Archive for the ‘Sailkatu gabea’ category

Oskorri, ez agurrik

ekaina 16th, 2015

Oskorrik iragarri duen berriak badu zerbait pozgarria: aspaldiko partez plazan berriz ikusiko ditugula, eta hain segur gure oroitzapenean geldituko diren kontzertuak izanen direla. Badu zerbait tristea: azken kontzertuak izanen direla. Badu zerbait tristeagoa: agur errateko erabakia hartu dutela azken urteetan plazarako galderik izan ez dutelako. Gogoetarako bidea ematen dute Mikel Markez edota Txuma Murugarrenek:

Gure herria ez baldin bada herri gisa Oskorri bezalako talde bat mantentzeko gai “badakit modu oso sinplean esanda dagoela”, ez baldin bada bere ikono kulturalak errespetuarekin zaintzeko gauza, herri honek, garbi esanda, ez du ezertarako balio. Egingo dugu borroka beste atal batzuetan, baina ez gara sekula herri izango. Honek erakusten du, berriz ere, ez garela herri. Pertsona baten osasuna bezalakoa da. Ezin duzu esan osasuntsu zaudela deneko minak baldin badauzkazu. Hau min bat gehiago da. Arrazoia baldin bada ez dagoela emanaldirik, horrek emango luke gure herriaren termometroa, sinpleki. (Mikel Markez)

Egia da urteak joaten direla, talde batzuek beren kabuz erabakitzen dutela ibilbide bati amaiera ematea (maiz beste bat hasteko)… Oskorrik ez zuen gelditzeko asmorik, baina egoerak eraman du horretara, itxura guztien arabera. Pena da gure kulturaren ikono batek agur erran behar izatea, gisa horretan.

Haur eta gazte denborako doinuak datozkit gogora, Oskorrik presentzia handia izan baitzuen etxeko biniloen artean eta kantaldietan. Ikastolen edo AEKren aldeko kantaldiak datozkit gogora, AEKantuz, herrietako bestetako emanaldiak… Kantu andana bat, musika alaiak, balada eztiak, kantaldi bikainak, disko landuak… Oraino ere plazer handiz entzuten ditudanak. Kantu gustukoenen zerrenda bat egitekotan, hauek azpimarratuko nituzke:

  • Nafarroa
  • Tirauki
  • Kyrie Eleison
  • Arin Bero
  • Furra-Furra
  • Ostatuko Neskatxaren Koplak
  • Kattalin
  • Violetaren martxa
  • Kalera noa ihesi
  • Korrika
  • Itsasotik ilargira
  • Euskal Herriak euskaraz
  • Sautrela
  • Haurrak
  • Aita-semeak
  • Gaztelugatxe

eta beste franko…

Euskal Herri osoari beti leial, disko berria aurkezten zutenean, hiriburu guztietatik pasatzen ziren. Eta orain ere azken agurraren itzulian ez dituzte huts eginen. Dudarik ez, Lauga aretoan emanen duten kontzertua ederra izanen dela, duela 30 bat urteko kontzertu ahantzezin baten gisan. Euskal kulturarekiko harreman estuarekin hazi eta hezi ginen, eta Oskorri zen horren ikurretariko bat, eta baita ere euskal kultura eta kantagintzara lotu gintuen ezinbesteko eragile bat.

 

Gerrarako prestu, herria frantsestu

azaroa 19th, 2014

Horra hemen, #txiotesia2 ekimenerako egin nituen sei txioak: “Lehen Mundu Gerra Eskualduna astekarian” tesia laburbildu nahi dute sei kopla horiek.

1.
Alemanen aurka herraz,
7.000 ale erraz
zabaltzen ziren euskaraz eta
zer idazten zuten gerraz?

2.
Orri ta berriak urri,
eta zentsura bihurri.
Kazetariak soldadu eta
erreportaje iturri.

3.
Alemana deabrua,
Ta Frantzia aingerua,
Idazle haiek argi zeukaten
Noren alde zen zerua.

4.
Desertoreentzat lotsa
Soldaduentzat poza
Idazten zuten frantsesa zela
Euskaldun onen bihotza.

5.
Frantses armada “gurea”,
Goraipatuz adorea,
“Herriarentzat” hiltzea baitzen
euskaldunen ohorea.

6.
Gerran ibilirik prestu
Frantzia zuten babestu
Eskualduna-tik eta euskaraz
Herria zuten frantsestu.

eskualduna1

Tresna-barrara saltatu