Posts Tagged ‘Podemos’

Independentzia eta ongizatea

otsaila 25th, 2016

Azkenaldian eztabaida eta gogoeta handiak daude Euskal Herriaren independentziaren arrazoien eta helburuen inguruan. Batzuen ustez identitatearen eta hizkuntzaren gaia kendu behar da independentziaren aldeko kanpainatik. Ez omen da jendea argudio horiekin konbentzituko, alderantziz baizik (konbentzituak direnak jadanik konbentzituak omen direnez, konbentzituak ez diren horiei begira mintzo dira, bistan da). Jendearengana heltzeko, ongizatea aipatu behar dela aldarrikatzen dute ozen, hainbat lagunek. Zertarako euskal estatu bat? Ongizatea lortzeko.
Arriskua dauka biak kontrajartzeak. Garbi da ez litzatekeela euskal estatu baten aldeko aldarrikapenik, oinarrian ez balitz zapaldutako identitate baten arazorik. Madrildarren edo paristarren identitate bera bagenu, estaturik ez genuke eskatuko, ez eta ere ongizate hobe baten izenean.

Hobeki biziko ginateke gure estatu propioa bagenu? Sozialki edo ekonomikoki, boterea gure eskutan izanez gero, dudarik gabe. Beti izanen da norbait, ordea, kontrako argudioak ekarriko lituzkeena: gehiago kostako zaigula bizimaila duina lortzea, Estatu handi baten “babesik” gabe nekez erantzunen diegula zenbait beharrei, energetikoki guztiz dependenteak izanen garela eta abar.

Espainiako ekonomia kinka larria jasaten ari den garai honetan, badirudi aiseago izan daitekeela jendeak Espainiatik bereizi nahi izatea. 2008tik hona, ordea, halako asmoa duen jenderik ez da anitz hauteman Euskal Herrian. Espainiako oraingo politikarekin ados ez direnek Podemosen alde egin dute, ez Espainiatik ateratzearen alde. Eta ekonomiaren zikloa aldatzen bada, eta Espainiaren egoera hobetzen bada, Espainiatik apartatzearen aldeko argudioak ahulagoak izan daitezke.

Hobeki bizi nahi izatearen argudioari erantzun gaiztoagoak eginen dizkion jendea badago, ongizatea lotuz eskuineko argudioekin, elkartasun faltarekin, aberastasunak partekatu nahi ez izatearekin… Europako (are gehiago, munduko) beste leku batzuekin konparatuz, ongizate hobea duten herriak baldin badira ere, Euskal Herriko ongizate maila hain apala ote da? Euskal Herrian berean, zenbait lekutan bederen, franko burgestuta bizi gara. Eta beharbada burgesia maila hori lortu izanak ahultzen du independentzia gogoa.

Haatik, Euskal Herrian ere desorekak badaude, lurraldeen artean edota eskualde batean berean. Euskal estatu batek bermatuko luke aberatsen eta pobreen arteko oreka bat? Bi edo hiru etxe dituzten herritarrek onartuko lukete zerga gehiago ordaintzea nekez bizi direnak hobeki bizitzeko? Hauteskundeetan gertatu berri denak ematen ditu pistak erantzun bat aurkitzeko.
Ongizatearen argudioak oinarri sendoagoak izan ditzake, hain zuzen, independentziaren aldeko jarrera ahulena dagoen lekuetan. Haatik, segitzen bada pentsatzen independentzia EAErako izanen litzatekeela, kasu horretan ongizatearen argudioak ez luke hainbeste balioko estatu horretatik kanpo geldituko liratekeen Erriberarako edo Zuberorako, adibidez.

Azkenik, zer da ongizatea? Maila ekonomiko duin batean bizitzea bakarrik? Ongizatea aipatzen duten batzuek eta besteek ez diote erran-nahi bera ematen hitzari. Ongizatea da ingurumenari hainbeste kalte egiten dioten azpiegitura handien erdian bizitzea? Hainbeste autobide, hainbeste hondakin, kalitate txarreko janaria, laneko baldintza estresagarriak… Bizi-maila ekologikoagoa duen herri bat izanen genuke, estatu bagina? Horretan ere, aski da ikustea urtez urte zein indar politiko nagusitzen den hauteskundeetan, eta zein den haren politika.

Nork ahal du?

otsaila 5th, 2015

Edozein bidetatik sartzen dira mahai bateko solasera. Baina ez bakarrik Espainian eta Euskal Herrian. Europako Batasuneko erakundeetako agintariak kezkaturik daude. Syrizarekin daukate lehen kezka: zer gertatuko ote da Grezian, ezker erradikalak irabazten baditu urtarrilaren 25eko hauteskundeak? Eta Syrizaren pare jarri dute Podemos. Europa iparraldea eskuin muturrak ikaratzen duen bezala, ezkerretik dator haize berria Europa hegoaldean. Jendeak aldaketa nahi bide du, betiko alderdi politikoek sinesgarritasuna galdu bide dute. Alderdi sozialistek zentrorantz egin duten bideak azal dezake, hein handi batez, bilakaera hori.

Baina Podemos-i ez zaio begi berekin begiratzen Bruselatik edo Euskal Herritik. Eta Euskal Herritik ere denek ez diote begi berekin so egiten. Hasteko, hainbat galdera daude airean: Podemos (Ahal Dugu) izan ote daiteke ezker abertzalearen aliatu bat? Zein izanen da Podemos-en jarrera Euskal Herriari begira? Batzuek itxaropenari atea zabalik utzi nahi diote; beste batzuek gogoan dituzte lehen ere Paristik eta Madrildik etorri izan diren aldaketa haizeen esperantza zapuztuak.

Euskal Herrian aspaldian ordezkaritza daukaten alderdi politikoak bezala, Podemos (Ahal Dugu) ere Espainiako alderdia da, alderdi nazionala, egunkari batzuek dakarten bezala. Ez da egia UMP, PS, Modem, PP, PSE eta PSN euskal alderdiak direla: batzuk frantses alderdiak dira eta besteak espainolak; Euskal Herrian adar bat daukate, Euskal Herria Frantziaren edo Espainiaren menpeko lurraldea izatea nahi dutelako. Podemos-ek ez luke euskal adarrik sortuko, pentsatzen balu Euskal Herria ez dela Espainiaren parte.

Jendeak aldaketa nahi duela nabari da; baina ez Espainian bakarrik. Eta Euskal Herrian ere, litekeena da. Baina Euskal Herriko politika eta alderdien mapa ez dira Espainiako berak. Eta zergatik behar da Podemos bat, aldaketarako? Euskal politikagintza anitz aldatu da azken lau urteetan. Bipartidismoaz aspertu da jendea Espainian, itxura guztien arabera; mugimendu abertzalean, multipartidismoak eta zatiketak nekatzen zuen jendea.

Podemos-ek PSE, PP eta UPN ahulduko omen ditu, gehienbat; baina baita EH Bildu ere. Batzuek ez dute sinesten boz anitz kenduko dionik ezker abertzaleari. Baina gazteen artean Podemos-ek tira handia dauka. Asmatu du komunikazioan, sare sozialetan, telebistan. Eta abertzaleen artean ere ikaragarriko presentzia daukate Barcenas, Gurtell, Ana Mato eta Espainiako gai orok, eta horrekin batera Podemos-ek.

Espainiaren ahuleziek eta irudi barregarriek emango omen diote indarra euskal independentismoari. Euskal Herriko Twitter erabiltzaileen jarioan toki handia dauka Espainiak, nahiz eta hartaz trufatzeko izan. Eta trufa horren sortzaileak dira espainiarrak berak ere, hain segur Podemos-en alde bozkatuko dutenak. Espainian, beste tokietan bezala, jende interesgarria ere badago. Baina Espainiakoak izanik, horien helburua izanen da Espainia hobe bat egitea, ez Espainia desegitea edo Espainiatik ateratzea (nora joanen dira PPren ustelkeria kasuez ahalke diren madrildarrak?). Ororen buru, Espainiari egiten zaizkion trufen fruituak biltzen dituztenak estatuen menpekotasuna iraunarazten dutenak dira.

Bestalde, estatuei hainbeste begiratzeak eragiten du Bidasoaren alde bateko eta besteko euskaldunek erreferentzia desberdinak izatea eta, ondorioz, elkar ulertzeko zailtasunak agertzea. Bi estatu desberdinekiko loturaren isla da, adibidez, Charlie Hebdo-ko sarraskiak mota ezberdineko emozioa eragin izana batean edo bestean.

Berria-n argitaratua

Tresna-barrara saltatu