Archive for the ‘Hizkuntza’ category

Euskaldun ala frantses?

ekaina 4th, 2015

Ikerketa lan bat egiten ari zen ikasle bat etorri zen Frantziatik, duela hiruzpalau urte. Jakin nahi zuen Seaskan ikasi zuten ikasleek beren burua sentitzen zuten euskaldun, frantses edota biak batera. Batzuek erantzun zioten frantses eta euskaldun sentitzen zutela beren burua; beste batzuek euskaldun bakarrik. Kostatzen zitzaion ulertzea zergatik ez ziren frantses ere sentitzen, elebidunak zirenez geroz.

Frantsesa jakiteak ateak irekitzen ditu beste kultura batera, ekoizpen eta ondare handiko kultura batera, beste herri batera eta baita Frantziatik kanpoko eta Frantziaren menpeko beste hainbat komunitaterengana. Aberastasun bat da. Baina horrek ez gaitu, berez, frantses egiten. Hirugarren hizkuntza bat jakiteak beste kultura eta herri batzuetara irekitzen gaitu: espainolari esker, adibidez, Espainiako eta Hego Ameriketako herrialdeetako kultura daukagu eskura. Horrek ez gaitu espainol edo argentinar egiten. Adibide horrekin ulertu zuen frantsesa jakiteak ez dakarrela berekin frantses sentitzea.

Ulertu nahi zuen, ordea, bere burua euskaldun baizik sentitzen ez duenak zergatik ukatzen duen frantses (ere) izatea. Zergatik? Askorentzat, bi izaerak ez dira bateragarriak, Frantziak eta frantses hizkuntzak eta kulturak euskara ordezkatzeko indarra egin eta egiten dutelako, Ipar Euskal Herrian euskara arriskuan dagoelako Frantziaren ukapenarengatik, ezinezkoa delako nagusi eta azpiko izatea aldi berean.

Baina Hego Euskal Herrian euskara ofiziala dela eta espainol sentitzen ez direnak askoz gehiago direla erantzun zuen ikerlariak. Hizkuntza politika eta euskararen egoera ez direla uste duen bezain loriagarriak azaldu ondoren, beste faktore batzuk kontuan hartu behar direla esplikatu zitzaion. Estatu bakoitzak gisa desberdinean hartu zituen menean euskaldunak: Espainia otsoa bada, Frantzia azeria. Euskaldun izatearen ahalkea sarrarazteaz gain, Frantziak zazpi eginahalak egin ditu frantses izateko gogoa emateko. Frantziak munduan daukan fama ere hor dago, la grandeur, Frantziako Iraultzaren ondarea, “giza eskubideen herria”…

Frantziatik eta Espainiatik kanpoko edozeini galdetzen bazaio bi horien artean hautatzeko, zenbatek nahiko lukete frantses izan? Zenbatek espainol? Iparraldeko euskaldun anitzi eder zaie frantses izatea, Tupindekiko Roxali-ren edo Betiri oski argizale-aren gisan. Eta zenbat prest leudeke Frantziak eskaintzen dituen garantia sozialei uko egiteko?

Euskal nortasunean sendo dagoena elika daiteke frantses kulturatik, bere izaerari kalterik egin gabe; baina euskaldun bezain frantses sentitzen denak ez dio mesede handirik egiten euskaltasunari. Hiru hizkuntza jakiteak, berriz, funtzio orekatzailea izan dezake. Espainola jakinez eta Espainiako erreferentzia batzuk ezagutuz, uler dezakegu Hego Euskal Herriko euskaldunak noiz ari diren espainolaren eraginpean. Halaber, ohar gaitezke noiz erabiltzen ditugun frantsesaren edo Frantziako ohituren kalkoak. Ingelesa ere jakiteak are gehiago errazten du frantsesaren eta espainolaren eragina ikustea gure hizkuntza ohituretan. Baina bi hizkuntza baizik ez baditugu mintzo, ez dugu ikusten noiz ari garen (gure hizkuntza) frantsesten edo espainoltzen.

Ipar Euskal Herriko eta Hego Euskal Herriko euskaldunen arteko komunikazioa garai batez baino zailagoa izatearen arrazoietariko bat da frantsesaren eragina handitu dela alde batean eta espainolarena bestean, eta gaur egun espainol gutxiago ikasten dela Iparraldean eta frantsesa ez dela irakasten Hegoaldean. Urruntze horrek ere zailtzen du Ipar Euskal Herriko jendeak euskal estatu bat nahi izatea.

Urepeletik Bilbora, euskara lokarri

maiatza 5th, 2015

Korrika Bilbora helduko den egunean argituko da zeinek irabaziko dituen hauteskundeak Ipar Euskal Herriko hamabi kantonamenduetan. Lehiakide batzuek lekukoa hartu zuten Korrika beren herritik pasatu zenean: kontraesanaren beldurrik ez zuketeen, haien hauteskunde propaganda frantses hutsez baitzen. Zorionez, hautagai horiek ez bezala, Urepelen bildu ziren milaka pertsonek eta ibilibide osoan zehar dabiltzan gehienek euskara bihotzean daramate, eta darabilte.

Euskara zen martxoaren 19ko komunikazio hizkuntza Urepelera joan zirenen eta hango herritarren artean, naturaltasun osoz, Urepeleko eguneroko hizkuntza euskara baita. Horrek garbi islatu zuen hango Adur euskara elkarteko kideek diotena: ibarraren garapen ekonomiko eta kulturala ezin dira pentsatu euskarari buruzko gogoeta kolektiborik gabe. Gogoeta horrek balio beza Urepeletik harago ere.

Zorigaitzez, Urepelen aldarrikatu zenaren kontrakoa ikusten da merkatuetan. “Hemen dago ama bat bere haurrek hila”, zioen Xalbadorrek, eta gaur ere gauza bera erran lezake. Laborariek hainbat produktu saltzen dituzte, kalitate onekoak, maiz Idoki izendapenarekin… Euskaltzaleak dira, abertzaleak, baina beren produktuen etiketa anitzetan ez dago euskarazko hitzik, izenaz aparte. Osagaiak eta abar, frantsesez. Nola nahi dugu Frantziak euskarari ezagupena aitor diezaion, euskaldunek berek baztertzen badute?

Horrez gain, hizkuntza gutxietsiz, daukaten herri ikuspegia bera aitortzen dute. Frantsesez etiketatzen badute, Frantzian eta Iparraldeko erdaldunetan bakarrik ikusten dute merkatua ekoizle horiek. Euskal Herri gisa pentsatzen duenak laster ulertzen du Pirinioen eta Bidasoaren bestaldean badagoela merkatu bat, eta merkatu hartara heltzekotan, ez daitezkeela frantsesez aritu. Euskarari uko egitea da Euskal Herria ez ikustea bere osotasunean, ez jokatzea herri gisa eta Frantziarekiko menpekotasunari indar gehiago ematea. Euskal Herria izango balitz erreferentzia, euskara anitzez gehiago erabiliko litzateke. Horrela indartuko lirateke bai hizkuntza, bai herria.

Frantziak eta Espainiak, estatu izanik, mendeetan zehar egindako lanarekin lortu dute euskaldunak estatu horietara lotzea. Urepeletik ehunka lagun joan ziren azken mendean zehar eta lehenago ere, bertan ez zegoelako lanik. Milaka euskaldun joan ziren atzerrira lanera, anitz “Ameriketara”, eta beste anitz “Parisera”. Oso adierazgarria: leku bat izendatzeko kontinentearen izena, bestearentzat hiriarena (zergatik ez, “Frantziara”?). Eta Baztandik zetozenak “Espainiatik” heldu ziren.

Estatua izan da norabidea markatu duena, eta norabidea markatzen segitzen duena. Errazago doa jendea estatu horretako beste hiri batera, beste estatu baten menpeko euskal hiri batera baino. Hain segur, Euskal Herria estatu izan balitz, Urepeletik Los Angelesera edo Parisera joan beharrean, ehunka lagun horiek Bilbora, Iruñera edo Donostiara joanen ziren. Euskal Herrian geldituko ziren. Eta euskara izanen zen lokarria.

Joera ez da aldatu. Gaur egun ere, gazteak trumilka doaz Frantziara ikastera, eta asko han gelditzen dira lanean. Bordelera joatea, Donostiara joatea baino naturalago zaio jendeari. Eta Hego Euskal Herrian ikasteko borondatea duenak, traba administratibo gaitzak jasan behar ditu.

Urepeletik Bilbora, herri bat garela erakusten du Korrikak, eta hizkuntza batek elkartzen gaituela denak. Ekitaldi sinbolikoaren gainetik, kultura, politika, ekonomia eta gizarteko alor guztietan, Paue, Bordele, Paris edo Madrilera begiratu beharrean, soa aldatuko bagenu, euskaldunago izango ginateke

Zuk ingelesez, guk zergatik ez?

otsaila 5th, 2015

Kanpoko sorkuntzatik ere edan du euskal kulturak. Inspirazio iturri izan dira, adibidez, Ingalaterrako eta AEBetako folka, rock-a edota punk-a. Baina, hamarkada anitzetan zehar, euskal artistek erakutsi dute euskaraz kanta daitekeela genero horietan, ez dela ingelesera jo beharrik. Joera berri bat ageri da, ordea, azken urteetan, musikari gazteen artean: gero eta gehiagok ingelesez kantatzeko hautua egin dute.

Hari mutur asko eskaintzen ditu Ion Andoni Del Amoren doktore tesi interesgarriak. Besteak beste, ingelesez kantatzearen kontu hori ere aipatzen du. Ingelesa lehenesten duen talde batek aipatu dio bere ikusmoldea: euskarazko hitzak idatziz, askoz “biluziago” sentitzen omen da, eta ingelesez kantatzean ez omen zaio iruditzen bere buruaz ari dela. Beste batzuek diote errazago zaiela ingelesezko kantuak idaztea, silaba gutxiagoko hitzak dauzkalako, euskararekin konparatuz. Halaber, hainbatek aipatu dituzte euskal musikaren “ajeak”: euskarazko kantuek maila literario jasoa behar omen dute beti; eta baita mezu politikoa ere (nahiz eta leloak musikatzera mugatu, zenbaitek diotenaren arabera). Non bukatzen da egia? Non hasten dira topikoak? Argi dagoena da gogoeta sakon anitz eta hausnarketarako gaia eskaintzen duela lan horrek.

Aldi berean, euskal musikaren presentzia anitz apaldu da irratietan eta, bereziki, tabernetan. Jendeak “ongi pasa” nahi omen du, eta “ongi pasatzeko” biderik ez bide du eskaintzen euskarazko musikak. Eta horrela zabaldu da reggaeton estiloa, Karidadeko Benta taldearen Belaunaldia kantuak bikainki azaltzen duen bilakaeraren sinbolo gisa. Eta musika horrekin, bereziki espainola da gure artean nagusitzen den hizkuntza. Berriz ere.

Ingelesezkoek prestigio gehiago ematen dutelakoan eta espainolezkoak alaiagoak direlakoan, euskara bi hizkuntza hegemonikoren biktima da. Oraino ere. Europa iparraldeko estatuak ere kezkatzen hasiak dira, gero eta zailagoa delako bertako hizkuntzetan kantatzen duten taldeak aurkitzea. Euskal Herria ez da horretara heldu, oraino. Baina ez dirudi bide onetik dabilenik.

Bakoitza libre da nahi duen hizkuntzan kantatzeko, eta nahi duen musika entzuteko. Bistan da. Baina hizkuntza horiek, diren bi horiek direlako, euskararentzat mehatxu bihur daitezke, laster. Ingelesa ez da euskararen zuzeneko mehatxua, baina Euskal Herrian ez ditu hainbeste espainola eta frantsesa ahultzen, bai, ordea, euskara, jadanik minorizatua delako.

Gertatzen dena da, Del Amoren tesian agertzen den bezala, anitzentzat gatazka “bukatua” dela eta beraz, euskaraz eta politikaz kantatzeko edo entzuteko “behar” edo “presio” hori ere desagertu dela. Halaber, euskara – Gipuzkoan eta Bizkaian bereziki – normalizatu da: ofiziala da, ez da aldarrikatzeko beharrik sentitzen… Ikastolako hizkuntza da, baina ez lagun-artekoa, ez dibertitzekoa, ez kultura kontsumitzekoa…

Euskara baztertu duten euskaldun horiei leporatu behar ote zaie? Berriz ere solas zaharra dator gurera: zibilizatua izan nahi bazen, euskara ukatu behar zen, frantsesaren edo espainolaren mesedetan. Orain ere ez ote gara antzeko zerbait bizitzen ari, euskal kultura gutxietsiz eta ingelesa goratuz, espainola eta frantsesa entzuten ditugun bitartean?

Gure kulturak ez du besteenak baino gutxiago balio. Zabaltzeko baliabide gutxiago dauzka. Hori da arazoa. Boterea ez dauka herri honek; estatuek eta multinazionalek daukate.

Horregatik da zapaldua gure hizkuntza, eta oraino ere sinetsarazten digute ez digula balio mundu honetan zerbait lortzeko.

Berria-n argitaratua

urtarrila 9th, 2013
Tresna-barrara saltatu