Archive for the ‘Kultura’ category

Euskal kulturaren oskorria

otsaila 25th, 2016

Ahantzezina izan zen Oskorri taldeak Baionan eman zuen azken kantaldia; eta ahantzezinak izanen dira, halaber, oraino emateko gelditzen zaizkionak. Errepertorio ezin egokiagoa, kalitate bikaina, kantaldi alaia, baina memento hunkigarriekin… Plazera, urte anitzen buruan berriz entzuteko eta ikusteko parada ukan baitugu. Hunkigarria, bagenekielako azken aldikoz entzuten ari ginela (Oskorrik zuzenean kantaturik) Furra Furra edo Euskal Herrian Euskaraz bezalako kantuak. Urteak aitzina doaz, eta denek badute bukaera…

Baina hortik harago, gogoeta sakonerako gaia utzi du mahai gainean Oskorriren despedidak. Goiz-argiko edo ilunabarreko zeru gorria erran nahi du “oskorri” hitzak (“goizeko oskorritik gaueko oskorriraino…” dio kantuak). Oskorri taldea gaueko oskorrira heldu da. Baina zerk ekarri ote du horretara? Garbi aipatu da azken urteetan anitz murriztu zitzaizkiela plazak, eta 80 eta 90eko hamarkadetako euskal talde ospetsuenetakoa ahanzturaren mugara erortzen ari zela.

Musika mota hori ez zelako gehiago modan? Euskal Herriko publikoaren axolagabekeriaz? Hain segur, ez bat eta ez bestea. Udazken honetan ematen ari diren kantaldietan garbi ageri da zer gaitasuna duten gela handiak betetzeko eta publikoa zoriontsu jartzeko. Gaur egun beste talde batzuk dabiltza plazaz plaza, beste estilo bateko musika entzuten da, beste egitura bateko kantaldiak antolatzen dira. Baina Oskorri taldeak bezala, belaunaldi guztietako jendea euskal talde baten inguruan biltzeak herri bati ematen dion indarra ere kontuan hartzekoa da. Eta halako taldeak ez dira anitz. Lauga gelan izan zen besta eta batasun giroa, euskal (euskarazko, bistan da) kulturaren eta euskararen duintasun agerraldi bat zen.

Euskal kulturaren ahulgunea erakunde politikoen babes falta da. Folk musika zenbateraino da moda kontu bat? Irlandako folka eta zeltiar musika, oro har, ikaragarri zabaldu dira azken hamarkadetan, eta presentzia handia izaten segitzen dute. Berezko indarrarengatik? Ez bakarrik. Irlandako gobernuak indar handia egiten du Irlandako talde batzuk munduan zehar promozionatzeko, eta horrela Irlandari ospea emateko. Euskal Herrian ez da halakorik. Oskorri ez ote da euskal musikaren erakusleiho egoki bat? Irlandak egin duena zergatik ezin du egin Eusko Jaurlaritzak, euskal kulturaren sustatzeko? Beharbada, Oskorrik babes instituzional hori izan balu, oraino segituko zuten beste zenbait urtez, eta Euskal Herriko plazetatik ere ez zen desagertuko azken urteetan. Bistan da, Oskorri bezala, beste taldeak ere babestu behar dira. Talde ez hain ezagunak ere airatzen lagundu behar dira.

Gauza bera da literaturarekin. Zenbateraino babesten dira euskal idazleak? Norvegiak 5 milioi biztanle ditu (Euskal Herriak baino 2 milioi gehiago bakarrik), eta hango gobernuak badauka politika bat idazle norvegiarren liburuak beste hizkuntzetara itzultzeko, Norvegiako literaturak itzala izan dezan mundu zabalean. Eta horrela, posible da Norvegiak nobelagileak edukitzea, eta bere literatura aberastea. Euskal Herrian, idazle bakar batzuk kenduta, nekez bizi daiteke literatura-sorkuntzatik, ez baitaukate horrelako babesik. Egia da sektore aktiboa dela, idazteko zaletasuna daukan jende anitz badagoelako. Baina ez dago baliabiderik literatura sendotzeko.

Bistan da, Irlandak eta Norvegiak badaukate zerbait Euskal Herriak ez daukana: Estatua. Euskara eta euskal kultura zinez laguntzeko eta indartzeko, estatu bat behar dugu. Baina baita ere kulturaren estrategikotasuna ulertzeko adimena.

Emile Larre: «Harrotasun eskas izugarria dugu gure euskaltasunean»

ekaina 4th, 2015

(Emile Larreri egindako elkarrizketa, 2005ean, Berria-n)

Xalbador, Mattin eta Xanpunen aurpegien marrazkiak, pilotarien margo bat eta Euskal Herriko mapa paretan itsatsirik daude. Donostiako Bertsolari Egun batez eskaini zioten txapela, liburutegiko apaletatik zintzilik. Emile Larrek bere etxean hartu gaitu. Umore onez eta gustu handiz hitz egin du.

Herria astekariak hirurogei urte bete berri ditu. Herria, euskal prentsaren aitatxi, hor dago oraino. Baina euskal prentsaren bilobak ere badaude. Herria-k lan anitz egin du orain jende gehiagok euskaraz irakur eta idatz dezan?

Hori baizik ez dugu gogoan. Euskara atxiki nahi dugu gure familietan. Herria euskararen gider azkar bat izan dadin nahi dugu. Herria-n sartu nintzenean, ia publizitate guztiak erdaraz ziren. Erdarazko publizitate guztiak euskaldundu ditugu. Horrela bertze kazetei bidea erakutsi genien. Hala nola ikastolek bertze eskolei erakusten baitiete bidea, guk ere holako zerbait izan nahi dugu bertze prentsarentzat.

Argia, Egunkaria, Berria eta horientzat erreferentzia izan da?

Beharbada, eragin handiagoa izan dugu Sud-Ouest eta holako batzuen gain. Arrunt erdaraz zirenetan euskara gero eta gehiago sartzen ari da. Horiei dut lehenik pentsatzen. Ez dut bertzeei bidea erakusteko nahikaririk, horiek euskaldunak baitira.

Herria-ren arbaso izan zen Eskualduna astekariko zenbait testu harrigarriak dira gaur egun irakurtzeko. Gogor mintzo ziren gorrien kontra, juduen kontra, 14ko gerlan intsumiso zirenen kontra, 36ko gerlan Francori iharduki nahi ziotenen kontra… Zama handia izan ote da zuretzat herentzia hori?

Ni ez nintzen batere giro hartan etorri. Eskualduna ez zen astekari orokorra izan hastapenean. Politikoa zen. Orain kazetagintza pixka bat despolitizatu da. Egunkariek badute beren haria, baina hala ere kazeta bakoitzak nornahirendako irakurgarri izan nahi du. Guk oraino bagenuen euskalduntzeko beharra. Badu 36-37 urte Herria-n sartu nintzela. Orduan, abertzaletzen hasi ginen. Guk ere abertzaleagotzen ikasi genuen, nahiz eta gure irakurleek biziki urrun segitzen gintuzten.

Mende batez Euskal Herria zenbat aldatu den ikus daiteke aldizkari horiek guztiak irakurriz. Herria horren lekuko izan da?

Bistan da baietz. Sud Ouest eta kazeta frantsesak ere aldatu dira. Euskal Herriari ekartzen diogun sostenguaren aldetik, bertze edozein kazetaren aitzindari izan nahi dugu. Ez dut uste Sud Ouest-eta euskararen ezartzen hasiko zirela ez balira kazeta euskaldunak izan.

Herria nola egokitu zaio gaur egungo garaiari?

Ez zaigu kosta. Jadanik gure herriko iritzia baino aitzinaxeago ginen. Problema ez zen gu egokitzea, baizik eta gure irakurlea segiaraztea, eta hori gauza guztietan: idazkeran, euskara batuan… Guk pedagogia bat bezala nahi ukan dugu egin. Pedagogia hori da kazetariaren lana, ez bakarrik idazkeran, baina ideietan eta denetan.

Gaur egun, zein da Herria-ren berezitasuna?

Herritarrek segitzea da gure nahia, haien laguntzea ideietan, demokratizatzen. Izan da denbora bat non euskaldunek ideia sozialak ez baitzituzten biziki laguntzen, edo ezagutzen. Kazetariak ideologia pixka bat badu. Eta hori da gure kezka handia, ikurrin bat izatea. Ikurrina ez da bakarrik koloreetan; maila guztietan egiten da: lanean, hizkuntzan…

Euskarazko prentsaren geroa arriskuan izan daiteke jende gutxiagok baldin badu euskaraz irakurtzeko gaitasuna?

Hori grina handia da. Hala ere, non egiten da Euskal Herrian bezainbat? Gure kazeta familiako nornahirena da. «Euskara hori zailegia da, ez dugu ulertzen», erraten digutenei ez diegu amore ematen ahal. Euskal Herri barnealdean badira errotik euskaldunak diren eskualdeak, baina ez da motibaziorik. Nola mintzo dira elkarren artean? Euskaraz, baina euskaraz zergatik ari diren jakin gabe. Hori da tristezia. Mekanikoki ari dira euskaraz. Euskaraz ari direnek berek erraten dute «euskarak ez du balio!». Harrotasun eskas izugarria dugu. Baitezpadakoa litzatekeena. Holakoak hiltzen ari den herri baten seinale dira. Zeure buruaren nortasuna eta estimua galduak dituzularik, ez da gehiago gizonik. Haizeak nahi duen lekura eramanen zaitu. Hara norekin ari garen!

Euskaldun fededun anitzek ez ote dute fede gutxiegi euskaran eta Euskal Herrian?

Ez eta federik ere! Zer da euskaldunen fedea? Ez da euskararen fedea bakarrik. Baina non da Jainkoaren eta izpiritualtasunaren fedea? Horretan ere, gudu bera dut apez gisa eta euskaldun gisa.

Biak lotzen dituzu?

Ez dut erraten batek bertzea ekartzen duela. Baina erraten dut bietan ikusten dudala loeria bera. Loeria delarik, horren iratzarraraztea…

Zein loeriak zaitu gehienik kezkatzen?

Biek. Ene fedearengatik eman dut ene bizia horretara. Eta denbora berean ikasi dut, Lafitterekin eta bertze anitzekin, bertze fedea zer den. Nik maitasun bera dut bi fede mota horien berritzeko, barnatzeko, aitzinarazteko.

Pertsonak zergatik behar du giristino fedea?

Azken mende hauetan euskaldunak fede horri lotuak izan dira, eta gure kultura bikoitza izan da (kristau kultura eta gizon kultura). Ez dugu ahantzi behar euskaldunek bertze kultura batean ere hartu dutela parte, ebanjelioan. Eskrupulu handi bat banuke biak elkarri loturik ikasi dituztenei biak elkarretarik bereiztea. Jende baten larrutzea bezala sentitzen dut.

Gaur egun ez da bakarrik Euskal Herrian falta sendi giristinotasunarenganako atxikimendua. Europan ere horrela da.

Preseski, Europa nork egina da joan diren 1.200 urteetan? Elizak! Nik ez dut onetsia Europari nola kendu dioten kristau erreferentzia. Elizarekin egina da Europa. Eta lanjeros da horrela larrutzea. Izan daiteke kristau giro hori galtzen ari dela. Baina sistematikoki kendu nahi izatea kriminala da.

Gazte eta hain gazte ez diren anitz ez dira euskaraz mintzo, gaizki mintzatzeko beldurrez. Ez dute beldur bera frantsesez gaizki mintzatzeko.

Nik pentsatzen dudana erran duzu. Ez dute pentsatzen euskarari. Irisarriko sakristian, duela hogei urte, amatxi bat jin zen meza baten galdetzera, bere neska, sei-zazpi urtekoa, eskutik. Hari frantsesez mintzo. Eta nik: «Zu, amatxi, frantsesez?». Badakizu zer erantzun zidan? «Bada, ez dakit, ori! Berak ere errazago duke frantsesez euskaraz baino». «Errazago, amatxi? Nik erranen dizut zergatik den errazago? Hala utzi baitituzue! Ez dut sekula entzun, egiazko familia euskaldun batean, euskara nekeago dela frantsesa baino». Hori mundiala da! Bakoitzaren hizkuntza ez da nekeago. Baina amatxi hark, kontzientzia hori ez zuelarik, euskara jadanik baztertua zuen. Hori da gure kasu malurusa.

Euskarak errekurtso aski eskaintzen ote die gazteei?

Euskara ez delarik mintzatua, ez da gehiago euskara ere.

Nork eman behar ditu errekurtso horiek? Nork garatu behar du plazako euskara?

Guk, kulturaren alde ari garen guztiok, alor askotan (idazkeran, dantzan, kantuan…). Ez dugu elkar aski aditzen. Noiz egiten ditugu elkarren arteko bilkurak? Sekula ez! Denen bilgune bat ukan behar dugu.

Euskaltzaindiak zer egiteko du horretan?

Euskaltzaindiak ez du erabakitzen nola behar den. Denena biltzen du. Hala ere, Euskaltzaindiak laguntza handia ekar dezake. Euskaltzaindian direnek maila bat badute. Baina sobera hartuak dira. Gero, Euskaltzaindia zahartzen ari da. Badu berritzeko beharra. Gu ari gara, Iparraldekoak, bertzeak baino gehiago, Euskaltzaindia laiko bihurtzen.

Euskaltzaindiak arauak finkatzen ditu. Lerroz lerro errespetatu behar dira ala askatasun bat komeni da?

Euskaltzaindiak ez ditu erabakiak aitzinetik hartzen. Hala ere, bide batzuk behar baitira, eta ikastolek-eta galdegiten baitizkigute, orduan hilabeteen izenak, asteko egunen izenak eta holako gauza sinple batzuk dekretuz bezala eginak ditugu. Ez dira sartzen horiek ere! Hala ere, erakunde bat badelarik, hark hartzen dituen erabakiak onartzen ikasi beharko dugu.

Nola egin behar da batuaren eta euskalkien arteko oreka?

Euskaltzaindia anitz lagundu zuen Euskarazaintzak. Haiek zioten euskararen batzea euskararen pobretzea zela. Herrietako euskaran dira aberastasunak, esapideak… Euskaltzaindiak lehenbiziko urteetan ulertu behar izan zuen bi bide badirela baitezpadakoak, eta Euskaltzaindiak biak landu behar dituela. Erran nahi baita herri euskararen bidea eta batuarena.

Bertsolaritza sustatzen lan franko egina duzu. Zer gogoeta egiten duzu bertsolari gazteak heldu direla ikustean?

Igande arratsaldeetan, ahoa zabalik egoten naiz bertsolariei begira, telebista aitzinean. Nongo kulturetan duzu bertsolaritzari eta orain bertsolaritzak duen mailari konpara dezakezun herri kulturarik? Lehen ez nuen sineste handirik bertso eskoletan. Baina bertso eskolak, haurrentzat, izugarriko irakaskuntza dira. Harritu naiz nola ideia baten gainean, hitz baten gainean zer ateratzen duten. Urrun gara Xalbadorrengandik. Herri kultura ere ez dugu galdu behar. Orain ideietan beretan aritzen ahal dira. Gure bertsolariak intelektualak dira. Baina kontuz! Ez ditugu intelektualizatu behar bakarrik. Oraingo bertsolaritzak esperantza ematen dit.

Herri kultura ez galtzeko abisatu duzu. Zer aldatu da Xalbadorren garaitik gaur egunera?

Bizia aldatzen ari da. Nahi ala ez, biziak ekarriko gaitu mintzatzeko molde desberdinera. Teknikak, ideiak, mintzatzeko manerak, abstrakzio gehiago… Horiek aldatuz joanen dira. Poesia naturari lotu dugu. Ez dakigu zer izanen den geroko poesia. Laborariek industriako teknikariek baino barnatasun handiagoa bazuten gure denboran. Ez dugu natura galdu behar. Ideiekin pentsatzeko molde berri bat jinen da, baita poesia berri bat ere.

Emile Larre: euskara zuzenaren zaindari

ekaina 4th, 2015

(Emile Larreren heriotzaren harira idatziriko gogoeta, Berria-n)

Irratiko langileek gogoan izanen dituzte Emile Larreren kronikak edo telefono deiak. Euskara zuzen erabiltzeko gomendioak ematen zituen, eta egiten ziren hutsak zuzentzen. Ez zituzten denek beti ongi hartzen Larreren kritikak: batzuen arabera, txalotzekoa zen jendeak euskaraz mintzatzeko egiten zuen indarra, eta kritiken arriskua zen hutsak egiten zituen jendea nekatzea eta frantsesera lerratzea.

Bizkitartean, hedabideen funtzioa, hitzak dioen bezala, hedatzea da. Erantzukizun handia daukate horretan; euskara zuzena zabaldu behar dute, eta hutsak saihestu, huts horiek herritarren ahotik errepikatzen baitira, gero, oharkabean. Errotik bizi eta maite zuen euskara Emile Larrek, eta barnetik ateratzen zitzaion kezka zintzoak bultzatzen zuen euskara zuzenaren alde aritzera.

Halaber, euskararenganako griña izan zuen gidari, Herria astekariko zuzendari izan zenean, ia berrogei urtez. Piarres Lafittek astekariaren zuzendaritza hartzea proposatu zionean, duda handiak izan zituen, eta ezezko erantzuna eman zuen. Lafittek, penaturik, ulertarazi zion zaharrek ahal zuten heinean segituko zutela, astekaria desagertu artean. Hark inarrosi zuen eta biharamunean berean onartu zuen zuzendari ardura hartzea. Eten hura gertatu ez zelako, Eskualduna-k 1887an hasi zuen bideak aitzina segitzen du 2015ean, Herria-rekin.

Euskarazko prentsaren kate-begi funtsezkoa izateaz aparte, Herria astekaria euskara hutsera ekartzea zor zaio Larreri. Hasi zenean, kronika zenbait bazegoen frantsesez, baita iragarkiak ere. Larrek lan egin zuen horiek euskaratzeko. Eta baita euskara batua sartzeko ere. Irakurle anitzek ez zuten begi onez ikusi euskara batua, anitzentzat “euskara espainoldua” zelakoan. Halakorik ez zitzaiokeen lepora Herria-ri, Larreren eredua zelako euskara batuaren gramatika arauak errespetatzea, baina nafar-lapurtera, lapurtera eta zubereraren lexikoa erabiltzea. Ez zuen amore eman, eta berrogei urte geroago harro zegoen, jendeak ez zuelako gehiago halako kexarik izaten.

Hain zuzen, euskarak bi zutabe behar ditu, Larreren iritziz: “herri euskara” edo euskalkiak, aberastasun iturri gisa; eta euskara batua, arau-emaile gisa. Euskaltzain baigorriarraren testuak irakurriz ulertzen da oreka horrek nola funtzionatzen duen, eta euskara batuaren arauak zein lagungarriak diren euskaraz zuzen idazteko, baita euskalkitik abiatuta ere. Edo bestela errateko: zein zaila den euskalkian zuzen idaztea, Euskaltzaindiaren arauetan oinarritu gabe. Larreren artikuluekin ohartzen da euskara batuan idatz daitekeela, Ipar Euskal Herriko herritar batentzat arrotz izan gabe. Eta Herria-ren arabasoen testuetan ageri da, XIX. mende bukaerako nafar-lapurtera zein hurbil zegoen gaur egungo euskara batutik.

Batua arbuiatzen dutenek, maiz, euskara bera dute arbuiatzen. Bihotzean min hartzen zuen Larrek, amatxi bat haurrari frantsesez mintzo entzuten zuenean, erranez haurrarentzat errazago zela frantsesa. Hauxe zioen: “Euskal Herri barnealdean badira errotik euskaldunak diren eskualdeak, baina ez da motibaziorik. Nola mintzo dira elkarren artean? Euskaraz, baina euskaraz zergatik ari diren jakin gabe. Euskaraz ari direnek berek erraten dute «euskarak ez du balio!». Harrotasun eskas izugarria dugu. Baitezpadakoa litzatekeena. Holakoak, hiltzen ari den herri baten seinale dira. Zeure buruaren nortasuna eta estimua galduak dituzularik, ez da gehiago gizonik. Haizeak nahi duen lekura eramanen zaitu”. Emile Larrek bazekien, bai, euskarak balio duela, eta balio handia duela; eta euskara batuak balio handia ematen diola ere argi zuen.

Zuk ingelesez, guk zergatik ez?

otsaila 5th, 2015

Kanpoko sorkuntzatik ere edan du euskal kulturak. Inspirazio iturri izan dira, adibidez, Ingalaterrako eta AEBetako folka, rock-a edota punk-a. Baina, hamarkada anitzetan zehar, euskal artistek erakutsi dute euskaraz kanta daitekeela genero horietan, ez dela ingelesera jo beharrik. Joera berri bat ageri da, ordea, azken urteetan, musikari gazteen artean: gero eta gehiagok ingelesez kantatzeko hautua egin dute.

Hari mutur asko eskaintzen ditu Ion Andoni Del Amoren doktore tesi interesgarriak. Besteak beste, ingelesez kantatzearen kontu hori ere aipatzen du. Ingelesa lehenesten duen talde batek aipatu dio bere ikusmoldea: euskarazko hitzak idatziz, askoz “biluziago” sentitzen omen da, eta ingelesez kantatzean ez omen zaio iruditzen bere buruaz ari dela. Beste batzuek diote errazago zaiela ingelesezko kantuak idaztea, silaba gutxiagoko hitzak dauzkalako, euskararekin konparatuz. Halaber, hainbatek aipatu dituzte euskal musikaren “ajeak”: euskarazko kantuek maila literario jasoa behar omen dute beti; eta baita mezu politikoa ere (nahiz eta leloak musikatzera mugatu, zenbaitek diotenaren arabera). Non bukatzen da egia? Non hasten dira topikoak? Argi dagoena da gogoeta sakon anitz eta hausnarketarako gaia eskaintzen duela lan horrek.

Aldi berean, euskal musikaren presentzia anitz apaldu da irratietan eta, bereziki, tabernetan. Jendeak “ongi pasa” nahi omen du, eta “ongi pasatzeko” biderik ez bide du eskaintzen euskarazko musikak. Eta horrela zabaldu da reggaeton estiloa, Karidadeko Benta taldearen Belaunaldia kantuak bikainki azaltzen duen bilakaeraren sinbolo gisa. Eta musika horrekin, bereziki espainola da gure artean nagusitzen den hizkuntza. Berriz ere.

Ingelesezkoek prestigio gehiago ematen dutelakoan eta espainolezkoak alaiagoak direlakoan, euskara bi hizkuntza hegemonikoren biktima da. Oraino ere. Europa iparraldeko estatuak ere kezkatzen hasiak dira, gero eta zailagoa delako bertako hizkuntzetan kantatzen duten taldeak aurkitzea. Euskal Herria ez da horretara heldu, oraino. Baina ez dirudi bide onetik dabilenik.

Bakoitza libre da nahi duen hizkuntzan kantatzeko, eta nahi duen musika entzuteko. Bistan da. Baina hizkuntza horiek, diren bi horiek direlako, euskararentzat mehatxu bihur daitezke, laster. Ingelesa ez da euskararen zuzeneko mehatxua, baina Euskal Herrian ez ditu hainbeste espainola eta frantsesa ahultzen, bai, ordea, euskara, jadanik minorizatua delako.

Gertatzen dena da, Del Amoren tesian agertzen den bezala, anitzentzat gatazka “bukatua” dela eta beraz, euskaraz eta politikaz kantatzeko edo entzuteko “behar” edo “presio” hori ere desagertu dela. Halaber, euskara – Gipuzkoan eta Bizkaian bereziki – normalizatu da: ofiziala da, ez da aldarrikatzeko beharrik sentitzen… Ikastolako hizkuntza da, baina ez lagun-artekoa, ez dibertitzekoa, ez kultura kontsumitzekoa…

Euskara baztertu duten euskaldun horiei leporatu behar ote zaie? Berriz ere solas zaharra dator gurera: zibilizatua izan nahi bazen, euskara ukatu behar zen, frantsesaren edo espainolaren mesedetan. Orain ere ez ote gara antzeko zerbait bizitzen ari, euskal kultura gutxietsiz eta ingelesa goratuz, espainola eta frantsesa entzuten ditugun bitartean?

Gure kulturak ez du besteenak baino gutxiago balio. Zabaltzeko baliabide gutxiago dauzka. Hori da arazoa. Boterea ez dauka herri honek; estatuek eta multinazionalek daukate.

Horregatik da zapaldua gure hizkuntza, eta oraino ere sinetsarazten digute ez digula balio mundu honetan zerbait lortzeko.

Berria-n argitaratua

Euskal liburu digitalak

otsaila 5th, 2015

Liburu elektronikoak merkatuan zabaltzen hasi zirenean, pentsatzen zen etorkizun hurbilean nagusituko zela formatu digitala. Liburu elektronikoen merkatua hazi bada ere, azken urtean hazkundea moteldu da. Hala ere, gero eta jende gehiagoren eskuetan ikusten dira halako gailuak, eta ez bakarrik (edo ez bereziki) teknologia berrien zale itsuen artean.

Papereko liburuak badu bere xarma, bereziki edizio lan txukuna baldin bada. Liburu dendak eta liburutegiak mundu askotarako ateak dira, gauzak ikasteko, amesteko… Nola oparitu, ordea, liburu digital bat? Objektu materiala produktu birtual bihurtzen denean, gauza txiki bezain garrantzitsu horiek aldatzen dira. Baina irakurgailu elektronikoa deskubritu duten anitz arras gustura daude tresna horrekin, besteak beste eskuetan atxikitzeko arinagoa delako.

Euskaldunak ere badira irakurgailu digitalen jabeen artean: are gehiago, kontuan hartuta tabletek eta smartphonek (ia irakurgailu baten heinekoak dira, oraingoak) ere liburu digitalak irakurtzeko aukera eskaintzen dutela. Papera ez da (epe ertainean) desagertuko, hain segur, baina digitaleranzko joera hau ez da geldituko.

Irakurgailu digitalek gailu guztien merkatu guztiaren zati oso txikia betetzen dute. Zein dira, ordea, irakurleen ohiturak? Tabletak edota telefonoak dituztenek tresna horiek erabiltzen dituzte liburuak irakurtzeko? Edo beste zerbaiterako? Liburuak irakurtzeko ohitura dutenek tablet edo telefonoetara jotzen dute? Ala nahiago dute liburu elektronikoak irakurtzeko tresna berezitua?

Gailu horiek anitz erraztu dute liburuak eskuratzea, legezko bideetatik nahiz sarean zabaltzen diren kopietatik. Nahi adina liburu bil daiteke klik bakarrean. Horren inguruko iritzi eta eztabaidatik harago, ezin da errealitate hori ukatu. Eta ezin da ukatu, halaber, liburu horiek, gehienetan, ez direla euskaraz. Horren ondorioz, euskaraz irakur lezakeen jendeak aise jotzen du beste hizkuntzetara, eta gero eta gutxiago irakurtzen ditu euskarazkoak.

Arazoa larriagotzen du euskal argitaletxeek liburu elektronikoei begira egin duten hautuak. Batzuek era errazean eskaintzen dute aukera gailu guztietarako formatuetako liburuak deskargatzeko, nahiko merke. Beste batzuek, ordea, ez dute ematen gailu guztietarako aukera; eta merkatuan franko zabalduak diren irakurgailu zenbait dutenek ezin dituzte irakurri argitaletxe horien liburu digitalak, erosi badituzte ere.

Aterabide teknikoak baleudeke, baina euskal argitaletxeek DRM giltzarrapoa erabiltzea erabaki dute. DRMk galarazten du ale digitalaren kopiak egitea eta zabaltzea. Baina liburu digitala erosi duenari galarazten diote (edo ikaragarri zailtzen) nahi duen irakurgailura egokitzeko aukera. Doako kopiak saihesten dira, baina liburu digitalen irakurleek euskara utzi eta frantsesez edo espainolez irakurtzeko ohitura handiagoa hartuko dute.

DRMa kenduz, beharbada euskarazko liburuak doan deskargatzeko bideak zabalduko lirateke; egia da. Baina, benetan, zenbat euskal irakurlek egingo lioke uko ordaintzeari, are gehiago, prezio politika egokia pentsatzen bada? Kasu guztietan, gutxienez, euskaraz gehiago irakurtzeko aukerak handituko lirateke.

Liburuen merkatua ez da irauli, baina irauli ez izanak ez du erran nahi ez dela hobeki prestatu behar gertatzen diren aldeketetara. Eskaintza tekniko egokiak pentsatu behar dira, eroslerik ez galtzeko. Prezioen eta eskaintza berezien inguruan ere gogoetatu behar da, irakurleak euskarazko liburuak erostera animatzeko.

Berria-n argitaratua

Aire ahizpak eta Mikel Markez, Xaian

otsaila 5th, 2015

Aire ahizpek eta Mikel Markezek kontzertu bat eman zuten 2014ko martxoan, Urruñako Xaia ostatuan. Horra zenbait kantu:

Euskal Herri Poeta

Eñaut Etxamendiren kantu sakon eta ederraren bertsio hunkigarri bat eskaini zuten kantaldiaren hastapenean.

Martxa baten lehen notak

Mikel Laboaren ahotik ezagun egin ziren Joxean Artzeren hitzak.

Hiri hartan izan zen

Mikel Markezek Aire ahizpekin kantatu zuen bere kantuetariko bat.

John zaharra

Kantaldiaren bukatzeko, denen artean kantatu zuten, Markezen kantu ezagunenetariko bat.

Tresna-barrara saltatu