Posts Tagged ‘identitatea’

Identitateaz

otsaila 25th, 2016

Azken hilabeteetako eztabaida gai handi bat bihurtu da identitatearen gaia, Euskal Herrian, bereziki ezker abertzalean edo haren inguruan. Estrategiaz mintzo diren batzuek diote ez daitekeela independentziaren alde biderik egin, euskal nortasunaren ardatza erdigunean ezartzen bada. Euskal Herriko herritarren gehiengoa ez da euskalduna, eta haiek eta abertzaleak ez direnak independentziaren ideiara biltzeko ez omen du balio euskararen gaia azpimarratzeak. Horrek kontrako eragina luke: independentziaren aldeko sostengu berririk ez lortzea. Hori ulertarazten digute, bederen, zenbait pentsalarik.

“Izateari utz diezaiogun, izaten hasteko”, “euskaldunak bere buruaz beste egin behar du” diote batzuek, euskaltasuna erdigunean ezartzea oztopo delakoan. Independentziaren aldeko babesa %85ekoa izatea nahi badugu, hobeki bizitzearen aldeko argudioarekin lan egin behar omen dugu, eta ez identitate parametroetan.

Eztabaida horrek bazterrak harrotzen ari ditu, sakonean. Bere burua espainiar edo frantses sentitzen duen batek uko eginen ote die estatu horiei, “hobeki bizitzeko” menturan? Argudio aski sendoa ote da “hobeki bizitzearena”? Zein berme daukagu hori baieztatzeko? Jende horrek ez badu bat egiten euskararekin eta euskal identitatearekin, bizi hobetzat joko ote du Euskal Herri independente eta euskaldun batean bizitzea? Euskaraz ikasi behar izatea?

Azken urteetan, euskararen aldeko jarrera ahuldu da Euskal Herriko gizartearen baitan. Gero eta ozenago entzuten dira euskararen kontrako kritikak, besteak beste EGA azterketaren kontrakoak (zailegia omen da), lanpostu publikoetan euskara eskatzearen kontrakoak… Kanpotik heldu direnek euskara ikasi behar ote dute? Ala nahi badute bakarrik (kontuan hartuz erdara nahi ala ez ikasi behar dutela)? Anitz dira (euskaldunak barne) horrek hautazkoa izan behar duela diotenak.

Eta testuinguru horretan, faktore kezkagarria da abertzaleek berek euskararen inguruko postura malgutzea, diskurtso ustez ireki horren izenean. Horrek euskara oraino ahulago bihurtzea baizik ez dakar. Eta mugimendu abertzalean zatiketa sor dezake. Beharbada abertzale ez den jende gutik bat eginen du independentismoarekin, nahiz eta hizkuntzari buruzko jarrera leundu. Segur da, ordea, euskara funtsezkotzat daukatenak urrunduko direla euskarari garrantzia kentzearen aldeko diskurtsoa duten taldeetatik.

Euskal Herriko gizartea bitan zatitua da. Baina ezker abertzalearen inguruko pentsalari batzuen analisiak ez ditu azalpen onak ematen. Orain zabaltzen ari den bertsioaren arabera, zatiketa horren eta independentismoaren ahuleziaren arrazoia da abertzaleek espainolen/frantsesen eta euskaldunen arteko lehiatik planteatu dutela beren estrategia. Eta hori txarra izan dela, eta horrela pentsatzen segitzea txarra dela urrunago joan nahi bada. Hori izan omen da azken 50 urteetako estrategiaren akatsa.

Garbiki mintza gaitezen. Azken 50 urteetan zatiketa sendotu bada eta independentziak eta euskarak jendea bereganatzea ez badute lortu, ez da planteamendu horrengatik izan, baizik eta Euskal Herriaren askatasunaren izenean ehunka lagun erail direlako ia mende erdi batez. Ez da hori arrazoi bakarra, bistan da. Espainiaren eta Frantziaren zapalkuntza gogorra ere aipatu behar da, eta estatu horiek eskura dituzten baliabide izugarriak jendea espainolago edo frantsesago sentitzeko. Baina bakoitzak bere ardurak: aitzineko estrategiaren akatsa ez da izan identitatearen azpimarratzea. Eta estrategia haren irakurketa makurretatik abiatuz ezin da sortu herri hau askeago eta euskaldunago sortuko duen estrategia bat.

Independentzia eta ongizatea

otsaila 25th, 2016

Azkenaldian eztabaida eta gogoeta handiak daude Euskal Herriaren independentziaren arrazoien eta helburuen inguruan. Batzuen ustez identitatearen eta hizkuntzaren gaia kendu behar da independentziaren aldeko kanpainatik. Ez omen da jendea argudio horiekin konbentzituko, alderantziz baizik (konbentzituak direnak jadanik konbentzituak omen direnez, konbentzituak ez diren horiei begira mintzo dira, bistan da). Jendearengana heltzeko, ongizatea aipatu behar dela aldarrikatzen dute ozen, hainbat lagunek. Zertarako euskal estatu bat? Ongizatea lortzeko.
Arriskua dauka biak kontrajartzeak. Garbi da ez litzatekeela euskal estatu baten aldeko aldarrikapenik, oinarrian ez balitz zapaldutako identitate baten arazorik. Madrildarren edo paristarren identitate bera bagenu, estaturik ez genuke eskatuko, ez eta ere ongizate hobe baten izenean.

Hobeki biziko ginateke gure estatu propioa bagenu? Sozialki edo ekonomikoki, boterea gure eskutan izanez gero, dudarik gabe. Beti izanen da norbait, ordea, kontrako argudioak ekarriko lituzkeena: gehiago kostako zaigula bizimaila duina lortzea, Estatu handi baten “babesik” gabe nekez erantzunen diegula zenbait beharrei, energetikoki guztiz dependenteak izanen garela eta abar.

Espainiako ekonomia kinka larria jasaten ari den garai honetan, badirudi aiseago izan daitekeela jendeak Espainiatik bereizi nahi izatea. 2008tik hona, ordea, halako asmoa duen jenderik ez da anitz hauteman Euskal Herrian. Espainiako oraingo politikarekin ados ez direnek Podemosen alde egin dute, ez Espainiatik ateratzearen alde. Eta ekonomiaren zikloa aldatzen bada, eta Espainiaren egoera hobetzen bada, Espainiatik apartatzearen aldeko argudioak ahulagoak izan daitezke.

Hobeki bizi nahi izatearen argudioari erantzun gaiztoagoak eginen dizkion jendea badago, ongizatea lotuz eskuineko argudioekin, elkartasun faltarekin, aberastasunak partekatu nahi ez izatearekin… Europako (are gehiago, munduko) beste leku batzuekin konparatuz, ongizate hobea duten herriak baldin badira ere, Euskal Herriko ongizate maila hain apala ote da? Euskal Herrian berean, zenbait lekutan bederen, franko burgestuta bizi gara. Eta beharbada burgesia maila hori lortu izanak ahultzen du independentzia gogoa.

Haatik, Euskal Herrian ere desorekak badaude, lurraldeen artean edota eskualde batean berean. Euskal estatu batek bermatuko luke aberatsen eta pobreen arteko oreka bat? Bi edo hiru etxe dituzten herritarrek onartuko lukete zerga gehiago ordaintzea nekez bizi direnak hobeki bizitzeko? Hauteskundeetan gertatu berri denak ematen ditu pistak erantzun bat aurkitzeko.
Ongizatearen argudioak oinarri sendoagoak izan ditzake, hain zuzen, independentziaren aldeko jarrera ahulena dagoen lekuetan. Haatik, segitzen bada pentsatzen independentzia EAErako izanen litzatekeela, kasu horretan ongizatearen argudioak ez luke hainbeste balioko estatu horretatik kanpo geldituko liratekeen Erriberarako edo Zuberorako, adibidez.

Azkenik, zer da ongizatea? Maila ekonomiko duin batean bizitzea bakarrik? Ongizatea aipatzen duten batzuek eta besteek ez diote erran-nahi bera ematen hitzari. Ongizatea da ingurumenari hainbeste kalte egiten dioten azpiegitura handien erdian bizitzea? Hainbeste autobide, hainbeste hondakin, kalitate txarreko janaria, laneko baldintza estresagarriak… Bizi-maila ekologikoagoa duen herri bat izanen genuke, estatu bagina? Horretan ere, aski da ikustea urtez urte zein indar politiko nagusitzen den hauteskundeetan, eta zein den haren politika.

Historia eta oraina

maiatza 29th, 2015

Euskal Herriaren independentziaren aldeko aldarria bizirik dago 2015ean. Bistan denez, ez da hutsetik sortu den zerbait. Herri honetako herritar anitzek independentzia nahi dute, herri hau bizirik dagoelako, orain arte bizirik iraun duelako. Hilik edo suntsituak bageunde, Frantziak eta Espainiak guztiz asimilatu bagintuzte, 2015ean ez litzateke halako proiekturik egongo. Halaber, ez genuke euskal estatu bat sortzea aldarrikatuko, lurralde honetan ez balitz sekula euskaldunik izan. Fernandoren egiak dira. Baita hau ere: estatu izaten segitu bagenu ere ez genuke halako aldarrikapen baten beharrik.

Independentzia ausikika ausikika kendu ziguten; ausikirik handiena, baina ez azkena, 1512koa izan zen. Nafarroak bere estatua izan zuela erratea ez da XV. mendeko erregimen politikora itzuli nahi izatea, ez eta ere ondoko 500 urteetan deus ez dela gertatu erratea. Data batzuk baizik ez aipatzeagatik: 1789, 1914, 1936… Nazio orok garrantzia ematen dio bere historiari: Frantziako leku anitzek egiten diote ohore Luis XIV edo beste erregeren bati, baina horrek ez du kentzen frantziarrak errotik errepublikarrak direla.

Euskal Herriko historia Nafarroako erresumaren heriotzarekin bukatu ez zen bezala, ez zen erresuma haren sorrerarekin hasi. Garai batez estatu bat eduki izanak argudio sendo bat ematen digu. Baina, Erromatarren Inperioa erori ondoan sortu ziren erresumen artetik, Nafarroak ez balu lortu estatu bihurtzea? Hain segur anitzez ahulago helduko ginen XXI. mendera, baina bizirik egonez gero, estatu bihurtzea aldarrikatzeko zilegitasuna izango genuke, herri bat garenez geroz. Gure iragana, identitatea eta lurraldea ez bagenitu izango, gaur egun ez litzateke aipatuko ez independentziarik (ez al da gutxi aipatzen?), ez erabakitzeko eskubiderik.

Nahiz eta nehork ez duen dudan ezartzen historiaren eta identitatearen funtsezkotasuna, aski berria da, ordea, bi gai horiek kutxa batean itxirik mantendu nahia. Beren burua euskaldun sentitzen ez duten horiek uxatzeko beldurrez, ez omen da komeni argudio horiek gehiegi aipatzea. Jende berria erakartzeko, erakutsi behar dugu balizko euskal estatu batean Espainian edo Frantzian baino hobeki biziko ginatekeela, sozialki, ekonomikoki… Nehor ez dugu engainatuko: mundu guztiak badaki zein den oinarrizko arrazoia.

Euskal estatu proiektua ez da bakarrik hizkuntzaren eta lurraldearen arabera pentsatu behar, bistan denez. Ekonomia, zerbitzuak, energia eta beste hainbat arlo ere sakon landu behar dira. Haatik, bizi hobearen menturarekin eta identitatearen gaia baztertuz jende gehiago konbentzituko dela pentsatzea zilegi den bezala, zilegi da kalkulu horrekiko eszeptikoa izatea ere.

Badirudi, ordea, ez dela aski babesik ikusten independentziaren alde, eta horregatik diskurtsoa aldatu behar dela. Independentzia eskura ikusten zen 70eko hamarkadan. Helburua ez zen bete, eta ez da hurbil ikusten. Zer egin da, bada, gaizki, urte horietan guztietan, independentziaren aldeko indar harremana ez handitzeko?

Iazko udatik hona, batzuek diote gehiegi aipatzen dela identitatea, euskalgintzak gauzak ez dituela ongi egi(te)n… Identitatearen gaia izan al da, ordea, herritarren arteko amildegiaren faktorea? Irakurketa hori egiten da historia gaur hasi balitz bezala, iragan hurbila eta azken hamarkadetan egindakoak aipatu eta kontuan hartu gabe. Historia – urruna eta hurbila – alfonbra azpian sartzean, batzuen eta besteen erantzukizunen bila ibiltzerik ez legoke. Baina horrek dakar gaur egungo egoeraren interpretazio okerrak eta injustuak egitea. Ez dago historiarik gabeko naziorik. Ez dago orainik, iraganik gabe.

Nork ahal du?

otsaila 5th, 2015

Edozein bidetatik sartzen dira mahai bateko solasera. Baina ez bakarrik Espainian eta Euskal Herrian. Europako Batasuneko erakundeetako agintariak kezkaturik daude. Syrizarekin daukate lehen kezka: zer gertatuko ote da Grezian, ezker erradikalak irabazten baditu urtarrilaren 25eko hauteskundeak? Eta Syrizaren pare jarri dute Podemos. Europa iparraldea eskuin muturrak ikaratzen duen bezala, ezkerretik dator haize berria Europa hegoaldean. Jendeak aldaketa nahi bide du, betiko alderdi politikoek sinesgarritasuna galdu bide dute. Alderdi sozialistek zentrorantz egin duten bideak azal dezake, hein handi batez, bilakaera hori.

Baina Podemos-i ez zaio begi berekin begiratzen Bruselatik edo Euskal Herritik. Eta Euskal Herritik ere denek ez diote begi berekin so egiten. Hasteko, hainbat galdera daude airean: Podemos (Ahal Dugu) izan ote daiteke ezker abertzalearen aliatu bat? Zein izanen da Podemos-en jarrera Euskal Herriari begira? Batzuek itxaropenari atea zabalik utzi nahi diote; beste batzuek gogoan dituzte lehen ere Paristik eta Madrildik etorri izan diren aldaketa haizeen esperantza zapuztuak.

Euskal Herrian aspaldian ordezkaritza daukaten alderdi politikoak bezala, Podemos (Ahal Dugu) ere Espainiako alderdia da, alderdi nazionala, egunkari batzuek dakarten bezala. Ez da egia UMP, PS, Modem, PP, PSE eta PSN euskal alderdiak direla: batzuk frantses alderdiak dira eta besteak espainolak; Euskal Herrian adar bat daukate, Euskal Herria Frantziaren edo Espainiaren menpeko lurraldea izatea nahi dutelako. Podemos-ek ez luke euskal adarrik sortuko, pentsatzen balu Euskal Herria ez dela Espainiaren parte.

Jendeak aldaketa nahi duela nabari da; baina ez Espainian bakarrik. Eta Euskal Herrian ere, litekeena da. Baina Euskal Herriko politika eta alderdien mapa ez dira Espainiako berak. Eta zergatik behar da Podemos bat, aldaketarako? Euskal politikagintza anitz aldatu da azken lau urteetan. Bipartidismoaz aspertu da jendea Espainian, itxura guztien arabera; mugimendu abertzalean, multipartidismoak eta zatiketak nekatzen zuen jendea.

Podemos-ek PSE, PP eta UPN ahulduko omen ditu, gehienbat; baina baita EH Bildu ere. Batzuek ez dute sinesten boz anitz kenduko dionik ezker abertzaleari. Baina gazteen artean Podemos-ek tira handia dauka. Asmatu du komunikazioan, sare sozialetan, telebistan. Eta abertzaleen artean ere ikaragarriko presentzia daukate Barcenas, Gurtell, Ana Mato eta Espainiako gai orok, eta horrekin batera Podemos-ek.

Espainiaren ahuleziek eta irudi barregarriek emango omen diote indarra euskal independentismoari. Euskal Herriko Twitter erabiltzaileen jarioan toki handia dauka Espainiak, nahiz eta hartaz trufatzeko izan. Eta trufa horren sortzaileak dira espainiarrak berak ere, hain segur Podemos-en alde bozkatuko dutenak. Espainian, beste tokietan bezala, jende interesgarria ere badago. Baina Espainiakoak izanik, horien helburua izanen da Espainia hobe bat egitea, ez Espainia desegitea edo Espainiatik ateratzea (nora joanen dira PPren ustelkeria kasuez ahalke diren madrildarrak?). Ororen buru, Espainiari egiten zaizkion trufen fruituak biltzen dituztenak estatuen menpekotasuna iraunarazten dutenak dira.

Bestalde, estatuei hainbeste begiratzeak eragiten du Bidasoaren alde bateko eta besteko euskaldunek erreferentzia desberdinak izatea eta, ondorioz, elkar ulertzeko zailtasunak agertzea. Bi estatu desberdinekiko loturaren isla da, adibidez, Charlie Hebdo-ko sarraskiak mota ezberdineko emozioa eragin izana batean edo bestean.

Berria-n argitaratua

Tresna-barrara saltatu