor digu egitura hori eta hartu behar dugu? Baina horren gainetik, gaur egungo euskal gizartean, erabakitzea eskatzen da. Ipar Euskal Herriarentzat hats berria eta lagungarria litzateke, ekainaren 20ko ekitaldian, Nafarroa, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiarekin batera agertzea. Bakoitza bere erritmoen arabera, bai; baina herri bat garela ahantzi gabe, zubiak hautsi gabe, batasun horrek ematen baitigu indarra.

Enbata-n argitaratua

Batasunaren ahuleziak

azaroa 14th, 2014

Lurralde Kolektibitatearen aldarrikapenari ukaldi latza eman dio Prefetak, eta bete-betean jakin du nola jo proiektu horren aldeko gehiengo zabala: bere proposamenekin eta epe laburrekin, bazekien eztabaidak eta desadostasunak sortuko zirela. Eta hala gertatu da. Harrigarriena da prefetaren epeei men egitea onartu dutenen artean abertzaleak izatea, eta gainera, orain arte intransigenteenak ziren abertzaleak. Bat-batean horiek dira pragmatismoaren bandera atera dutenak!

Hiri erkidego bakarra onartzearen alde ematen dituzten argudioen artean bat da deus gabe geldi gaitezkeela, ez badugu prefetaren proposamen hori onartzen. Badira urteak entzuten dela argudio hau erregularki: hilabete hauek erabakigarriak dira, orain baliatu behar da aukera, bestela beste hamarkada batzuetan ez dugu besterik ukanen. Larria da prefetak ahoa ireki orduko onartzea haren proposamen eta epe mugatu bezain maltzurrak. Bai, lurralde kolektibitatearen aldekoek gehiago insistitu zezaketen; azken hitza ez zuen prefetak. Abertzaleek, bederen, indar bat egin behar zuten horri begira, lurralde kolektibitatearen aldeko kohesioa atxikitzeko ahaleginean. Sinestezina dena da kohesio hori hautsi duten lehenetarikoak abertzale batzuk izatea.

Iraganak erakutsi du ez dela egia hilabete hauek direla erabakigarriak eta gero ez dela beste aterik irekiko. Badira urteak horrela dabilela Frantzia. Gutxienez Raffarinen dezentralizazio erreformetatik hona, Frantziako Gobernuak erregularki ekartzen du lurralde erreforma bat mahai gainera. Aitzina ateratzen da… edo ez. Oraingoak ere zer etorkizun izanen du, Frantziako Senatuan izan diren aldaketen ondotik? Oraino urteak iraganen ditu Frantziak bere baitako aldaketen egiten.

Kezkagarriena da abertzale batzuek iradokitzea Batera-k ez zuela aski indar aldarrikapen horren inguruan, ez zuela herritarren babesik. Milaka laguneko manifestazioa ezin da horrela gutxietsi, ez eta ere urteetan zehar garatu diren hainbat mugimendu. Eta, kasu guztietan, kolore politiko guztietako arduradunen eta sektore sozioekonomiko guztietako jendearen babes hain zabala bera ere indar handiaren seinale da. Nork erran dezake aldarrikapen horrek ez zuela behar bezainbat indar? Ipar Euskal Herriko historian ez da izan beste aldarrikapenik hainbesteko atxikimenduarekin.

Bistan dena, galdera batzuei erantzun behar zaie, lurralde kolektibitatearen aldarrikapena hor egon ala ez. Herri elkargoen geroaz erabaki bat hartu behar da, legeak hala eskatzen duelako. Baina gauzak ez dira nahasi behar, batzuek egin duten bezala. Hiri erkidego bakarrari baiezko erantzuna ematea (hor ere eztabaida dago) ezin da izan onartzea lurralde kolektibotatearen ordezko tresna dela.

Egia da Lurralde Kolektibitatearen aldeko mugimenduak estrategia aldatu beharko duela, Laborantza Ganberaren aldekoak egin zuen bezala. Aldarrikapen sozial batek indarra eduki dezake memento bat arte, baina behin eta berriz ezezkoa ukan ondoan, gibelera egiten du. Beraz, beste bide batetik hauspotu behar da.

Egia da ere politika, etorkizunera begirakoa bereziki, ez dela zientzia zehatz bat: kalkuluak egiten dira, baina nehork ezin du segurtatu zuzen dabilela. Eztabaida sanoa da, berez, eta beharrezkoa da. Baina, alderdi abertzaleen arteko koalizioa, ustez, sendoa den garaian, alderdi politiko bateko ordezkariek publikoki hain garbi egiten dutenean hautu baten alde, zein da Euskal Herria Bai-ren funtzioa? Ez ote zuten lehenik adostu behar, gai horri buruz hartu beharreko jarreraz? Alderdi batek erabakitzen badu prefetari gisa batez erantzun behar zaiola, ez ditu kontuan hartzen bere koaliziokideak eta haien iritzia; ororen buru, itsasontzitik jaitsi baldin bada, lurralde kolektibitatearen aldeko mugimendua azkarki desegin duelako.

Tresna-barrara saltatu