Archive for the ‘Historia’ category

Historia eta oraina

maiatza 29th, 2015

Euskal Herriaren independentziaren aldeko aldarria bizirik dago 2015ean. Bistan denez, ez da hutsetik sortu den zerbait. Herri honetako herritar anitzek independentzia nahi dute, herri hau bizirik dagoelako, orain arte bizirik iraun duelako. Hilik edo suntsituak bageunde, Frantziak eta Espainiak guztiz asimilatu bagintuzte, 2015ean ez litzateke halako proiekturik egongo. Halaber, ez genuke euskal estatu bat sortzea aldarrikatuko, lurralde honetan ez balitz sekula euskaldunik izan. Fernandoren egiak dira. Baita hau ere: estatu izaten segitu bagenu ere ez genuke halako aldarrikapen baten beharrik.

Independentzia ausikika ausikika kendu ziguten; ausikirik handiena, baina ez azkena, 1512koa izan zen. Nafarroak bere estatua izan zuela erratea ez da XV. mendeko erregimen politikora itzuli nahi izatea, ez eta ere ondoko 500 urteetan deus ez dela gertatu erratea. Data batzuk baizik ez aipatzeagatik: 1789, 1914, 1936… Nazio orok garrantzia ematen dio bere historiari: Frantziako leku anitzek egiten diote ohore Luis XIV edo beste erregeren bati, baina horrek ez du kentzen frantziarrak errotik errepublikarrak direla.

Euskal Herriko historia Nafarroako erresumaren heriotzarekin bukatu ez zen bezala, ez zen erresuma haren sorrerarekin hasi. Garai batez estatu bat eduki izanak argudio sendo bat ematen digu. Baina, Erromatarren Inperioa erori ondoan sortu ziren erresumen artetik, Nafarroak ez balu lortu estatu bihurtzea? Hain segur anitzez ahulago helduko ginen XXI. mendera, baina bizirik egonez gero, estatu bihurtzea aldarrikatzeko zilegitasuna izango genuke, herri bat garenez geroz. Gure iragana, identitatea eta lurraldea ez bagenitu izango, gaur egun ez litzateke aipatuko ez independentziarik (ez al da gutxi aipatzen?), ez erabakitzeko eskubiderik.

Nahiz eta nehork ez duen dudan ezartzen historiaren eta identitatearen funtsezkotasuna, aski berria da, ordea, bi gai horiek kutxa batean itxirik mantendu nahia. Beren burua euskaldun sentitzen ez duten horiek uxatzeko beldurrez, ez omen da komeni argudio horiek gehiegi aipatzea. Jende berria erakartzeko, erakutsi behar dugu balizko euskal estatu batean Espainian edo Frantzian baino hobeki biziko ginatekeela, sozialki, ekonomikoki… Nehor ez dugu engainatuko: mundu guztiak badaki zein den oinarrizko arrazoia.

Euskal estatu proiektua ez da bakarrik hizkuntzaren eta lurraldearen arabera pentsatu behar, bistan denez. Ekonomia, zerbitzuak, energia eta beste hainbat arlo ere sakon landu behar dira. Haatik, bizi hobearen menturarekin eta identitatearen gaia baztertuz jende gehiago konbentzituko dela pentsatzea zilegi den bezala, zilegi da kalkulu horrekiko eszeptikoa izatea ere.

Badirudi, ordea, ez dela aski babesik ikusten independentziaren alde, eta horregatik diskurtsoa aldatu behar dela. Independentzia eskura ikusten zen 70eko hamarkadan. Helburua ez zen bete, eta ez da hurbil ikusten. Zer egin da, bada, gaizki, urte horietan guztietan, independentziaren aldeko indar harremana ez handitzeko?

Iazko udatik hona, batzuek diote gehiegi aipatzen dela identitatea, euskalgintzak gauzak ez dituela ongi egi(te)n… Identitatearen gaia izan al da, ordea, herritarren arteko amildegiaren faktorea? Irakurketa hori egiten da historia gaur hasi balitz bezala, iragan hurbila eta azken hamarkadetan egindakoak aipatu eta kontuan hartu gabe. Historia – urruna eta hurbila – alfonbra azpian sartzean, batzuen eta besteen erantzukizunen bila ibiltzerik ez legoke. Baina horrek dakar gaur egungo egoeraren interpretazio okerrak eta injustuak egitea. Ez dago historiarik gabeko naziorik. Ez dago orainik, iraganik gabe.

Frantziak irentsirik

maiatza 19th, 2015

Euskalduna guztiz itota sentitzen da Lapurdin, eta are gehiago hirigunean. Egoera horrek azalpen historioak baditu. Manex Goihenetxe historilariak (1987) ahoan bilorik gabe esplikatu zituen, XIX. mendeko aldaketa demografikoen datuekin (adibidez, Miarritzen, 1820an 1.088 biztanle, 1876an 5.507 lagun eta 1911n 18.260): “Itxuren arabera, jendetzaren berrikuntza bat gertatu da Lapurdin, arrotzek osatu dute jendetzaren berritzea eta emendatzea. Beste herrietan izen berezi bat dauka horrelako gertakari batek: colonie de peuplement edo koloniar jendeketa. Alta, hori da hemen ere gertatu: jatorrizko jende euskaldunaz herriak hustu dira, kanpoko arrotzez ugaldu. Ez dezagun ahantz ber denboran Euskal Herriko gazteria Hego Amerikara joaiten hasi zela, 1832tik goiti.”

Frantziaren politika hori izan da, eta horrela da gaur egun ere: biztanleak elkarrekin nahastea, nortasun bakoitzaren erroak ahultzeko. Horri hertsiki lotzen zaio gerrak egitea Frantziarekin batera, etsai komun baten aurka. Eta baita ere euskaldun izatearen ahalkea sarraraztea, euskal kultura gutxiestea eta euskarari eskubide oro ukatzea. Goienetxek aipatzen zuen ordezkatze demografikoaz gain, ordezkatze kulturala ere egin du Frantziak; Jose Manuel Odriozolak dioen bezala, “herri euskalduna irentsi” du.

Hori ez da gelditu. Gaindegia-k datu zehatzak dauzka eskutan, eta horien arabera, klase ertain-altuko milaka langile etorri dira Baionara lanera, azken urteetan, eta beste milaka itsas bazterreko herrietara, erretreta pasatzera. Lanpostuak sortzen badira Baionan, are gehiago lanpostu publikoak baldin badira, aukera gehiago dauka Frantziatik datorren batek, Euskal Herriko batek baino. Frantzian ere gauza bera gertatzen da: hiri bateko biztanle batek aukera gutxi izango du bere hiriko postu batean onartua izateko; bai, ordea, 500 edo 900 kilometro urrunagoko lanpostu batera aurkezten bada. Ulertu nahi da bere herritik kilometro askora joateko prest dagoenak anitzez motibazio handiagoa daukala lanpostu horretarako; bestearen motibazio gorena, etxetik hurbil egotea litzatekeen bitartean. Beraz, gaizki ikusia da herritik urrunegi joan nahi ez izatea.

Frantziak horrela gorpuzten du bere gizartea, duela 150 urteko pentsamenduaren antzera, patchwork baten gisan. Leku guztiz ezberdineko jendeak bihurtzen dira lankide; urtean behin egiten diren familia bazkarietan, Frantziako lau hegaletan dauden ahaideak elkartzen dira… Horrek balio du Frantzia bat marrazteko, denak herri beraren parte sentiarazteko. Euskaldunak, korsikarrak eta bretoiak ongi ikusiak dira, beren herritik urrun baldin badaude, eta hari mehe batek lotzen baditu beren nortasunera, Frantziari kolore arin bat emateko gisan. Haatik, kopeta txarrez begiratzen zaie beren erroei sendo lotzen zaizkienei.

Frantsesak, eta nola ez prefeta, asaldatuko lirateke Baionan sortzen diren lanpostuetarako euskara eskatuko balitz. Horrek urratuko luke Frantziaren égalité oinarria. Frantziar guztiek eskubide bera daukate Frantziako edozein lekutan lan egiteko, baita Baionan ere, haientzat, Baiona Frantzian baita. Eta arau hori oinarrizkoa da Frantzia uniformea izateko eta frantsestasunak sendo jarraitzeko.

Badira zuzenean euskararekin lotuta dauden lan-eskaintzak ere; haatik, zehazten da frantsesa jakitea beharrezkoa dela. Beste gisa batez irakurriz, Hego Euskal Herriko gehienei ukatzen zaie Bidasoaren bestaldean lan egiteko aukera. Baina nehor ez da asaldatzen, frantsesak egingo liratekeen bezala. Alta eskaera horrekin ez ote da, berriz ere, Euskal Herria ukatzen eta Frantzia zilegitzen?

Gerrarako prestu, herria frantsestu

azaroa 19th, 2014

Horra hemen, #txiotesia2 ekimenerako egin nituen sei txioak: “Lehen Mundu Gerra Eskualduna astekarian” tesia laburbildu nahi dute sei kopla horiek.

1.
Alemanen aurka herraz,
7.000 ale erraz
zabaltzen ziren euskaraz eta
zer idazten zuten gerraz?

2.
Orri ta berriak urri,
eta zentsura bihurri.
Kazetariak soldadu eta
erreportaje iturri.

3.
Alemana deabrua,
Ta Frantzia aingerua,
Idazle haiek argi zeukaten
Noren alde zen zerua.

4.
Desertoreentzat lotsa
Soldaduentzat poza
Idazten zuten frantsesa zela
Euskaldun onen bihotza.

5.
Frantses armada “gurea”,
Goraipatuz adorea,
“Herriarentzat” hiltzea baitzen
euskaldunen ohorea.

6.
Gerran ibilirik prestu
Frantzia zuten babestu
Eskualduna-tik eta euskaraz
Herria zuten frantsestu.

eskualduna1

Heroiak ala biktimak?

azaroa 14th, 2014

Azaroaren 11 dator laster. Munduko gertakari tragikoenetariko bat gogora ekarriko dute. Horren harira, “abertzaletasuna” hitza darabil François Hollande Frantziako presidenteak, duela ehun urteko gertakariak oroitarazteko. Frantziako agintariek, oposizioak bezala, gaur egun oraino segitzen dute Lehen Mundu Gerran hildakoen goraipatzen, haien “abertzaletasuna, kemena eta garaipena” ohoratzen. Bigarren Mundu Gerratik landa egindako urratsak txalotzen dituzte gero, orain Frantzia eta Alemania “adiskide” direlako, hamarkadetan zehar etsai amorratuak izan ondoren. Beraz, XX. mende hasierako suntsiketa masiboen garaiak bukatu direlako poztu behar dugu.

Baina ez dute sekula dudan jarri sarraski haren beharra eta zilegitasuna, beti azpimarratzen baitute Frantziak zenbat zor dien 1914-1918ko hildakoei. Ez diete sekula barkamenik eskatu, ez hildakoen ahaideei, ez Europako beste herrialdeei, behar gabeko gerra batean sartzeagatik eta milioika heriotza eragin zituen gatazkako protagonista nagusi izateagatik. Alemanian apaltasun gehiagorekin ospatzen dute mendeurrena, mende osoan zehar irakatsi delako haiena zela gerra haren erantzukizun guztia.

Orain hasten da jakiten Errusiak Serbia laguntzeaz beste asmorik ere bazuela gerra hartan sartzeko: Itsaso Beltzetik barrena Mediterraneo Itsasorako sarbidearen gaiak asko kezkatzen zuen. Austria-Hungariaren eta Serbiaren arteko gatazkan esku hartzea – gerra bidez, batez ere – saihets zezakeen. Frantzia eta Erresuma Batua ere ez ziren aingeru batzuk. Frantziak ia mende erdia iragan zuen Alemaniaren aurkako herra elikatzen eta herritarrak psikologikoki eta fisikoki prestatzen gerra baterako.

Gaur egungo agintariak ez dira duela 100 eta 150 urte bitartekoen jarreraren erantzule, bistan da. Horrexegatik, kezkagarria da orduko jokamoldeen autokritikarik ez dezaten egin, mende bat iragan denean. Frantzia garaileen artean zen, bai, baina milioika lagun hil ondoren, Europa guztiz zatikatu ondoren, Bigarren Mundu Gerraren haziak erein ondoren…

Frantziak eta bere aliatuek guztiz umiliatu nahi izan zuten Alemania, ongi erakutsiz galtzaile hutsak zirela, eta gerra haiengatik gertatu zela. Baina ez dezatela pentsa haien garaipen militarraren ondorio izan zenik dena: une batez, Alemanian berean altxatu zen jendea gerraren aurka, Austria-Hungarian bezala. Eta hori erabakigarria izan zen. Frantziak eta Erresuma Batuak ezin dituzte ohore guztiak berenganatu.

Bigarren Mundu Gerraren ardura osoa ere Alemaniaren bizkar jarri ohi da. Baina halako izugarrikeriarik gertatuko ote zen, Lehen Mundu Gerraren bukaera beste era batera kudeatu balitz? Alemania duintasun gehiagoz tratatu balute? Bake iraunkor baterako bidea zabaldu balute? 1918an, enfrentamentu armatua bukatu zen; baina bakerik eta adiskidetzerik ez zen etorri Europara.

Ezin da parekatu Euskal Herriko gatazka Lehen Mundu Gerrarekin, bistan da. Baina gatazkaren bukaera kudeatzeko moduak badauka antzekotasunik 1918koarekin. Orduan, Alemaniari bakarrik eskatu zitzaion egindakoaren aitortza eta autokritika. Euskal Herriaren kasuan ere garaile gisa agertu nahi du Espainiak, eta 1918ko garaileen antzeko pentsamoldea erabiltzen du horretarako. Bide horrek, ordea, umiliazioa dakar. Eta umiliazioa ez da bakea, are gutxiago adiskidetzea.

Politikan eta kudeaketan dabiltzatenek ikasi behar lituzkete historiaren irakaspenak. Lehenago, han eta hemen egindako hautuak zein txarrak izan ziren ez ikustea eta ez aitortzea larria da; huts berak errepikatzea arduragabekeria.

Tresna-barrara saltatu