Posts Tagged ‘lurralde kolektibitatea’

Zein bilakaera?

otsaila 25th, 2016

Solairu askotako antolaketa dauka administrazioak Frantzian. Ipar Euskal Herriak ezagupena eta egitura propioa falta ditu antolaketa horretan. Azken urteetako herri mugimenduen xedea izan da Pirinio Atlantikoetatik eta, batzuen kasuan, Akitaniatik bereiztea eta lurralde antolaketa autonomo bat eskatzea. Lurralde kolektibitatea delakoak bere baitan izanen zuen ezagupen hori, hainbat eskumen eta botererekin batera.

Frantziako Gobernuak eskaera horri ezezko garbia eman ondoren, Pirinio Atlantikoetako Prefetak hainbat aukera utzi ditu mahai gainean, Ipar Euskal Herriko hautetsiek erabaki dezaten. Herri elkargoak nola antolatuko diren erabaki behar da orain. Frantziako lurralde antolaketaren bilakaeraren harira, erabaki hori hartu behar izanen zen, bestela ere. Ipar Euskal Herriko lurralde kolektibitatearen ideiak aurrera egin ala ez, mankomunitateen egitura aldatuko zen eta horri buruz erabaki beharko zen.

Mankomunitate bakarraren aldeko kanpaina darama Batera plataformak, eta ez dute horren aldeko hautua egin kostaldeko hirietako alkateek (Baionakoak salbu). Ororen buru, Prefetaren joko arauak onartu dira. Nahiz eta herritarrek ezin izanen duten zuzenean erabaki, hautetsien bidez erabakiko da zeharka. Mankomunitate bakarraren aukera ez bada nagusitzen, Frantziak erranen du orain ez dela kexatu behar, hori izan delako “erabaki duzuena”. Alderantziz, mankomunitatearen aukera nagusitzen bada, Frantziak berretsiko du hori izan dela hautetsien gehiengoak onartu duen egitura, bere muga guztiekin. Ez luke ulertuko erratea hori ez dela Ipar Euskal Herriak eskatzen duena.

Mugak aipatuta ere, azken finean, aukera historiko gisa aurkeztu da mankomunitate bakarraren ideia, azken hilabeteetan. Eskumenen eta boterearen gaia, aurrekontuarena eta gobernantzarena ez dira batere argi. Ipar Euskal Herriak segituko du Pirinio Atlantikoen eta Akitaniaren parte izaten. Solairu asko dituen antolaketak solairu bat gehiago izanen du, beraz. Eta ez du konponduko gutxiengo autonomia baten egarria.

Haatik, litekeena da azken urteetan lurralde kolektibitatearen alde mobilizatu diren hainbat hautetsi eta eragile sozioekonomiko konforme gelditzea egitura horrekin. Are gehiago egitura horren bilakaeraren baitan jartzen diren esperantzak ikusirik. Zein izanen dira benetako aukerak egitura horretatik erakunde autonomo bat sortzeko? Frantziak utziko al dio biderik? Eta hautetsiek berek zenbateko motibazioa izanen dute urrunago joateko eta indar-harreman bat hasteko, eskumen eta botere gehiagoren alde?

Zer gertatuko zatekeen, aldiz, Prefetaren proposamenari uko egin balitzaio? Batetik, hartuko zuen erabakia inposaketa bezala biziko zatekeen, eta beraz ez zukeen zilegitasunik herritarren eta hautetsien begietan. Zilegitasun aitortza hori gabe, autonomia faltak beste erreakzio bat piztuko zukeen: Frantziari eskatzea alferrik denez, Ipar Euskal Herriaren berezko ekintzailetasuna eta irudimena erabili, eta berezko erakundea sortu. Ikuspegi baikorra dutenek erranen dute mankomunitate bakar hori izanen dela autonomia horretarako abiapuntua. Ezkorrek erranen dute helmuga gisa biziko dutela askok, eta gutxienez hamarkada bat iraganen dela haren mugek sortuko duten frustrazioaz ohartu arte.

Hiri erkidegoaren ahulgunea agerian

otsaila 25th, 2016

Angelu, Miarritze, Bokale eta Bidarteko auzapezek hiri erkidego bakarraz gain beste aukera batzuk aztertzea eskatzeak sortu duen zalapartak agerian uzten du Prefetak egin zuen proposamenaren ahulezia eta maltzurkeria. Prefetak modu itsusian baztertu zuen gehiengoak adostu zuen proposamena, lurralde kolektibitatearena. Horren ordez, beste proposamen batzuk egin zituen, eta zenbait eztabaidaren ondotik, batzuen postura onartu zen, hala nola hiri erkidego bakarraren alde egitea.

Duela urte bateko istorioak dira. Orduan berean duda batzuk agertu zituzten hainbat lagunek: egitura hori ez zela gobernatzen ahal, eskumenen aldetik ez zituela bermatzen lurralde kolektibitatearenak, ez zitekeela hain erraz makurtu prefetaren eskaintza pozoitura… Eta orain, iragar zitekeen bezala, auzapez batzuek beren dudak agertu dituzte. Hain zuzen, hiri handienetakoei ez zaie bidezkoa iruditzen egitura horren antolaketa, eta gobernaezina dela uste dute. Anitzek ez badute onartu nahi ere, eta auzapez horien kontra oldartu badira ere, erreakzio hori logikoa da.

Jean-Jacques Lasserrek berriki Berria egunkarian erran duena ere kontuan hartzekoa da: “Ez da lurralde elkargotik hurbil. Lurralde elkargoak anitzez botere gehiago du zerga sistema eta eskumenen aldetik. Ez da egia erratea hirialde elkargoan eskumenak automatikoki bilduko direla”. Are gehiago, ez luke departamendua ordezkatuko: “Departamenduak bere eskumenak atxiki ditzan borrokatzen ari naiz. Eta atxikiko ditu. Ez da konkurrentziarik. Departamenduak sozial arloko eskumenak ditu. Herriarteko egiturak ez. Ez du nehoiz lortuko departamenduak daukan zerga sistema”.

Batera-k dio NOTRe legeak aurreikusten duela 2020rako aldatuko dela gobernatze modua. Eskumenen gaiarekin ere itxaropentsu daude batzuk. Frantzia ezagututa, eta Lasserrek berak aitortzen badu, sinesgarria ote da pentsatzea bilakaera hain positiboa izanen duela egitura horrek?

Adostasuna bazegoen Lurralde Kolektibitatearekin. Prefetak desadostasunaren hazia erein zuen, egin zituen proposamenekin. Estrategia berri batekin Lurralde Kolektibitatearen alde segitzeko ordez, proposamen horiek onartu dira, eta horrela desadostasuna landare bihurtu da, Ipar Euskal Herriaren ezagupen aukera ttipiena arriskuan ezarriz. Prefetak bere helburua lortu du.

Azken urtean batzuek kritikatu dute lurralde kolektibitatearen alde “tematzea”, bide hori agortua zela ulertarazi nahiz bezala. Eta beraz, onartu behar zen, eskatzen zena baino anitzez maila apalagoko eta dudako etorkizuna izanen zuen egitura bat. Orain, egitura hori bera arriskuan dagoenean, sekulakoa galduko bagenu bezala erreakzionatu da. Eskaera baten ezetzaren ondotik, eskaera apalagoarekin konformatzeak eragiten du eskaera apalago horren defendatzaile sutsu bihurtzea. Eta gero, proposamen oraino apalagoa baikortzat jotzea?

Beharbada alderantzizko bidea egin beharko litzateke. Lurralde Kolektibitatearen ezezkoaren aitzinean, indarrak biltzen hasi are proiektu ausartago bati begira: independentziaz mintzatzen hasiz batetik, eta gure erakundeak eraikiz bestetik. Garbi da Frantziatik ukapena baizik ez dela jinen, deblauki izan edo mozorroturik izan. Eta prefetaren prosamenari bidea irekitzea gure zapalkuntzan sakontzea da, gure herriaren etorkizuna Frantziako estatuak zedarritzen dituen aukeretara mugatzea. Hesi horietatik ez daiteke askatasunik etor. Zergatik ez hasi Euskal Herriaren independentziaren proiektuaz gogoetatzen, Ipar Euskal Herritik ere, eta Ipar Euskal Herriko herritarrei euskal estatua irudikarazten?

Orekaren balada

martxoa 9th, 2015

Politikan dabilenak ekilibrista lanak egin behar izaten ditu, maiz; bereziki akordio politikoa bilatu nahi denean. Adostasunak nekez eraikitzen dira, eta aise suntsi daitezke: aski da harrixka bat mugitzea, etxe guztia erortzeko. Errazagaoa da kalapita, bakoitza berean tinko egonez. Urte anitzetako elkarrizketen eta pazientziaren emaitza izan da azken urteetan Ipar Euskal Herrian izan den adostasuna, erakunde baten alde. Haize ufada gogor batek jo zuen, ordea, Paris aldetik, eta harrizko etxe hori azkarki inarrosi, Vallsen ezezko irmoaren eta Prefetaren proposamenen ondotik. Oreka galtzeko heinean egon da batasun zabal hori.

Orain egokitu da hiri erkidego edo herri elkargo handi horri baiezko erantzuna ematea, oreka ez hausteko; beti ere, Lurralde Kolektibitatearen helburua jomugan atxikiz. Bistan da, erabaki horrekin ez ziren uxatu nahi abertzaleak ez direnak. Baina orekak krak ez egitekotan beste muturrekoak ere goxatu nahi izan dira. Xede horrekin, batzuk hasi dira esplikatu nahiz hiri erkidego hori izan daitekeela biharko erakunde autonomoa. Batetik, departamenduak desagertzera doazelako, omen, nahiz eta Frantziako Senatuak berriz ere berretsi duen departamenduenganako atxikimendua. Bestetik, gutxietsiz Lurralde Kolektibitatean “tematzen” direnen jarrera.

Gauza bat da herri elkargoen antolaketari buruz erabaki bat hartzea, gai horretaz ere erabaki behar baitzen. Baina nekez sinetsaraz daiteke Frantzia jakobinoak Ipar Euskal Herriaren eskura utziko duela tresna bat, herri honi autonomia eman diezaiokeena epe luzera. Ezin uka eskura dauden tresna guztiak erabili behar direla, boterea lortzeko bidean. Haatik, Lurralde Kolektibitatearen alde manifestazioak egiteko garaia bukatu den bezala, garbiki erran behar da bere arriskuak dauzkala oreka baitezpada mantendu nahi izateak, bereziki prefetaren asmoetara egokitu behar bada.

Eguneroko dinamika politikoan sartua denak informazio guztiak eskura dauzka, oreka horren korapiloak ulertzeko, hautu bakoitza esplikatzeko. Politika urrunxeagotik segitzen duenak zailtasunak dauzka ñabardura guztiez ohartzeko, sukaldean gertatzen dena, gehienetan sukaldean gelditzen delako. Ez dauka horregatik interes gutxiago sukaldetik kanpo daudenen begiradak, eta aberasgarriak dira haien gogoetak egoera politikoaz, edota iritziak hautu politiko, taktiko edo estrategikoez, denen ikuspegiarekin aberasten eta aitzinatzen baita herri bat.

Bakoitza bere arloan ari da zerbaitetan, eta arlo eta toki bakoitzetik gauzak gisa batera edo bestera ikusten dira. Eta oreka zaintzea ez da bakarrik politika arloko oreka zaintzea, oreka politiko batek beste gisako desorekak sor ditzakeelako.

Azken hogei urteetako dinamika pragmatikoan, aitzinamenduak egin dira. Horietatik bat da Ipar Euskal Herriaren ezagupen instituzionalaren onarpen zabala. Baina dinamika hori bihurgune batera heldu da. Merezi du balorazio sakon bat egiteak, ikusteko ea, aitzinamenduez aparte, mugak eta gibelatzeak ere ez diren izan. 2015ean, frantses alderdiak hurbildu dira gehiago abertzaleen posturetara, ala frantsesek abertzaleak epelarazi dituzte gehiago? Zein norabidetan mugitu da soka?

Departamendu hauteskundeak aukera onak dira oreka batzuk hausteko (behin behinean bederen) eta beste batzuk sortzeko: ozen eta ahalkerik gabe adierazteko abertzaleen proiektua Euskal Herri batu eta independente bat lortzea dela. Eta bide horretarako estrategia ezin dela izan Frantziari eskatu eta eskatu ibiltzea, ororen buru nahi ez den hori onartzeko. Laborantza Ganberaren ereduari jarraiki, proposamen berritzaileen tenorea da. Eta sokaren bestaldekoek argi dezatela zenbateko lehentasuntzat daukaten Ipar Euskal Herriaren egituratze hori.

Batasunaren ahuleziak

azaroa 14th, 2014

Lurralde Kolektibitatearen aldarrikapenari ukaldi latza eman dio Prefetak, eta bete-betean jakin du nola jo proiektu horren aldeko gehiengo zabala: bere proposamenekin eta epe laburrekin, bazekien eztabaidak eta desadostasunak sortuko zirela. Eta hala gertatu da. Harrigarriena da prefetaren epeei men egitea onartu dutenen artean abertzaleak izatea, eta gainera, orain arte intransigenteenak ziren abertzaleak. Bat-batean horiek dira pragmatismoaren bandera atera dutenak!

Hiri erkidego bakarra onartzearen alde ematen dituzten argudioen artean bat da deus gabe geldi gaitezkeela, ez badugu prefetaren proposamen hori onartzen. Badira urteak entzuten dela argudio hau erregularki: hilabete hauek erabakigarriak dira, orain baliatu behar da aukera, bestela beste hamarkada batzuetan ez dugu besterik ukanen. Larria da prefetak ahoa ireki orduko onartzea haren proposamen eta epe mugatu bezain maltzurrak. Bai, lurralde kolektibitatearen aldekoek gehiago insistitu zezaketen; azken hitza ez zuen prefetak. Abertzaleek, bederen, indar bat egin behar zuten horri begira, lurralde kolektibitatearen aldeko kohesioa atxikitzeko ahaleginean. Sinestezina dena da kohesio hori hautsi duten lehenetarikoak abertzale batzuk izatea.

Iraganak erakutsi du ez dela egia hilabete hauek direla erabakigarriak eta gero ez dela beste aterik irekiko. Badira urteak horrela dabilela Frantzia. Gutxienez Raffarinen dezentralizazio erreformetatik hona, Frantziako Gobernuak erregularki ekartzen du lurralde erreforma bat mahai gainera. Aitzina ateratzen da… edo ez. Oraingoak ere zer etorkizun izanen du, Frantziako Senatuan izan diren aldaketen ondotik? Oraino urteak iraganen ditu Frantziak bere baitako aldaketen egiten.

Kezkagarriena da abertzale batzuek iradokitzea Batera-k ez zuela aski indar aldarrikapen horren inguruan, ez zuela herritarren babesik. Milaka laguneko manifestazioa ezin da horrela gutxietsi, ez eta ere urteetan zehar garatu diren hainbat mugimendu. Eta, kasu guztietan, kolore politiko guztietako arduradunen eta sektore sozioekonomiko guztietako jendearen babes hain zabala bera ere indar handiaren seinale da. Nork erran dezake aldarrikapen horrek ez zuela behar bezainbat indar? Ipar Euskal Herriko historian ez da izan beste aldarrikapenik hainbesteko atxikimenduarekin.

Bistan dena, galdera batzuei erantzun behar zaie, lurralde kolektibitatearen aldarrikapena hor egon ala ez. Herri elkargoen geroaz erabaki bat hartu behar da, legeak hala eskatzen duelako. Baina gauzak ez dira nahasi behar, batzuek egin duten bezala. Hiri erkidego bakarrari baiezko erantzuna ematea (hor ere eztabaida dago) ezin da izan onartzea lurralde kolektibotatearen ordezko tresna dela.

Egia da Lurralde Kolektibitatearen aldeko mugimenduak estrategia aldatu beharko duela, Laborantza Ganberaren aldekoak egin zuen bezala. Aldarrikapen sozial batek indarra eduki dezake memento bat arte, baina behin eta berriz ezezkoa ukan ondoan, gibelera egiten du. Beraz, beste bide batetik hauspotu behar da.

Egia da ere politika, etorkizunera begirakoa bereziki, ez dela zientzia zehatz bat: kalkuluak egiten dira, baina nehork ezin du segurtatu zuzen dabilela. Eztabaida sanoa da, berez, eta beharrezkoa da. Baina, alderdi abertzaleen arteko koalizioa, ustez, sendoa den garaian, alderdi politiko bateko ordezkariek publikoki hain garbi egiten dutenean hautu baten alde, zein da Euskal Herria Bai-ren funtzioa? Ez ote zuten lehenik adostu behar, gai horri buruz hartu beharreko jarreraz? Alderdi batek erabakitzen badu prefetari gisa batez erantzun behar zaiola, ez ditu kontuan hartzen bere koaliziokideak eta haien iritzia; ororen buru, itsasontzitik jaitsi baldin bada, lurralde kolektibitatearen aldeko mugimendua azkarki desegin duelako.

Tresna-barrara saltatu