Archive for the ‘Euskal Herria’ category

Bunkerrean ate-joka

ekaina 15th, 2015

Frantziako politika, gizarte eta kultura arloko pertsona ezagunek izenpetu dute Parisko adierazpena. Anitz dira Euskal Herriarekiko elkartasuna aspalditik adierazi dutenak, beste batzuk bere garaian pisu politiko handia izan zutenak, baina aspaldi “ohien” arlora igaro direnak, Pierre Joxe edo Michel Rocard bezala. Parisko konferentziak balio izan du euskal gatazka konpondu gabe dagoela oroitarazteko, gatazka horretan zerikusi zuzena duen estatuetariko baten bihotzean, Asanblea Nazionalean. Baina ez hemizikloan; baizik eta lurpeko hirugarren solairuan. Balio izan du prentsak arreta pixka bat jartzeko gaiari. Baina pixka bat bakarrik.

Ipar Euskal Herriko kolore politiko ia guztietako hautetsiek bezala, Frantziako intelektualek eta kazetariek ere nabarmendu dute Espainiaren jarrera itxia eta Frantziak ematen dion sostengua zentzugabeak direla, gatazka baten behin betiko konponbideari begira. Eta adierazpenak eskaera garbia egin die bai ETAri, bai Frantziako eta Espainiako gobernuei, desarmatzeari begira eta presoen egoera “malgutzeari” begira.

Eskaera ez da berria, eta Frantziako Gobernuak jadanik adierazi du ez duela jarrera aldatuko. Lurralde kolektibitatearen aldeko gehiengoari ere mespretxuz erantzun zion. Espainiak ez du egoera konpondu nahi, eszenifikatu nahi duelako ETA militarki garaitu duela. Mendekuak motibatzen du gehiago; eta, bereziki, Euskal Herria menpean eduki nahiak. Hori erakusteko modu argigarria da presoak etxetik ehunka kilometrotan atxikitzea.

Frantziak ez du interesik Espainiari aurka egiteko. Are gehiago, Espainiaren sostengua nahi du, Europan pisu gehiago edukitzeko, Alemaniaren aurrean. Frantziak beti jokatu du bere interes ekonomiko edo politiko orokorren arabera, euskal gatazkarekin. Espainia sostengatzetik etekinak ateratzen ditu. Hori ez da aldatu, eta Frantziarentzat garrantzitsuagoak dira bere interes horiek, Euskal Herriko egoera baino.

Are gehiago, Frantziak ez du nahi Europa mendebaldeko nazio txikirik hel dadin independentzia lortzera, ez eta ere autonomia gehiago lortzera. Euskal Herriaren kasuan are gutxiago, herri horren lur zati bat bere administrazio pean daukalako, eta hala mantendu nahi duelako. Nahiz eta desarmatzea eta presoen egoera konpontzea ez dauden erabat lotuta burujabetza prozesuarekin, nekez onartuko du Euskal Herriaren edozein aldarrikapeni bide ematea.

Zein izanen da hurrengo kapitulua? Aietekoaren antzera, beharbada ETAk bakarrik erantzunen dio Parisko adierazpenari. Baina arma guztiak Eliseoaren eta Moncloaren aitzinean utzita ere, Espainiak eta Frantziak beti erranen dute ez dela egia, ez dela nahikoa… Poliziak arma guztiak aurki balitza ere, beti erranen dute arma gehiago gelditzen dela, blokeo egoera luzatzeko.

Funtsean, denek badakite gertatu beharrekoa 2011ko urriaren 20an gertatu zela. Ez dago erakunde klandestino bat desegin dela eta arma guztiak itzuli dituela frogatzeko modurik, Jesus Egigurenek dioen moduan. IRA ez zen desegin, eta ez dakigu arma guztiak itzuli zituen; hala ere Erresuma Batuak ontzat eman zuen armagabetzea. Baina Irlandako prozesua eta Euskal Herrikoa desberdinak dira. Ez bakarrik Espainia ez delako Erresuma Batua: Lizarra-Garaziren etenaren edota Barajasko atentatuaren ondorioak ere aztertu behar dira ulertzeko 2011ko erabakia eta oraingo egoera katramilatua.

Euskaldun ala frantses?

ekaina 4th, 2015

Ikerketa lan bat egiten ari zen ikasle bat etorri zen Frantziatik, duela hiruzpalau urte. Jakin nahi zuen Seaskan ikasi zuten ikasleek beren burua sentitzen zuten euskaldun, frantses edota biak batera. Batzuek erantzun zioten frantses eta euskaldun sentitzen zutela beren burua; beste batzuek euskaldun bakarrik. Kostatzen zitzaion ulertzea zergatik ez ziren frantses ere sentitzen, elebidunak zirenez geroz.

Frantsesa jakiteak ateak irekitzen ditu beste kultura batera, ekoizpen eta ondare handiko kultura batera, beste herri batera eta baita Frantziatik kanpoko eta Frantziaren menpeko beste hainbat komunitaterengana. Aberastasun bat da. Baina horrek ez gaitu, berez, frantses egiten. Hirugarren hizkuntza bat jakiteak beste kultura eta herri batzuetara irekitzen gaitu: espainolari esker, adibidez, Espainiako eta Hego Ameriketako herrialdeetako kultura daukagu eskura. Horrek ez gaitu espainol edo argentinar egiten. Adibide horrekin ulertu zuen frantsesa jakiteak ez dakarrela berekin frantses sentitzea.

Ulertu nahi zuen, ordea, bere burua euskaldun baizik sentitzen ez duenak zergatik ukatzen duen frantses (ere) izatea. Zergatik? Askorentzat, bi izaerak ez dira bateragarriak, Frantziak eta frantses hizkuntzak eta kulturak euskara ordezkatzeko indarra egin eta egiten dutelako, Ipar Euskal Herrian euskara arriskuan dagoelako Frantziaren ukapenarengatik, ezinezkoa delako nagusi eta azpiko izatea aldi berean.

Baina Hego Euskal Herrian euskara ofiziala dela eta espainol sentitzen ez direnak askoz gehiago direla erantzun zuen ikerlariak. Hizkuntza politika eta euskararen egoera ez direla uste duen bezain loriagarriak azaldu ondoren, beste faktore batzuk kontuan hartu behar direla esplikatu zitzaion. Estatu bakoitzak gisa desberdinean hartu zituen menean euskaldunak: Espainia otsoa bada, Frantzia azeria. Euskaldun izatearen ahalkea sarrarazteaz gain, Frantziak zazpi eginahalak egin ditu frantses izateko gogoa emateko. Frantziak munduan daukan fama ere hor dago, la grandeur, Frantziako Iraultzaren ondarea, “giza eskubideen herria”…

Frantziatik eta Espainiatik kanpoko edozeini galdetzen bazaio bi horien artean hautatzeko, zenbatek nahiko lukete frantses izan? Zenbatek espainol? Iparraldeko euskaldun anitzi eder zaie frantses izatea, Tupindekiko Roxali-ren edo Betiri oski argizale-aren gisan. Eta zenbat prest leudeke Frantziak eskaintzen dituen garantia sozialei uko egiteko?

Euskal nortasunean sendo dagoena elika daiteke frantses kulturatik, bere izaerari kalterik egin gabe; baina euskaldun bezain frantses sentitzen denak ez dio mesede handirik egiten euskaltasunari. Hiru hizkuntza jakiteak, berriz, funtzio orekatzailea izan dezake. Espainola jakinez eta Espainiako erreferentzia batzuk ezagutuz, uler dezakegu Hego Euskal Herriko euskaldunak noiz ari diren espainolaren eraginpean. Halaber, ohar gaitezke noiz erabiltzen ditugun frantsesaren edo Frantziako ohituren kalkoak. Ingelesa ere jakiteak are gehiago errazten du frantsesaren eta espainolaren eragina ikustea gure hizkuntza ohituretan. Baina bi hizkuntza baizik ez baditugu mintzo, ez dugu ikusten noiz ari garen (gure hizkuntza) frantsesten edo espainoltzen.

Ipar Euskal Herriko eta Hego Euskal Herriko euskaldunen arteko komunikazioa garai batez baino zailagoa izatearen arrazoietariko bat da frantsesaren eragina handitu dela alde batean eta espainolarena bestean, eta gaur egun espainol gutxiago ikasten dela Iparraldean eta frantsesa ez dela irakasten Hegoaldean. Urruntze horrek ere zailtzen du Ipar Euskal Herriko jendeak euskal estatu bat nahi izatea.

Historia eta oraina

maiatza 29th, 2015

Euskal Herriaren independentziaren aldeko aldarria bizirik dago 2015ean. Bistan denez, ez da hutsetik sortu den zerbait. Herri honetako herritar anitzek independentzia nahi dute, herri hau bizirik dagoelako, orain arte bizirik iraun duelako. Hilik edo suntsituak bageunde, Frantziak eta Espainiak guztiz asimilatu bagintuzte, 2015ean ez litzateke halako proiekturik egongo. Halaber, ez genuke euskal estatu bat sortzea aldarrikatuko, lurralde honetan ez balitz sekula euskaldunik izan. Fernandoren egiak dira. Baita hau ere: estatu izaten segitu bagenu ere ez genuke halako aldarrikapen baten beharrik.

Independentzia ausikika ausikika kendu ziguten; ausikirik handiena, baina ez azkena, 1512koa izan zen. Nafarroak bere estatua izan zuela erratea ez da XV. mendeko erregimen politikora itzuli nahi izatea, ez eta ere ondoko 500 urteetan deus ez dela gertatu erratea. Data batzuk baizik ez aipatzeagatik: 1789, 1914, 1936… Nazio orok garrantzia ematen dio bere historiari: Frantziako leku anitzek egiten diote ohore Luis XIV edo beste erregeren bati, baina horrek ez du kentzen frantziarrak errotik errepublikarrak direla.

Euskal Herriko historia Nafarroako erresumaren heriotzarekin bukatu ez zen bezala, ez zen erresuma haren sorrerarekin hasi. Garai batez estatu bat eduki izanak argudio sendo bat ematen digu. Baina, Erromatarren Inperioa erori ondoan sortu ziren erresumen artetik, Nafarroak ez balu lortu estatu bihurtzea? Hain segur anitzez ahulago helduko ginen XXI. mendera, baina bizirik egonez gero, estatu bihurtzea aldarrikatzeko zilegitasuna izango genuke, herri bat garenez geroz. Gure iragana, identitatea eta lurraldea ez bagenitu izango, gaur egun ez litzateke aipatuko ez independentziarik (ez al da gutxi aipatzen?), ez erabakitzeko eskubiderik.

Nahiz eta nehork ez duen dudan ezartzen historiaren eta identitatearen funtsezkotasuna, aski berria da, ordea, bi gai horiek kutxa batean itxirik mantendu nahia. Beren burua euskaldun sentitzen ez duten horiek uxatzeko beldurrez, ez omen da komeni argudio horiek gehiegi aipatzea. Jende berria erakartzeko, erakutsi behar dugu balizko euskal estatu batean Espainian edo Frantzian baino hobeki biziko ginatekeela, sozialki, ekonomikoki… Nehor ez dugu engainatuko: mundu guztiak badaki zein den oinarrizko arrazoia.

Euskal estatu proiektua ez da bakarrik hizkuntzaren eta lurraldearen arabera pentsatu behar, bistan denez. Ekonomia, zerbitzuak, energia eta beste hainbat arlo ere sakon landu behar dira. Haatik, bizi hobearen menturarekin eta identitatearen gaia baztertuz jende gehiago konbentzituko dela pentsatzea zilegi den bezala, zilegi da kalkulu horrekiko eszeptikoa izatea ere.

Badirudi, ordea, ez dela aski babesik ikusten independentziaren alde, eta horregatik diskurtsoa aldatu behar dela. Independentzia eskura ikusten zen 70eko hamarkadan. Helburua ez zen bete, eta ez da hurbil ikusten. Zer egin da, bada, gaizki, urte horietan guztietan, independentziaren aldeko indar harremana ez handitzeko?

Iazko udatik hona, batzuek diote gehiegi aipatzen dela identitatea, euskalgintzak gauzak ez dituela ongi egi(te)n… Identitatearen gaia izan al da, ordea, herritarren arteko amildegiaren faktorea? Irakurketa hori egiten da historia gaur hasi balitz bezala, iragan hurbila eta azken hamarkadetan egindakoak aipatu eta kontuan hartu gabe. Historia – urruna eta hurbila – alfonbra azpian sartzean, batzuen eta besteen erantzukizunen bila ibiltzerik ez legoke. Baina horrek dakar gaur egungo egoeraren interpretazio okerrak eta injustuak egitea. Ez dago historiarik gabeko naziorik. Ez dago orainik, iraganik gabe.

Frantziak irentsirik

maiatza 19th, 2015

Euskalduna guztiz itota sentitzen da Lapurdin, eta are gehiago hirigunean. Egoera horrek azalpen historioak baditu. Manex Goihenetxe historilariak (1987) ahoan bilorik gabe esplikatu zituen, XIX. mendeko aldaketa demografikoen datuekin (adibidez, Miarritzen, 1820an 1.088 biztanle, 1876an 5.507 lagun eta 1911n 18.260): “Itxuren arabera, jendetzaren berrikuntza bat gertatu da Lapurdin, arrotzek osatu dute jendetzaren berritzea eta emendatzea. Beste herrietan izen berezi bat dauka horrelako gertakari batek: colonie de peuplement edo koloniar jendeketa. Alta, hori da hemen ere gertatu: jatorrizko jende euskaldunaz herriak hustu dira, kanpoko arrotzez ugaldu. Ez dezagun ahantz ber denboran Euskal Herriko gazteria Hego Amerikara joaiten hasi zela, 1832tik goiti.”

Frantziaren politika hori izan da, eta horrela da gaur egun ere: biztanleak elkarrekin nahastea, nortasun bakoitzaren erroak ahultzeko. Horri hertsiki lotzen zaio gerrak egitea Frantziarekin batera, etsai komun baten aurka. Eta baita ere euskaldun izatearen ahalkea sarraraztea, euskal kultura gutxiestea eta euskarari eskubide oro ukatzea. Goienetxek aipatzen zuen ordezkatze demografikoaz gain, ordezkatze kulturala ere egin du Frantziak; Jose Manuel Odriozolak dioen bezala, “herri euskalduna irentsi” du.

Hori ez da gelditu. Gaindegia-k datu zehatzak dauzka eskutan, eta horien arabera, klase ertain-altuko milaka langile etorri dira Baionara lanera, azken urteetan, eta beste milaka itsas bazterreko herrietara, erretreta pasatzera. Lanpostuak sortzen badira Baionan, are gehiago lanpostu publikoak baldin badira, aukera gehiago dauka Frantziatik datorren batek, Euskal Herriko batek baino. Frantzian ere gauza bera gertatzen da: hiri bateko biztanle batek aukera gutxi izango du bere hiriko postu batean onartua izateko; bai, ordea, 500 edo 900 kilometro urrunagoko lanpostu batera aurkezten bada. Ulertu nahi da bere herritik kilometro askora joateko prest dagoenak anitzez motibazio handiagoa daukala lanpostu horretarako; bestearen motibazio gorena, etxetik hurbil egotea litzatekeen bitartean. Beraz, gaizki ikusia da herritik urrunegi joan nahi ez izatea.

Frantziak horrela gorpuzten du bere gizartea, duela 150 urteko pentsamenduaren antzera, patchwork baten gisan. Leku guztiz ezberdineko jendeak bihurtzen dira lankide; urtean behin egiten diren familia bazkarietan, Frantziako lau hegaletan dauden ahaideak elkartzen dira… Horrek balio du Frantzia bat marrazteko, denak herri beraren parte sentiarazteko. Euskaldunak, korsikarrak eta bretoiak ongi ikusiak dira, beren herritik urrun baldin badaude, eta hari mehe batek lotzen baditu beren nortasunera, Frantziari kolore arin bat emateko gisan. Haatik, kopeta txarrez begiratzen zaie beren erroei sendo lotzen zaizkienei.

Frantsesak, eta nola ez prefeta, asaldatuko lirateke Baionan sortzen diren lanpostuetarako euskara eskatuko balitz. Horrek urratuko luke Frantziaren égalité oinarria. Frantziar guztiek eskubide bera daukate Frantziako edozein lekutan lan egiteko, baita Baionan ere, haientzat, Baiona Frantzian baita. Eta arau hori oinarrizkoa da Frantzia uniformea izateko eta frantsestasunak sendo jarraitzeko.

Badira zuzenean euskararekin lotuta dauden lan-eskaintzak ere; haatik, zehazten da frantsesa jakitea beharrezkoa dela. Beste gisa batez irakurriz, Hego Euskal Herriko gehienei ukatzen zaie Bidasoaren bestaldean lan egiteko aukera. Baina nehor ez da asaldatzen, frantsesak egingo liratekeen bezala. Alta eskaera horrekin ez ote da, berriz ere, Euskal Herria ukatzen eta Frantzia zilegitzen?

Asimetriak eta erritmoak

maiatza 5th, 2015

“Amatxo, gaur eskolan galdetu digute zein den Euskal Herriko mendirik gorena”. Gipuzkoa barnealdeko herri batean gertatua da. “Amatxo, gaur eskolan galdetu digute zein den Euskal Herriko ibairik luzeena”. Beste batean, “gaur galdetu digute zein den Euskal Herriko hiriburua”. Haurra eskolara joan zen, amak eman zizkion erantzunekin, eta irakasleak kopeta zimurtu zuen: “Hiru Errege Mahaia? Ez. Aitxuri da Euskal Herriko mendi gorena”… nahiz eta ia kilometro bat gutxiago izan. Hiriburua Iruñea? Ez, Gasteiz. Ikastoletan, aldiz, zazpi herrialdeak hartzen dira kontuan, baina selektibitatea hurbildu ahala, hainbat kasutan gutxienez, ikasleei irakatsi behar omen diete EAEko mapa dela balio duena, azterketa gainditzekotan.

Sukaldaritzari buruzko zentro batek mapa eder bat badauka gure herrietako produktuekin: Gernikako piperra, Tolosako babaurrunak… Eta Tuterako zainzuriak? Itsasuko gereziak? Ez, bistan denez. Mapa EAEkoa da…

Juan Joxe Ibarretxek iragarri du 2030erako Euskadi independentea izanen dela. Zer ulertu behar dugu? Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba? Oion euskal estatuan izanen da eta Goizueta ez?

Orain anitz aipu da errealitate ezberdinak kontuan hartzearen ideia, Euskal Herriaren geroa diseinatzerako orduan. Badirudi batzuk orain ohartu direla aukera horretaz, baina duela hamabost urte, Aralar eta Abertzaleen Batasuna “prozesu asimetrikoaren” alde agertu ziren, Euskal Herriak erritmo ezberdinetako eremuak dauzkala azpimarratuz.

Egia da Euskal Herrian errealitate desberdin anitz badela, erritmoak ez direla berak leku batean edo bestean. Baina asimetriak ere anitz dira, eta desberdinak. Badaude, noski, asimetria instituzionalak: EAE batetik, Nafarroa bestetik, eta Ipar Euskal Herria azkenik. Haatik, asimetria instituzionalek gehiegi baldintzatzen dituzte azken urteetako politika eta politika ez dena. Desberdintasunen eta antzekotasunen mapak, maiz, ez du bat egiten mapa instituzionalarekin: euskara, sektore ekonomikoak, hiriguneak, erliebea, abertzaleen indarra…

Zorigaitzez, azken urteetan dena antolatu da zatiketa administratiboaren arabera. Dauden datuak administrazioen arabera daude, horrek argazki faltsuak edo ez osoak ateratzera bagaramatza ere. Errealitateak diren baino desberdinagoak direla sinestera heltzen gara. Eta politikak ere administrazioen arabera egiten dira. Adibidez, azken hamarkadetako errepideek eta garraio politikek harreman batzuk hautsi eta beste batzuk garatu dituzte. Hezkuntzaren antolaketak ere ez ditu errazten harremanak.

Zatiketa administratiboaren eta egoera instituzionalaren helburu eta ondorioa da gure arteko batasun faltarekin jarraitzea eta estatuekin lotzen gaituzten sokei eustea. Estrategia politikoak abiapuntu horretan oinarritzea ote da bide egokiena errealitate hori ezabatzeko?

Hamarkadetan zehar gehiegi azpimarratu dira Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren arteko desberdintasunak, txikituz joan beharrean, handitu baizik egin ez direnak. Desberdintasun horien arrazoia sinplea da: Frantziaren eragina batean, Espainarena bestean; estatu bakoitzaren indarraren erakusle dira. Gainera, zatiketa administratiboak areagotu du Nafarroa eta Ipar Euskal Herria desagertzea, euskal erakunde eta egituren eskutik beretik. Prozesu asimetrikoak ez ote du hori larriagotuko? Ez ote dugu anitzez gehiago irabazteko elkarrekin lan eginez eta harremanak sendotuz, bakoitza bere aldetik ibili beharrean bere etorkizun instituzionalaren bila?

Urepeletik Bilbora, euskara lokarri

maiatza 5th, 2015

Korrika Bilbora helduko den egunean argituko da zeinek irabaziko dituen hauteskundeak Ipar Euskal Herriko hamabi kantonamenduetan. Lehiakide batzuek lekukoa hartu zuten Korrika beren herritik pasatu zenean: kontraesanaren beldurrik ez zuketeen, haien hauteskunde propaganda frantses hutsez baitzen. Zorionez, hautagai horiek ez bezala, Urepelen bildu ziren milaka pertsonek eta ibilibide osoan zehar dabiltzan gehienek euskara bihotzean daramate, eta darabilte.

Euskara zen martxoaren 19ko komunikazio hizkuntza Urepelera joan zirenen eta hango herritarren artean, naturaltasun osoz, Urepeleko eguneroko hizkuntza euskara baita. Horrek garbi islatu zuen hango Adur euskara elkarteko kideek diotena: ibarraren garapen ekonomiko eta kulturala ezin dira pentsatu euskarari buruzko gogoeta kolektiborik gabe. Gogoeta horrek balio beza Urepeletik harago ere.

Zorigaitzez, Urepelen aldarrikatu zenaren kontrakoa ikusten da merkatuetan. “Hemen dago ama bat bere haurrek hila”, zioen Xalbadorrek, eta gaur ere gauza bera erran lezake. Laborariek hainbat produktu saltzen dituzte, kalitate onekoak, maiz Idoki izendapenarekin… Euskaltzaleak dira, abertzaleak, baina beren produktuen etiketa anitzetan ez dago euskarazko hitzik, izenaz aparte. Osagaiak eta abar, frantsesez. Nola nahi dugu Frantziak euskarari ezagupena aitor diezaion, euskaldunek berek baztertzen badute?

Horrez gain, hizkuntza gutxietsiz, daukaten herri ikuspegia bera aitortzen dute. Frantsesez etiketatzen badute, Frantzian eta Iparraldeko erdaldunetan bakarrik ikusten dute merkatua ekoizle horiek. Euskal Herri gisa pentsatzen duenak laster ulertzen du Pirinioen eta Bidasoaren bestaldean badagoela merkatu bat, eta merkatu hartara heltzekotan, ez daitezkeela frantsesez aritu. Euskarari uko egitea da Euskal Herria ez ikustea bere osotasunean, ez jokatzea herri gisa eta Frantziarekiko menpekotasunari indar gehiago ematea. Euskal Herria izango balitz erreferentzia, euskara anitzez gehiago erabiliko litzateke. Horrela indartuko lirateke bai hizkuntza, bai herria.

Frantziak eta Espainiak, estatu izanik, mendeetan zehar egindako lanarekin lortu dute euskaldunak estatu horietara lotzea. Urepeletik ehunka lagun joan ziren azken mendean zehar eta lehenago ere, bertan ez zegoelako lanik. Milaka euskaldun joan ziren atzerrira lanera, anitz “Ameriketara”, eta beste anitz “Parisera”. Oso adierazgarria: leku bat izendatzeko kontinentearen izena, bestearentzat hiriarena (zergatik ez, “Frantziara”?). Eta Baztandik zetozenak “Espainiatik” heldu ziren.

Estatua izan da norabidea markatu duena, eta norabidea markatzen segitzen duena. Errazago doa jendea estatu horretako beste hiri batera, beste estatu baten menpeko euskal hiri batera baino. Hain segur, Euskal Herria estatu izan balitz, Urepeletik Los Angelesera edo Parisera joan beharrean, ehunka lagun horiek Bilbora, Iruñera edo Donostiara joanen ziren. Euskal Herrian geldituko ziren. Eta euskara izanen zen lokarria.

Joera ez da aldatu. Gaur egun ere, gazteak trumilka doaz Frantziara ikastera, eta asko han gelditzen dira lanean. Bordelera joatea, Donostiara joatea baino naturalago zaio jendeari. Eta Hego Euskal Herrian ikasteko borondatea duenak, traba administratibo gaitzak jasan behar ditu.

Urepeletik Bilbora, herri bat garela erakusten du Korrikak, eta hizkuntza batek elkartzen gaituela denak. Ekitaldi sinbolikoaren gainetik, kultura, politika, ekonomia eta gizarteko alor guztietan, Paue, Bordele, Paris edo Madrilera begiratu beharrean, soa aldatuko bagenu, euskaldunago izango ginateke

Hautes-argazki nazionala

martxoa 9th, 2015

Ez da erraza Euskal Herri osoko argazki politikoa ateratzea, hauteskundeak ez direlako urte beretan izaten, are gutxiago egun beretan. Aurten, ez egun berean, baina bi hilabeteko epean iraganen dira bozak Euskal Herri osoan, eta, gainera, antzeko ganberetako ordezkariak hautatzeko: departamenduko kontseilukoak Ipar Euskal Herrian, Batzar Orokorretakoak eta Nafarroako Gobernukoak Hego Euskal Herrian.

Ordezkariak hautatzeko sistemak desberdinak dira eta indar politikoen artean ñabardurak badaude, baina hauteskunde horiek balio dute argazki orokorra ateratzeko, eta abertzaleen indarra neurtzeko. Ipar Euskal Herri osoan aldi berean bozkatzeko aukera izaten da udal hauteskundeetan, diputatu bozetan, Akitaniakoetan eta Europakoetan. Azken bi horietako hauteskunde-barrutia hain zabala izanik, ez dira beti aurkeztu zerrenda abertzaleak. Udal hauteskundeak biziki lokalak dira eta aurkezten diren zerrendak ez dira urte osoko eskaintza politikoaren araberakoak. Frantziako Parlamenturako hauteskundeetan izan ohi da aukera egun berean neurtzeko Ipar Euskal Herriko abertzaleen indarra. Horrek ere bere zailtasunak ditu, ordea: batetik, Frantziako politika dute ardatz, eta ez dira baldintza hoberenak abertzaleentzat; bestetik, abertzaleek hauteskunde barruti handi bat partekatu behar izaten dute Biarnoren zati batekin.

Kantonamendu hauteskundeak izaten ziren egokienak abertzaleen pisua ezagutzeko. Baina ez zuten balio argazki osoa ateratzeko, Ipar Euskal Herriko kantonamenduen erdian izaten baitziren bakarrik, hiru urtetik behin. Ordezkariak hautatzeko sistema aldatu da, kantonamenduen maparekin eta hauteskundeen zein erakundearen izenarekin batera (orain departamenduko hauteskundeak dira). Heldu den martxoan 22 eta 29ko bozak Ipar Euskal Herri osoan iraganen dira; lehen itzuliko emaitzekin aterako da argazki orokorra, orain arte egin ahal izan den baino hobeki. Horrek berak erantzukizun handia ematen die abertzaleei.

Frantses eta espainol alderdietan badira ñabardurak, eta UPN Nafarroan dago bakarrik. Euskal Herritik begiratuta, interesgarria dena da jakitea zein izanen den, orokorrean hartuta, abertzaleen emaitza. Maiatzaren 24an izanen dira hauteskundeak Hego Euskal Herrian. Nafarroako Gobernurako eta Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko Batzar Nagusietarako hauteskundeetako emaitzei gehitu beharko zaizkie Ipar Euskal Herrikoak.

Alde guztietan aurkeztuko diren alderdi eta koalizio abertzaleak antzekoak dira, gainera. Horrek are gehiago lagunduko du. Egia da EAJ ez dela kantonamendu guztietan aurkeztuko, eta Nafarroan Geroa Bai taldean egonen dela. EH Bildu eta EH Bai sigla bera dira, baina bi koalizio desberdin, nahiz eta bietan dauden EA eta Sortu, eta Aralar eta AB hurbilekoak diren hastapenetik.

Argazkia garbiago izateko eta, bereziki, Lizarra-Garaziren ondorengo urteetako zatiketa giroa gibelean utzirik, beharbada tenorea jina da ezker abertzaleko alderdien arteko koalizio nazional bati buruz gogoetan hasteko. Ipar Euskal Herriko batzuk uzkur ager litezke, erranez abertzaleak ez direnengana heltzekotan, koalizio bakarraren hautua ez dela eraginkorrena… Beldur horiek ba ote dute zinezko oinarririk, ordea? Prozesu asimetrikoarekin bat egin ondoan, helburu komuna eta Euskal Herriko nazio ikuspegia argi eta garbi erakusteko bidea litzateke izen bereko koalizioa. Baita ere gure konbentzimenduetan sendo gaudela erakusteko bidea: baietz, abertzaleen oinarrizko proiektua Euskal Herria eta independentzia dela, are gehiago bide horretan urrats taktikoak egiten badira.

Tresna-barrara saltatu