Archive for the ‘Euskal Herria’ category

Identitateaz

otsaila 25th, 2016

Azken hilabeteetako eztabaida gai handi bat bihurtu da identitatearen gaia, Euskal Herrian, bereziki ezker abertzalean edo haren inguruan. Estrategiaz mintzo diren batzuek diote ez daitekeela independentziaren alde biderik egin, euskal nortasunaren ardatza erdigunean ezartzen bada. Euskal Herriko herritarren gehiengoa ez da euskalduna, eta haiek eta abertzaleak ez direnak independentziaren ideiara biltzeko ez omen du balio euskararen gaia azpimarratzeak. Horrek kontrako eragina luke: independentziaren aldeko sostengu berririk ez lortzea. Hori ulertarazten digute, bederen, zenbait pentsalarik.

“Izateari utz diezaiogun, izaten hasteko”, “euskaldunak bere buruaz beste egin behar du” diote batzuek, euskaltasuna erdigunean ezartzea oztopo delakoan. Independentziaren aldeko babesa %85ekoa izatea nahi badugu, hobeki bizitzearen aldeko argudioarekin lan egin behar omen dugu, eta ez identitate parametroetan.

Eztabaida horrek bazterrak harrotzen ari ditu, sakonean. Bere burua espainiar edo frantses sentitzen duen batek uko eginen ote die estatu horiei, “hobeki bizitzeko” menturan? Argudio aski sendoa ote da “hobeki bizitzearena”? Zein berme daukagu hori baieztatzeko? Jende horrek ez badu bat egiten euskararekin eta euskal identitatearekin, bizi hobetzat joko ote du Euskal Herri independente eta euskaldun batean bizitzea? Euskaraz ikasi behar izatea?

Azken urteetan, euskararen aldeko jarrera ahuldu da Euskal Herriko gizartearen baitan. Gero eta ozenago entzuten dira euskararen kontrako kritikak, besteak beste EGA azterketaren kontrakoak (zailegia omen da), lanpostu publikoetan euskara eskatzearen kontrakoak… Kanpotik heldu direnek euskara ikasi behar ote dute? Ala nahi badute bakarrik (kontuan hartuz erdara nahi ala ez ikasi behar dutela)? Anitz dira (euskaldunak barne) horrek hautazkoa izan behar duela diotenak.

Eta testuinguru horretan, faktore kezkagarria da abertzaleek berek euskararen inguruko postura malgutzea, diskurtso ustez ireki horren izenean. Horrek euskara oraino ahulago bihurtzea baizik ez dakar. Eta mugimendu abertzalean zatiketa sor dezake. Beharbada abertzale ez den jende gutik bat eginen du independentismoarekin, nahiz eta hizkuntzari buruzko jarrera leundu. Segur da, ordea, euskara funtsezkotzat daukatenak urrunduko direla euskarari garrantzia kentzearen aldeko diskurtsoa duten taldeetatik.

Euskal Herriko gizartea bitan zatitua da. Baina ezker abertzalearen inguruko pentsalari batzuen analisiak ez ditu azalpen onak ematen. Orain zabaltzen ari den bertsioaren arabera, zatiketa horren eta independentismoaren ahuleziaren arrazoia da abertzaleek espainolen/frantsesen eta euskaldunen arteko lehiatik planteatu dutela beren estrategia. Eta hori txarra izan dela, eta horrela pentsatzen segitzea txarra dela urrunago joan nahi bada. Hori izan omen da azken 50 urteetako estrategiaren akatsa.

Garbiki mintza gaitezen. Azken 50 urteetan zatiketa sendotu bada eta independentziak eta euskarak jendea bereganatzea ez badute lortu, ez da planteamendu horrengatik izan, baizik eta Euskal Herriaren askatasunaren izenean ehunka lagun erail direlako ia mende erdi batez. Ez da hori arrazoi bakarra, bistan da. Espainiaren eta Frantziaren zapalkuntza gogorra ere aipatu behar da, eta estatu horiek eskura dituzten baliabide izugarriak jendea espainolago edo frantsesago sentitzeko. Baina bakoitzak bere ardurak: aitzineko estrategiaren akatsa ez da izan identitatearen azpimarratzea. Eta estrategia haren irakurketa makurretatik abiatuz ezin da sortu herri hau askeago eta euskaldunago sortuko duen estrategia bat.

Zein bilakaera?

otsaila 25th, 2016

Solairu askotako antolaketa dauka administrazioak Frantzian. Ipar Euskal Herriak ezagupena eta egitura propioa falta ditu antolaketa horretan. Azken urteetako herri mugimenduen xedea izan da Pirinio Atlantikoetatik eta, batzuen kasuan, Akitaniatik bereiztea eta lurralde antolaketa autonomo bat eskatzea. Lurralde kolektibitatea delakoak bere baitan izanen zuen ezagupen hori, hainbat eskumen eta botererekin batera.

Frantziako Gobernuak eskaera horri ezezko garbia eman ondoren, Pirinio Atlantikoetako Prefetak hainbat aukera utzi ditu mahai gainean, Ipar Euskal Herriko hautetsiek erabaki dezaten. Herri elkargoak nola antolatuko diren erabaki behar da orain. Frantziako lurralde antolaketaren bilakaeraren harira, erabaki hori hartu behar izanen zen, bestela ere. Ipar Euskal Herriko lurralde kolektibitatearen ideiak aurrera egin ala ez, mankomunitateen egitura aldatuko zen eta horri buruz erabaki beharko zen.

Mankomunitate bakarraren aldeko kanpaina darama Batera plataformak, eta ez dute horren aldeko hautua egin kostaldeko hirietako alkateek (Baionakoak salbu). Ororen buru, Prefetaren joko arauak onartu dira. Nahiz eta herritarrek ezin izanen duten zuzenean erabaki, hautetsien bidez erabakiko da zeharka. Mankomunitate bakarraren aukera ez bada nagusitzen, Frantziak erranen du orain ez dela kexatu behar, hori izan delako “erabaki duzuena”. Alderantziz, mankomunitatearen aukera nagusitzen bada, Frantziak berretsiko du hori izan dela hautetsien gehiengoak onartu duen egitura, bere muga guztiekin. Ez luke ulertuko erratea hori ez dela Ipar Euskal Herriak eskatzen duena.

Mugak aipatuta ere, azken finean, aukera historiko gisa aurkeztu da mankomunitate bakarraren ideia, azken hilabeteetan. Eskumenen eta boterearen gaia, aurrekontuarena eta gobernantzarena ez dira batere argi. Ipar Euskal Herriak segituko du Pirinio Atlantikoen eta Akitaniaren parte izaten. Solairu asko dituen antolaketak solairu bat gehiago izanen du, beraz. Eta ez du konponduko gutxiengo autonomia baten egarria.

Haatik, litekeena da azken urteetan lurralde kolektibitatearen alde mobilizatu diren hainbat hautetsi eta eragile sozioekonomiko konforme gelditzea egitura horrekin. Are gehiago egitura horren bilakaeraren baitan jartzen diren esperantzak ikusirik. Zein izanen dira benetako aukerak egitura horretatik erakunde autonomo bat sortzeko? Frantziak utziko al dio biderik? Eta hautetsiek berek zenbateko motibazioa izanen dute urrunago joateko eta indar-harreman bat hasteko, eskumen eta botere gehiagoren alde?

Zer gertatuko zatekeen, aldiz, Prefetaren proposamenari uko egin balitzaio? Batetik, hartuko zuen erabakia inposaketa bezala biziko zatekeen, eta beraz ez zukeen zilegitasunik herritarren eta hautetsien begietan. Zilegitasun aitortza hori gabe, autonomia faltak beste erreakzio bat piztuko zukeen: Frantziari eskatzea alferrik denez, Ipar Euskal Herriaren berezko ekintzailetasuna eta irudimena erabili, eta berezko erakundea sortu. Ikuspegi baikorra dutenek erranen dute mankomunitate bakar hori izanen dela autonomia horretarako abiapuntua. Ezkorrek erranen dute helmuga gisa biziko dutela askok, eta gutxienez hamarkada bat iraganen dela haren mugek sortuko duten frustrazioaz ohartu arte.

Menperatuaren sintomak

otsaila 25th, 2016

Eusko Jaurlaritzak salaketa zehatza egin berri du. Euskal Autonomia Erkidegoak oraingo aurrekontuaren bikoitza izanen luke, legez behar lituzkeen eskumen guztiak eman balizkiote. 1979ko autonomia estatutua ez da hitzartu bezainbat garatu, eta ondorioz urtean 5.000 milioi euro gutxiago kudeatzen ditu. Eusko Jaurlaritzak eta EAJk erregularki egiten dituzte kexak Gernikako Estatutuaren garapen faltagatik. Mehatxu guti, ordea. Erakusten dutena da beren ahulezia eta gaitasun falta akordioak errespetarazteko. Erakusten dute, halaber, Madrilekin ez dela askatasunik posible, eta Espainiarekin izenpetzen diren hitzarmenek zein balio guti duten.

Alfons López Tena Kataluniako notario independentistak dio Kataluniak ez duela nehoiz lortuko independentzia, eta oraingo prozesu hau hutsean geldituko dela, hauteskundeetan aurkeztu direnek betikoa proposatzen dutelako, Espainiarekin negoziatzea. Ororen buru, zertarako? Espainia gaiztoa dela erakusteko, eta “gu, aldiz, txintxoak”. Katalanismoa ehun urte hauetan elikatzen da Espainiarekiko biktimismotik, López Tenaren arabera. Balio frantziskotarrak (apaltasuna, sinpletasuna) izatea leporatzen die politikariei, eta horrekin ez dela askatasunik lortzen, galtzaileen balioak direla.

Geroak erranen du iragarpen horretan huts egin duen ala ez, ea hautetsi horiek Kataluniaren independentzia aldarrikatzen duten ala ez. Duda horiek ez dira apaldu independentziaren aldekoek bozen %50 gainditu ez izanaren ondotik. Irailaren 27ko hauteskundeek nagusitasuna eman diote independentismoari, aulki kopuruan, baina postura deserosoan utzi ditu alde bakarreko independentzia aldarrikatzeko mementoari begira. Espainiak kanpaina gogorra egina zuen, eta baliabide anitz badu bere burua inposatzeko. Espainiarekin adostu nahi bada aterabidea, ez da aterabiderik izanen.

Aspaldi zuen EAJ erraten ari zela Kataluniako eta Euskal Herriko (barkatu, “Euskadiko”) egoera desberdinak direla. Haientzat independentzia ez dago agendan. Eta Kataluniako emaitzak ikusi ondoan, EAJk ez du eginen CiU-k egin duen bidea. Segituko du erraten Espainia zein gaiztoa den, baina Espainiatik bereizteko borondaterik gabe.

Alabaina, jarrera frantziskotar hori bete-betean bizi dugu Euskal Herrian. Itxuran bederen, ekintzaileagoa dela dirudi Ipar Euskal Herrian gertatzen denak. Hiri erkidego bakarraren aldeko apustua egiten dutenek itxaropena agertzen dute egitura horrek izan dezakeen bilakaeran. Bizkitartean, ez ote zaio gertatuko 1979ko estatutuari gertatu zaiona? Frantziak ez diola emanen orain batzuek espero duten botererik? Beraz, segituko dugu gure izaera frantziskotarrarekin: Frantzia zein gaiztoa den, nola ukatzen gaituen…

Hiri erkidego honen eztabaidan agertzen diren argudioetarik batzuk dira Ipar Euskal Herriak pisu bat izan behar duela Akitania handi horren erdian. Ez badugu hiri erkidego hori, irentsiak izanen garela. Eta baldin badugu, ez, ala? Norbaitek uste du horrela gutiago menperatuak izanen garela? Zergatik nahi dugu begiratu eskualde horretara? Zergatik jokatu horren arabera? Menperatzaileari begiratzen badiogu, eta kontuan hartuko gaituela espero badugu, betetzen ez den Gernikako Estatutuaren egoera bera biziko dugu.

Jende gehiagoren artean bilduz indartsuagoak garelako ustearekin, urteak daramatzagu aldarrikapenak epeltzen, Frantziatik hori bederen lortzeko esperantzan. Eta Frantziatik ez da sekula deus heldu, porroska batzuk ez badira. Eta horiekin bizi gara, menperaturik, baina menperatzaile gaiztoaren biktima garela salatzeko zilegitasunarekin kontent.

Frankismoaren jarraipena

otsaila 25th, 2016

Udan herriko bestak bazter guztietan, txupinazioa, herri bazkaria, dantzaldia, aperitifa… Euskal Herrian, beti bezala, zenbait ekitalditan presoak ekartzen dituzte gogora. Aurten, hainbat debeku edo debeku eskaera izan dira. Carlos Urkijo Espainaiko Gobernuaren ordezkariak eskatu du debekatzeko Bilboko bestetan egin beharra zen txokolatada bat. Zenbait egun lehenago, Tolosa ondoko Ibarra herriko txupinazoa debekatu zuten, “errepresaliatuen senide eta lagunek” bota beharra zutelako.

Biktimei eginen litzaiekeen irainaren edo minaren izenean ari dira. Irainik edo halakorik balego, egin ondoan epaitu beharko litzateke, ez aitzinetik debekatu. Bistan denez, biktimak aitzakia gisa erabiltzen dira; zinezko helburua da erakustea Hego Euskal Herria Espainiaren zangopean dagoela, biktima bakarrak ETArenak izan direla, Espainiako eta Frantziako indarrek ez dutela biktimarik eragin. Gaiztoak eta galtzaileak euskaldunak direla, eta kito.

Alabaina, aldi berean, Franco goraipatzen dutenek libreki segi dezakete horretan. Ez dira kenarazten frankisten omenezko karrika izenak edo estatuak; ez dira debekatzen frankismoarekiko nostalgikoen ekitaldiak. Ustez terrorismoa goraipatzeagatik, twitter erabiltzaile franko atxilotu izan dituzte. Baina euskaldunak mehatxatzen duten twitter erabiltzaileak? Ez, horiek bakean uzten dituzte. Euskal hedabide franko hetsi dute azken urteetan, baina Franco goraipatzeko sortua den webguneak baimen guztiak dauzka.

Begi bistakoa da arazoa ez dela etika arazo bat. Espainiak ez du ahalkerik erakusten frankismoagatik. Gaur egun Francoren alde ager daiteke, posible da frankismo garaiko hilketak gaitzetsi gabe politika egitea, eta ohoratua izatea. Baina, funtsean, espainiarrentzat garrantzitsuena Espainia eta espainiartasuna dira. Franco, diktadorea izanagatik, espainola zen eta Espainiaren batasunaren alde aritu zen.

Ez da, ez, etika arazo bat. Batzuen eta bertzeen krimenak mahai gainean ezarriz eta konparatzen hasiz, erran gabe doa frankismoarenak anitzez gehiago direla; gaur egun denak ez dira argituak, gainera. Ez da etika arazo bat, indar harreman arazo bat da. Ez da etorriko justiziarik Euskal Herria herri gisa ukatzen duen eta ukatu nahi duen Espainiatik; ez da etorriko bakerik Euskal Herria bere menpean baizik ikusi nahi ez duenaren partetik. Gauza bera erran daiteke Frantziari begira. Ez da sekula lortuko Frantzia eta Espainia arrazoitzerik. Indarkeriarekin ez da lortu, eta ez litzateke lortuko. Baina argudio sendoekin ere ez da lortuko.

Euskara ofiziala den euskal eremuetan, itxura aurrerakoiaren izenean, sozialistak etengabe ari dira euskarari eremua murriztu nahian, medikuntzan, administrazioan, irakaskuntzan… Orain diote EGA azterketa zailegia dela. Funtsean, logika beraren parte da jokaera hori: Euskal Herria espainiartzea. Horretarako, hizkuntza ahuldu behar du. Horiek ez dira Euskal Herriaren lagunak, horiek Espainiaren eskumakilak dira, frankismo garaian indartu zuten zapalkuntza iraunarazteko.

Euskal Herriak bere bidea egin behar du Frantziatik eta Espainiatik deus itxaron gabe, haiei deus galdegin gabe, haiei begiratu gabe. Segi dezagun eguneroko lanean, euskararen alde, gure ekonomiaren alde, gure egiturak sortzen, gure arteko lotura politikoak sortzen eta sendotzen… Argi bereiziz zeinek ikusten duen herri hau herri gisa, eta zeinen ustez den Espainiako edota Frantziako lurralde bat, non hiritarrek eskubideak dituzten hiritar gisa, baina Euskal Herriak ez duen eskubiderik, herri gisa.

Sinergien beharra

otsaila 25th, 2016

Paradoxa bat da boto abertzalea hain nagusi den herrialdean hainbesteko eragina izatea Espainia erreferentzia duen eskualde-egunkari batek. Eskualde edo tokiko prentsa da arrakastatsuena toki guztietan. Euskal Herrian ere berdin gertatzen da, herrialde bakoitzak berea dauka: Sud-Ouest, El Diario de Navarra, El Diario Vasco eta El Correo, berez talde handiagoen produktuak direnak. Haien ezaugarri nagusia tokian tokiko berriak ematea bada ere, ildo editoriala Frantziaren eta Espainiaren nagusitasunaren aldekoa da. Hain zuzen, hurbileko berriez gain, mundu zabaleko berriak eta berri “nazionalak” (sic) ere ematen dituzte. Politika sailetik telebista orrietaraino lan egiten dute irakurleak norabide batean ideologizatzeko: nazioa Espainia edo Frantzia da, eta hizkuntza espainola edo frantsesa. Egunkari horiek dira liderrak, telebista arloan Madril eta Pariskoak diren bezala; eta lidergoa nola hartu pentsatzen hasi beharko dute euskarazko komunikabideek.

Tokiko euskarazko komunikabideei buruzko ikerketa egin genuenean garbi gelditu zen tokian tokiko euskarazko aldizkarien arrakasta izugarria dela. Goiena edo Anboto, adibidez, gain-gainetik dira beren eskualdeetako aldizkari irakurrienak. Garbi agertzen da tokiko prentsa indargunea dela euskararentzat. Ildo horretatik, Euskal Herriko berri nazionalak eta nazioarteko berriak ez dituzte lantzen, eremu hori nagusiki Euskal Telebistak, Euskadi Irratiak, Berria-k eta Argia-k betetzen dutelako. Euskarazko komunikabideek ez dute elkar zapaltzen: tokikoek ez dute gai nazionalik aipatzen eta nazionalak ez dira tokikoen eremuan sartzen.

Errealitate horrek badu ondorio bat Euskal Herriaren kohesioari begira: egunkari nazionala lidergotik urrun dago, hain zuzen, nazionala delako (beste herrialdeetan ere berdin da); eta tokikoek ez dute Euskal Herri osoaren ikuspegia lantzen, tokikora mugatzen direlako. Lan handia egiten da jendeak euskaraz irakur dezan, baina euskarazko produkzio horrek ez du nahiko indar egiten Euskal Herriko ikuspegia errotzeko.

Euskarazko prentsak lidergoa hartzeko baldintzetarik bat (ez bakarra) da tokikoen eta nazionalen arteko sinergia sendoak bilatzea. Bi zutabeak funtsezkoak ditu: tokian tokiko eskaintza eta ikuspegi nazionala uztartzetik sor daiteke proiektu sendo bat.

Euskarazko komunikabide-enpresen eta euskaraz lanean ari diren kazetarien sarea ikusgarria da: ehunka langile daude eremu geografiko zabalean. Indargune handia da; zorigaitzez, atomizazioak ez gaitu uzten indar hori ikusten, indar horretaz baliatzen, ez eta ere lider izan daitekeen proiektu bat altxa daitekeela sinesten.

Atomizazioaren ordez, sinergiak eta elkarlana bilatuz edota proiektu komunak eraikiz, jauzi kualitatibo handia ere eginen luke euskarazko prentsak: prentsa nazionala bera askoz aberatsagoa izanen litzateke tokian tokiko sarearen ekarpenarekin. Esperientzia batzuk egin dira berriki: Korrikaren hasieran eta bukaeran, Durangoko Azokan edota Ipar Euskal Herriko hauteskundeetan. Azken horren haritik, aipatu behar dira Berria, Euskal Irratiak, Kanaldude, Herria eta Kazeta.eus komunikabideen arteko elkarlana.

Elkarlan horiek aztertu behar dira, ikusi zein diren indarguneak, zein ahulguneak, eta gero ikusi zer egin daitekeen modu zabalago batean. Urte batzuk beharko lirateke, hain segur, halako proiektu sendo bat eraikitzeko. Gogoeta sakon eta luzea eskatzen du, gardena, zintzoa, taburik gabea. Euskarazko komunikabideen beste iraultza bat pentsatzeko tenorea etorria da, euskal estatu ikuspegi batekin arituz.

Kudeaketarekin itsuturik

otsaila 25th, 2016

Kristautasunari beharrean, lehetasuna abertzaletasunari ematea leporatu zieten EAJko kideei, 1936an, Ipar Euskal Herriko euskaldun fededunek. Orain, ordea, kudeaketari eta “erakundeen egonkortasunari” ematen diote lehentasuna jeltzaleek, herri ikuspegi antagonista daukan alderdi batekin eginez akordioak. Ahal bezainbat udal kudeatu nahi dituen EAJrentzat bide-lagun hobea da PSE-EE, EH Bildu baino ahulagoa delako. Tratua EH Bildu-rekin eginez gero, alkatetza gehiago utzi beharko lizkioke ezker abertzaleari. Gasteizkoa, adibidez. Gasteizen, aldaketaren lidergoa Miren Larrioni zegokion, Iruñean Joseba Asironi bezala. EAJk Larrionen alde ez zuela eginen aurreikusiz, EH Bildu berehala prest agertu zen bere hautagaitza kentzeko. Jokaldi taktiko ona izan bada ere, pixka bat prezipitatua ere bai, jolastokitik beti baztertzen duten haurrak bere burua baztertzea bezala. Gainera, nahiz eta sozialisten jukutria baten ondorioz Gasteizko alkatetzarik gabe gelditzeko zorian egon, oraino ere nahiago du alderdi horrekin jarraitu eskuz esku. Xabier Leteren Otsoa eta Txanogorritxu bezala, funtsean.

Zinez euskal estatu baten alde baldin badaude, Bernard Landry Quebec-eko Lehen Ministro ohiak maiatzean Berria-ri eskaini zion elkarrizketa irakurri behar lukete: “Independentzia nahi bada, gainditu behar da ezker-eskuin zatiketa”. Duela lau urte, batzuek pentsatzen zuten aliantzak EAJren eta ezker abertzalearen artean izanen zirela etorkizun hurbil batean. Guztiz aurkakoa gertatu da, ekitaldiren bateko argazkian batera agertu badira ere.

Gipuzkoan, adibidez, dena estali du zaborren kudeaketak. Beste kudeaketa batzuen inguruan ere izan dira desadostasunak, baina zaborrenak marka guztiak hautsi ditu, irrigarria izateraino. Batzuek erranen dute normala dela ezkerraren eta eskuinaren artean proiektu eta kudeatzeko modu desberdinak izatea, eta hauteskunde kanpainan hori islatzea. Haatik, Madrilen ez dute irri txarra egiten abertzaleak elkarren aurka borrokan ikustean, zerengatik eta zaborrengatik! Zakurrak hezur batekin denbora pasatzen duenean bezala. Horretan ari diren bitartean, ez dira independentziaren alde ari.

Ezker abertzalearen eta jeltzaleen arteko gorrotoa gure herriaren patologia larria da, hilgarria. Sektore guztiak kutsatzen ditu, denek pairatzen dituzte horrek eragiten dituen kalteak, eta herri hau altxatzeko oztopo ikaragarria da. Udal bateko kontuak kudeatu behar dira, bistan da; baina beti izanen da baten bat kudeatzeko, hobeki edo gaizkiago, gisa batera edo bestera. Erabakiak har daitezke negoziazio mahai baten inguruan edo soka-tira batean bezala; eta zenbat energia xahutu da azken urteetan sokari tiraka, zaborra nola bildu jakiteko, adibidez?

Zertan baliatu da, ordea, hainbeste zinegotziren indarra, herri hau gehiago kohesionatzeko, zubiak eraikitzeko eta sendotzeko, euskara gehiago laguntzeko eta indartzeko, independenteago eginen gaituen tresnak sortzeko, Espainiako banderari uko egiteko, independentziarako bide-orria marrazteko, estatu proiektu bat idazteko eta lantzeko?

“Hauteskundeak dira hemen, urtean lau aldiz bederen” (aurten, adibidez) kantatzen dute Tapia eta Leturiak. Beraz beti dago lehia, beti pilota paretari kontra. Baina pilotak ez du pareta botatzen. Eta ez da sumatzen herri hau independentziara eramanen duen estrategiarik badenik, gaia beste soka-tira batekin trenkatzea ez bada. Azken egunetan garbi azaldu dituzte lehentasunak, karguak hartu dituztenek, eta hitz bat nagusitu da: kudeaketa.

Aldaketa Nafarroan

ekaina 15th, 2015

Zerbait hautsi da Nafarroan. Maiatzaren 24ko hauteskundeetako berri nagusia da Nafarroako Parlamentuko gehiengoa tendentziaz aldatu dela. Gobernu eta erregimen aldaketa nahi zutenak nagusitu zaizkie UPN, PP eta PSNri. UPN bera ohartua da ezin izanen duela Nafarroan gobernatzen segitu, ondoko lau urteetan. Iruñeko agintea ere gal lezake.

Ondorioz, ia segurtzat jo daiteke Geroa Bai-ko Uxue Barkos izanen dela Nafarroako presidentea, ondoko agintaldian. Norekin elkartuko da? EH Bildu, Podemos eta Ezkerrarekin? PSNrekin eta Ezkerrarekin? PSNk ulertu duenez UPN ez dezakeela babestu, orain ausartuko dea Geroa Bai-rengana joatera?

Argi dena da ondoko lau urteak hobeak izanen direla Nafarroako euskalgintzarentzat, itorik bizi diren euskarazko komunikabideentzat, euskal irakaskuntzarentzat… Hizkuntza legea aldatzen ahalko da, eta euskara Nafarroa osoan ofizial bihurtu. Halaber, ate bat irekitzen da EAErekin harreman instituzional sendo bat eraikitzeko, eta instituziorik gabeko Ipar Euskal Herriarekin ere harremana garatzeko.

Haatik, UPN anitz ahuldu eta boterea galdu badu ere, indartsu dago oraino. Eta bere esku dituen komunikabide indartsuekin batera, eta Madrilen laguntzarekin, ahal duen guztia eginen du Uxue Barkosen gobernuaren egitasmoak trabatzeko, eta baita ere hemendik lau urteren buruan nagusitasuna berreskuratzeko.

Horregatik, garrantzia handikoak izanen dira lau urte hauek, traba guztiei buru egiten asmatzeko eta UPNk dudan ezarri nahiko duen sinesgarritasuna edo kudeatzeko gaitasuna frogatzeko. UPNk nahiko du pentsatu aldaketa koiunturala dela, ustelkeria auzien ondorioz bildu duten zigorra dela… Beharbada, ordea, aldaketa estrukturala da, Nafarroako gizartea aldatzen ari da, abertzaleago bihurtzen ari da. Hori horrela baldin bada, gobernura heltzea aukera ederra izanen da abertzaleentzat, herritarren artean babes gehiago erdiesteko.

Itxaropen guztiak ez daitezke, haatik, aldaketa instituzionalaren baitan ezar, Euskal Herriko erakundeek botere mugatuak dituztelako, Espainiako eta Frantziako legeen eraginez. Abertzaleak nagusi dira EAEko Eusko Legebiltzarrean, baina horrek ez du ekidin Euskal Herriaren egituratzean gibelatzeak izan direla. Ez dira sekula orain bezain urrun izan elkarrengandik Nafarroa, EAE eta Ipar Euskal Herria. Distantzia hori anitz markatu da azken urteetan: UPNk ardura handia dauka, baina EAJk ere bai.

Eta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan EAJ nagusitu da. Besteen kudeaketa “txarra” eta bere kudeaketa “ona” izan da irabazteren arrazoietarik bat. Herri bat eta herrialde bat kudeatu behar dira, bistan da. Baina azken urteetan kudeaketaren inguruan izan dira talkak EAJren eta EH Bildu-ren artean: zikinen bilketari buruzkoa izan da desadostasunik handiena. Horrelako gaiekin egin da politika azken urteetan. Horrek erran nahi du Euskal Herriko erakundeak ez direla erabili Euskal Herri osoaren kohesioa laguntzeko, indarrak ez direla erabili Euskal Herria independentziaren bidera eramateko. Alderantziz, Espainiako banderak bistan zeuden Herriko Etxe guztietan, baita ezker abertzaleak kudeatzen zituenetan ere.

EAJk lehen baino herri gehiago, foru aldundi guztiak eta – Geroa Bai-ko kideetarik bat denez – Nafarroako Gobernua kudeatzeak ez du aditzera ematen independentziaren bidean urrats gehiago eginen denik. Udalbiltza, Lizarra-Garaziko akordioa hautsi zenetik zatiturik dagoena, are gehiago ahuldurik aterako da. Abertzaleek badute indarra, baina indar hori ez badute erabiltzen elkartzeko eta herria askatasunera eramateko, zerbait gaizki egiten ari dira.

Tresna-barrara saltatu