Posts Tagged ‘bake prozesua’

Bunkerrean ate-joka

ekaina 15th, 2015

Frantziako politika, gizarte eta kultura arloko pertsona ezagunek izenpetu dute Parisko adierazpena. Anitz dira Euskal Herriarekiko elkartasuna aspalditik adierazi dutenak, beste batzuk bere garaian pisu politiko handia izan zutenak, baina aspaldi “ohien” arlora igaro direnak, Pierre Joxe edo Michel Rocard bezala. Parisko konferentziak balio izan du euskal gatazka konpondu gabe dagoela oroitarazteko, gatazka horretan zerikusi zuzena duen estatuetariko baten bihotzean, Asanblea Nazionalean. Baina ez hemizikloan; baizik eta lurpeko hirugarren solairuan. Balio izan du prentsak arreta pixka bat jartzeko gaiari. Baina pixka bat bakarrik.

Ipar Euskal Herriko kolore politiko ia guztietako hautetsiek bezala, Frantziako intelektualek eta kazetariek ere nabarmendu dute Espainiaren jarrera itxia eta Frantziak ematen dion sostengua zentzugabeak direla, gatazka baten behin betiko konponbideari begira. Eta adierazpenak eskaera garbia egin die bai ETAri, bai Frantziako eta Espainiako gobernuei, desarmatzeari begira eta presoen egoera “malgutzeari” begira.

Eskaera ez da berria, eta Frantziako Gobernuak jadanik adierazi du ez duela jarrera aldatuko. Lurralde kolektibitatearen aldeko gehiengoari ere mespretxuz erantzun zion. Espainiak ez du egoera konpondu nahi, eszenifikatu nahi duelako ETA militarki garaitu duela. Mendekuak motibatzen du gehiago; eta, bereziki, Euskal Herria menpean eduki nahiak. Hori erakusteko modu argigarria da presoak etxetik ehunka kilometrotan atxikitzea.

Frantziak ez du interesik Espainiari aurka egiteko. Are gehiago, Espainiaren sostengua nahi du, Europan pisu gehiago edukitzeko, Alemaniaren aurrean. Frantziak beti jokatu du bere interes ekonomiko edo politiko orokorren arabera, euskal gatazkarekin. Espainia sostengatzetik etekinak ateratzen ditu. Hori ez da aldatu, eta Frantziarentzat garrantzitsuagoak dira bere interes horiek, Euskal Herriko egoera baino.

Are gehiago, Frantziak ez du nahi Europa mendebaldeko nazio txikirik hel dadin independentzia lortzera, ez eta ere autonomia gehiago lortzera. Euskal Herriaren kasuan are gutxiago, herri horren lur zati bat bere administrazio pean daukalako, eta hala mantendu nahi duelako. Nahiz eta desarmatzea eta presoen egoera konpontzea ez dauden erabat lotuta burujabetza prozesuarekin, nekez onartuko du Euskal Herriaren edozein aldarrikapeni bide ematea.

Zein izanen da hurrengo kapitulua? Aietekoaren antzera, beharbada ETAk bakarrik erantzunen dio Parisko adierazpenari. Baina arma guztiak Eliseoaren eta Moncloaren aitzinean utzita ere, Espainiak eta Frantziak beti erranen dute ez dela egia, ez dela nahikoa… Poliziak arma guztiak aurki balitza ere, beti erranen dute arma gehiago gelditzen dela, blokeo egoera luzatzeko.

Funtsean, denek badakite gertatu beharrekoa 2011ko urriaren 20an gertatu zela. Ez dago erakunde klandestino bat desegin dela eta arma guztiak itzuli dituela frogatzeko modurik, Jesus Egigurenek dioen moduan. IRA ez zen desegin, eta ez dakigu arma guztiak itzuli zituen; hala ere Erresuma Batuak ontzat eman zuen armagabetzea. Baina Irlandako prozesua eta Euskal Herrikoa desberdinak dira. Ez bakarrik Espainia ez delako Erresuma Batua: Lizarra-Garaziren etenaren edota Barajasko atentatuaren ondorioak ere aztertu behar dira ulertzeko 2011ko erabakia eta oraingo egoera katramilatua.

Heroiak ala biktimak?

azaroa 14th, 2014

Azaroaren 11 dator laster. Munduko gertakari tragikoenetariko bat gogora ekarriko dute. Horren harira, “abertzaletasuna” hitza darabil François Hollande Frantziako presidenteak, duela ehun urteko gertakariak oroitarazteko. Frantziako agintariek, oposizioak bezala, gaur egun oraino segitzen dute Lehen Mundu Gerran hildakoen goraipatzen, haien “abertzaletasuna, kemena eta garaipena” ohoratzen. Bigarren Mundu Gerratik landa egindako urratsak txalotzen dituzte gero, orain Frantzia eta Alemania “adiskide” direlako, hamarkadetan zehar etsai amorratuak izan ondoren. Beraz, XX. mende hasierako suntsiketa masiboen garaiak bukatu direlako poztu behar dugu.

Baina ez dute sekula dudan jarri sarraski haren beharra eta zilegitasuna, beti azpimarratzen baitute Frantziak zenbat zor dien 1914-1918ko hildakoei. Ez diete sekula barkamenik eskatu, ez hildakoen ahaideei, ez Europako beste herrialdeei, behar gabeko gerra batean sartzeagatik eta milioika heriotza eragin zituen gatazkako protagonista nagusi izateagatik. Alemanian apaltasun gehiagorekin ospatzen dute mendeurrena, mende osoan zehar irakatsi delako haiena zela gerra haren erantzukizun guztia.

Orain hasten da jakiten Errusiak Serbia laguntzeaz beste asmorik ere bazuela gerra hartan sartzeko: Itsaso Beltzetik barrena Mediterraneo Itsasorako sarbidearen gaiak asko kezkatzen zuen. Austria-Hungariaren eta Serbiaren arteko gatazkan esku hartzea – gerra bidez, batez ere – saihets zezakeen. Frantzia eta Erresuma Batua ere ez ziren aingeru batzuk. Frantziak ia mende erdia iragan zuen Alemaniaren aurkako herra elikatzen eta herritarrak psikologikoki eta fisikoki prestatzen gerra baterako.

Gaur egungo agintariak ez dira duela 100 eta 150 urte bitartekoen jarreraren erantzule, bistan da. Horrexegatik, kezkagarria da orduko jokamoldeen autokritikarik ez dezaten egin, mende bat iragan denean. Frantzia garaileen artean zen, bai, baina milioika lagun hil ondoren, Europa guztiz zatikatu ondoren, Bigarren Mundu Gerraren haziak erein ondoren…

Frantziak eta bere aliatuek guztiz umiliatu nahi izan zuten Alemania, ongi erakutsiz galtzaile hutsak zirela, eta gerra haiengatik gertatu zela. Baina ez dezatela pentsa haien garaipen militarraren ondorio izan zenik dena: une batez, Alemanian berean altxatu zen jendea gerraren aurka, Austria-Hungarian bezala. Eta hori erabakigarria izan zen. Frantziak eta Erresuma Batuak ezin dituzte ohore guztiak berenganatu.

Bigarren Mundu Gerraren ardura osoa ere Alemaniaren bizkar jarri ohi da. Baina halako izugarrikeriarik gertatuko ote zen, Lehen Mundu Gerraren bukaera beste era batera kudeatu balitz? Alemania duintasun gehiagoz tratatu balute? Bake iraunkor baterako bidea zabaldu balute? 1918an, enfrentamentu armatua bukatu zen; baina bakerik eta adiskidetzerik ez zen etorri Europara.

Ezin da parekatu Euskal Herriko gatazka Lehen Mundu Gerrarekin, bistan da. Baina gatazkaren bukaera kudeatzeko moduak badauka antzekotasunik 1918koarekin. Orduan, Alemaniari bakarrik eskatu zitzaion egindakoaren aitortza eta autokritika. Euskal Herriaren kasuan ere garaile gisa agertu nahi du Espainiak, eta 1918ko garaileen antzeko pentsamoldea erabiltzen du horretarako. Bide horrek, ordea, umiliazioa dakar. Eta umiliazioa ez da bakea, are gutxiago adiskidetzea.

Politikan eta kudeaketan dabiltzatenek ikasi behar lituzkete historiaren irakaspenak. Lehenago, han eta hemen egindako hautuak zein txarrak izan ziren ez ikustea eta ez aitortzea larria da; huts berak errepikatzea arduragabekeria.

Tresna-barrara saltatu